Páginas

jueves, 11 de febrero de 2010

GAIA: 3 DBH / Bihotz taupaden neurketa



Jarduera fisikoa modu egokiz burutzeko interesgarria izaten da bihotz taupaden erritmoa neurtzen jakitea. Besteak beste, neurketa honen bitartez ahalegin fisikoaren intentsitatea egokia den ala ez eta lan fisikoaren ondorengo berreskurapena egokia den ezagutu ditzakegu. Bi alderdi hauek kontrolatzea ezinbestekoa izaten da jarduera fisikoa modu egokiz antolatzeko.

Bihotz taupadak sumatzeko modu errazena eskua bihotz parean ipintzea litzateke baina arropak oztopo egiten du eta maiz ez dira taupadak ia antzematen. Arropaz estali gabe izaten ditugun gorputz zatietatik bihotz taupadak neurtzeko leku egokienak bi hauek dira: lepoan dagoen KAROTIDA arterian eta ESKUMUTURREAN.

Ez ezazue behatz lodia erabil neurketa egiterakoan. Erabil ezazue bere ondokoa, behatz erakuslea. Ipin ezazue eskumuturrean apurtxo bat presioa eginez. Neur ezazue minutu laurden batean bihotzak zenbat taupada egiten dituen eta bider lau egin, edo-eta minutu erdian zenbat eta bider bi egin. Horrela minutuko zenbat taupadetara dabilen jakingo duzue. Zenbaki horixe da bihotz taupadak neurtzeko erabiltzen dena.

Bihotz taupaden maiztasuna pertsona batetik bestera asko alda daiteke eta adinarekin ere bai. Oro har, atsedenean, minutuko 50 eta 100 taupada edukitzen dira, eta arruntena 60-80 artean edukitzea da. 50etik behera edukitzeari BRAKIKARDIA deritzaio eta 100etik gora TAKIKARDIA. Beti ere lasai gaudenean.

50etik behera edo 100etik gora izateak ez du esan nahi derrigorrean bihotzeko gaixotasuna dagoenik baina komenigarria litzateke medikuarengana joatea arrazoiak azter ditzan. Azterketak ia beti emaitza onak ematen ditu gaixotasunik edo lesiorik aurkitu gabe. Bihotz taupaden maiztasuna 50-100 tartetik kanpo daukatenak kasu bereziak, ezohikoak dira, altueran 1'90 metrotik gora edo 1'50etik behera neurtzen dutenena bezala. Ez dira kasu arruntak baina gaixoak ere ez (kasu bakar batzuk salbu).

Jarduera fisikoak badu eragina bihotz taupaden maiztasunean. Ariketa fisikoa maiz eta bortitza egiteak bihotza handitu eta sendotu (bere hormak loditu) egiten du. Gogora dezagun bihotza gihar bat besterik ez dela. Beraz, taupada bakoitzean bihotz handi eta sendoek bestelakoek baina odol kantitate handiagoa mugituko dute eta odol kantitate bera mugitzeko lehenengoek taupada gutxiago eman beharko dituzte. Horrexegatik kirolari profesionalek (erresistentzia kiroletakoak, batik bat), atsedenean oso taupada gutxi dituzte minutuko.

Azkenik esan badagoela goiko muga bihotz taupaden maiztasunarentzat. Bihotzak ez ditu 220 taupada baina gehiago egin behar minutuko, nahiz eta jarduera fisikoaren intentsitatea oso altua izan. Muga horretatik gora arriskua dator. Horregatik komeni da, hain zuzen, kirola egiteko taupada baxutako maiztasunak edukitzea, goi mugarainoko tartea handiagoa delako.

ARIKETAK

            1) Zeinek edukiko du, oro har, bihotz handiagoa brakikardia duenak edo takikardia duenak?    Zergatik?

            2) Noiz edukiko dugu bihotz taupaden maiztasun altuagoa lo egiterakoan edo etxeko eskailerak igotzerakoan?            Zergatik?

            3) Neur ezazu zure taupaden maiztasuna bai lepoan bai eskumuturrean eta idatzi. Berdinak izan behar al dute?                     Zergatik?

            4) Neur itzazu beste hiru kideren taupaden maiztasunak lepoan eta idatzi.

            5) Neur itzazu beste hiru kideren taupaden maiztasunak eskumuturrean eta idatzi.

No hay comentarios:

Publicar un comentario