Páginas

jueves, 11 de febrero de 2010

GAIA: 3 DBH / Irakasgaiaren antolakuntzarako oharrak


            1)- Klase garaian EZ DAGO JATERIK. Jateko garaia atsedenaldia da, guztiontzat. Gainera, gorputz ariketa egiteko giharrek odol gehiagoren beharra izaten dute, eta jaterakoan odola digestio aparatura joaten denez, janez gero ariketa fisikoa zaildu egiten da.

            2)- KIROL MATERIALA ETA INSTALAZIOAK zaindu behar ditugu denon artean, denonak baitira. Denboraren poderioz kirol materiala hausten bada ez da ezer ere gertatuko. Material berria aterako da eta kito. Baina kirol materialari tratu txarra nahita ematen dionak, edo propio zerbait hausten duenak, zigorra izango du eta horren ondorioz berria ekarri beharko du. Palak eta erraketak ez dira lurrean, horman edo beste inon alferrik jotzeko. Horretan harrapatua denak "saria" izango du.

            3)- KLASETARA DERRIGORREAN ETORRI BEHAR DA. Hortaz, inoiz edozein arrazoi dela medio ezin baduzue etorri edo klaseko eginbeharrekoak egin, aste egitaraua edo ziurtagiria ekarri beharko duzue, eta Gorputz Heziketako irakasleari erakutsiko diozue.

            4)- PUNTUALITATEA. Aurreko saioa bukatu bezain laster, etor zaitezte gimnasiora. Ez “galdu” bidean. Beranduegi etortzen denak ez du klasean sartzerik izango. Etorri, aldagelara joan eta aldatu. 5 minutu izango dituzue horretarako. Ondoren irten gimnasiora, irakasleak zerrenda pasako du eta eginbeharrekoak egingo ditugu. Saioa amaitu baino 15 minutu lehenago, dutxatu behar dutenek aldageletara joko dute. Besteek, berriz, ariketa fisikoa egiten jarraituko dute beste 10 minutuz, eta azken bostak izango dituzte aldatzeko.

            5)- TEORIA emango dugu. Beraz, ekar ezazue karpetaren bat emango zaizkizuen orriak, txostenak gordetzeko eta zerbait (arkatza edo boligrafoa) idatzi ahal izateko. Zergatik teoria?

            Batetik, legeak hala agintzen duelako. Legeak Gorputz Heziketan landu eta lortu behar diren ahalmen edo konpetentziak lortzeko jardueraz gain, praktikaz at, ikasi behar diren zenbait eduki teoriko edo kontzeptualak ikasi behar dira derrigorrean. Betiko "teoria", beste irakasgaietan ematen den bezalakoa, hain zuzen. Honen ondorioz eta, era berean, honen adibide, azken urteetan argitaratu diren Gorputz Hezkuntzako testu liburuek teoria dezente daukate.

            Bestetik, teoria beharrezkoa delako baita Gorputz Heziketan ere. Ez da nahikoa ariketa fisikoa egitea. Ikasi behar da, besteak beste, ariketa fisikoa modu egokiz egiten. Jakin behar da ariketak nola burutu behar diren, noiz egin behar diren eta zertarako egiten diren. Edozein moduz egindako ariketak onurak baino kalteak ekar ditzake. Astakeriek lesioak, agujetak, zaintiraketak, bihotzekoak, gihar hausturak, eta abar sor ditzakete. Baina ez hori bakarrik. Beroketak, entrenamenduak, indar ariketak, tenkadak nola egin behar diren ikasteaz gain, kirola eta osasuna arteko erlazioa, ariketa fisikorako elikadura egokiena, anatomia eta fisiologia ezagutza zenbait, gorputzeko atal desberdin bakoitza lantzeko egokiak diren ariketak, lesioen aurrean zer egin, kirol bakoitzaren arauak, teknikak, taktikak, lasaitzeko teknikak eta beste gauza asko ikasi behar ditugu. Gure jarduera fisikoaren "arrazoiak" (hots, teoria) ezagutu eta ikasi behar ditugu; zer, noiz, zergatik eta nola egin.

Eta hau ez da beste munduko gauza, gauzarik logikoena baizik. Autoak gidatzea, esate baterako, eginkizun praktikoa da guztiz, baina gidabaimena lortzeko teoriako azterketa ere izan badago. Ez da nahikoa gidatzen ikastea, jakin behar dira ere beste zenbait gauza; nola gidatu behar den, zirkulazio kodea, mekanika apurtxo bat eta abar. Perretxikoak biltzeko ere beharrezkoa da ezagutzea zeintzuk diren jangarriak, zeintzuk ez eta zeintzuk pozoitsuak.

Beste irakasgaietan berdin gertatzen da. Tailerreko eta laborategiko lanak erabat praktikoak dira baina aldez aurretik, praktika horiek gidatzen dituzten teoriak ikasi behar dira Fisika-Kimika, Biologia, Natur Zientziak eta Teknologia irakasgaietan. Historia eta Arte Ederretako irakasgaietan ere leku, eraikuntza edo aztarnak ikustera joan aurretik (hots, praktika) klaseetan gertakizun eta kokapen historikoak eta ezaugarriak ikasten dira ikusiko dena ulertzeko.

Jakin badakigu, orain arte, ez dela Gorputz Hezkuntzan teoria emateko ohitura handiegirik izan, baina ikastetxe gehienetan gertatzen ari den moduan, gu ere oker hori zuzentzen ahaleginduko gara.

Azkenik, puntu honekin bukatzeko, eskatuko zaizkizuen teoriako lanak osatzen dituzten orriak ongi lotuta eman beharko dituzuela jakinaren gainean jartzen zaituztet. Horretarako nahikoa da lana osatzen duten orri guztiak elkarren artean grapatzea, esate baterako. Baina ez dira onartuko “klip” batez elkartuta badaude honela orriren bat galtzerik dago-eta.


No hay comentarios:

Publicar un comentario