Páginas

miércoles, 10 de febrero de 2010

GAIA: 4DBH / Jarduera fisikoak naturan



KONTZEPTUA

Jarduera fisikoak ingurune desberdinetan egin daitezke: hirian, mendian, hondartzan, itsasoan, ibaian, kirol-instalazioetan eta abar. Gehienetan hirietan egin ohi ditugu; bertako kiroldegietan, igerilekuetan, gimnasioetan eta kaleetan (korrika, adibidez). Baina hirietatik kanpo, naturaren baitan, badago jarduera fisikoa egiterik (mendian paseatu, hondartzan bainatu, eskiatu, mendi-txirrinaz ibili eta abar luzea). Azken urteetan joera hau indartuz doa.

Naturan egoteak, berarekin harremanetan jartzeak dakartzan osasun sendotze eta atsegintasunaz gain, aldi berean, ariketa fisikoa modu egokiz egiten badugu azken honen eragin positiboa hasierakoari gehituko diogu. Natur ingurunean jarduera fisikoan jardun den edonork bizi izan du zein atsegina eta osasungarria den jarduera hori.

Hitz hauen bitartez animatu nahi zaizue naturan jarduera fisikoak burutzera. Proba ezazue zein gozamena diren. Guztientzako moduko jarduera fisikoak daude. Adin, sasoi eta izaera guztientzako jarduera egokia aurki daiteke. Batzuei mendian ibiltzearekin edo hondartzako bainuekin nahikoa izango zaie. Beste batzuek eskiatzea edo rafting-a egitea nahiago izango dute. Ez du axolarik. Bada guztientzako moduko jarduerarik.

SAILKAPENA

Naturako jarduera fisikoak natur ingurunean arabera sailkatuko ditugu, non burutzen diren kontutan hartuz, alegia.


AIREAN

            - parapentea
            - ala delta
            - zubi-jauzia
            - goming
            - parakaidismoa



URETAN

            - rafting
            - hidrospeed
            - surfa
            - windsurfa
            - arroila jaitsiera
            - bela
            - arraunketa
            - piraguismoa
            - urpekaritza
- eski nautikoa

 LURREAN

            - eskalada
            - zikloturismoa
            - orientazioa
            - kanpaketa
            - snowboard
             - eskia
             - mendi txirrina
             - espeleologia
             - alpinismoa
- ibilaldiak, trabesiak


ARRISKUTIK AT

Gorago genion naturan ere, ariketa fisikoa modu egokiz egin behar dela. Eta naturan burutzen diren jarduera fisikoetaz ari garenez, modu egokiz egin ahal izateko baldintza garrantzitsu bat aipatu beharrean gaude: ARRISKUA, hain zuzen. Naturan jarduera fisikoren batean jardutean oso kontutan hartu beharra dugu arriskua ahalik eta txikiena izan dadila.

Jarduera fisiko orok pairatzen du arrisku mailaren bat, baina ez guztiek berbera. Oso argi dago. Ez da gauza bera igerileku batean igeri egitea eta itsaso zabalean, 1000 metroko mendi tontorrera igotzea edo-eta 8000 metroko bestera, elurretan ibiltzea edo eskiatzea eta abar. Kirol batzuk oso arrisku maila txikia dute eta beste batzuk, berriz, handia, handiegia agian. Tamalez, urtero gazte euskaldun bat baino gehiago hiltzen da arrisku handiko natur jarduera fisikoak burutzen (goi mendietan, eskaladan, elurrak estalita...). Abentura-kirolak deiturikoak (ala delta, parapentea, puenting, rafting, hidrospeed, eskalada, arroil jaitsiera...) azken urteetan izugarrizko arrakasta eduki duten natur jarduera fisikoak dira eta urtez-urte jende gehiagok praktikatzen ditu, urtez-urte batek baino gehiagok bizitza galduz. Kirol hauen ezaugarrietako batzuk, besteak beste, naturan kokatzea, zirrara eta arriskua dira. Ez gaude kirol hauen aurka, inolaz ere, baina arriskua neurtu eta mugatu beharra dagoela adierazi nahi dugu. Guztiek, ordea, ez dute hori egiten eta gero damuak eta negarrak datoz.

Beraz, labur-labur esateko, bizi ditzagun, praktika ditzagun natur jarduera fisikoak eta goza beraiekin baina modu egokiz arriskutan jarri gabe.

NATURA ZAINDU

Natura errespetatu eta zaindu behar dugu. Ingurunea guztiona da. Beraz, inork ez dauka hondatzeko eskubiderik. Are gehiago, hondatzen badugu gu geu ere galtzen aterako gara. Natura behar dugu bizitzeko, bere zatia baikara. Baina, zoritxarrez, askori bost axola zaio hori eta natura txikitzen aritzen dira.

Adibidez, naturan jardueraren bat egiterakoan ez dugu inolako zaborrik utzi behar. Bestetik landareak, abereak, pistak, baserriak, ibaiak pakean utzi behar ditugu. Autoz eta motorraz ahalik eta gutxien ibili behar da.

Naturari erasorik? Ez, eskerrik asko.

PROGRAMAZIOA ETA ANTOLAMENDUA

Jarduera fisikoren bat natur ingurunean burutzeko hamaika atal eta gauza hartu behar dira kontutan. Alderdi guzti horiek ongi programatzea eta antolatzea oso garrantzitsua da jarduera ongi burutzea nahi badugu. Bestetik, jarduera batetik bestera programazioa eta antolakuntza izugarri alda daiteke faktore askoren arabera. Ez da berdin bakarkako edo talde handi samarreko bidaia egitea, egun baterako edo astetarako egitea, udan edo neguan egitea eta abar. Horregatik, eta batez ere irteera konplexuetarako, derrigorrezkoa izango zaigu plangintza egokia egitea. Plangintza honetarako, beste arlo askoren artean, honako hauek har daitezke kontutan:

- Jardueraren iraupena, datak.
- Non egingo den. Garraioa (joan-etorria nola). Mapak.
- Urte sasoia, eguraldiaren iragarpena.
- Partaideen ezaugarriak (kantitatea, adina, sasoi maila, gogoa...).
- Aurrekontua. Diru-iturriak. Gastuak.
- Agiriak, baimenak, seguruak, izen-emateak, txartelak...
- Otorduak (zeintzuk, noiz, sukaldariak). Janari erosketak. Kozinatzeko tresnak (sukaldea, butano botilak, ontziak...).
- Garbitasuna. Ur hornikuntza (pertsonak, arropak, ontziak garbitzeko). Komunak.
- Talde materiala (taldearen behar amankomunetarako behar dena). Norberaren materiala (partaide bakoitzak beharko duena).
- Botika-kutxa (zein gauza eraman eta erabilpenaz jabetu). Babes neurriak (arriskua gutxitzeko).
- Jarduera osagarriak (jarduera nagusiaren kanpo egiten direnak: musika, beste kirolak, bainuak, bisitak,...).
           
Atal guztiak ongi antolatzeko egokiena talde lana izaten da (talde jarduera denean, noski). Partaideak talde txikietan bana daitezke eta talde bakoitzak bere gain antolamenduko atal bat edo batzuk har ditzake. Esate baterako, lan talde hauek osa daitezke (nahiz beste modu asko izan):

·        OTORDU taldea: Egun eta otordu bakoitzerako zer jango den erabakiko dute. Ondoren janaria erosi (edo eta non, noiz erosiko den ziurtatu). Azkenik partaide guztiak taldeetan banatu eta otordu bakoitza egitea nori tokatuko zaion antolatu. Gauza bera egin beharko dute ontziak eta mahai-tresnak garbitzerako garaian.

·        GARRAIO taldea: Joan-etorriak nola egingo diren, zein garraio beharko diren ikusi. Mapak, txartelak lortu. Eguraldiaren iragarpena jakin. Beharko diren baimenak, seguruak lortu.

·        MATERIALAren taldea. Guztientzako beharko diren tresnak eta gauzak (sua, butanoa, kanpin dendak, botikina...) lortzea, eramatea, erabiltzea eta zaintzeaz arduratuko dena.

·        JARDUERA OSAGARRIen taldea. Jarduera hauen (gaubeilak, egunerako irteerak...) antolakuntzaz arduratzeko.


BANAKAKO MATERIALA

Bakoitzak eraman beharreko gauzak dira. Hona hemen batzuk:
            . Motxila (bizkarrera ongi egokituko dena. Zama ongi banatuta)
            . Lo-zakua
            . Isolatzailea, koltxoneta, esterila
            . Agiriak (NAN, pasaportea, gidatzekoa, segurua, osasun agiriak,...)
            . Dirua (bertakoa, atzerrikoa)
            . Giltzak (etxekoa, kotxekoa, kandatutakoak)
            . Txartelak. Tren, autobus ordutegiak
            . Telefono zenbakiak
            . Erlojua
            . Komuneko papera (hamaika gauzetarako baliogarria)
            . Otordutarako mahai-tresnak (platera, edalontziak,...)
            . Linterna
            . Kantinplora
            . Argazki-kamera, mugikorra, musika
            . ARROPA: Garbitzeko tresnak (orrazea, xaboia, hortzetako pasta eta eskuila), konpresak, tanpoiak, bizarra moztekoak, depilagailuak, toalla, txanoa, oinetako egokiak sasoirako, bainujantziak, aldagarriak, euritakoa, galtzak (luzeak, motzak), jertseak, sira edo berokia, alkandorak, kamisetak, galtzerdiak, txankletak, eskularruak, bufanda, betaurrekoak, bizikletarako kaskoa...


TALDE MATERIALA
           
Denontzat eraman beharrekoak.
            . Botika-kutxa
            . kanpin dendak
            . gauerako argia
            . sukaldeak, butanoa, pospoloak, metxeroak
            . mapak
            . iparrorratza
            . kirol materiala
            . otordutako ontziak eta tresnak
            . ontziak garbitzeko xaboi eta espartzuak
            . janaria


                        EGINBEHARREKO LANA

Jarduera Fisikoak Naturan gaia ebaluatzeko ez da azterketarik izango. Horren ordez lan bat egin beharko da, talde lana izan daitekena. Banaka, binaka edo hirunaka egin ahal izango da baina ez talde handiagotan. Lana ordenagailuz idatzi beharko da. Argazkiak, marrazkiak, grafikoak, mapak eta abar erantsi ditzakezue, taldekideen izen-deiturak ipini, txukuntasunez inprimatu eta grapatuta irakasleari aldez aurretik ipinitako egunerako emango zaio. Lanak hiru zati izango ditu :

-         Lehenengoa. Orri oso batean (hots, bi orrialdeetan) gaia osatzen duten orrietan agertutako teoriaren LABURPENA egingo duzue.
-         Bigarrena. Eztabaidarako galderak atalean (4garren orrialdean) agertzen diren 10 galderak erantzungo dituzue taldekideen artean eztabaidatu ondoren eta zuen iritziak jasoz.
-         Hirugarrena. Naturara egingo zenuketen egunetako bidaia bat programatu eta antolatuko duzue. Inoiz burutuko ez dena izan daiteke. Egun batzutako (4-7) iraupena izango du. Irudikatu gustokoen izango zenuketena eta apunteak lagun, zehatz-mehatz programatu eta antolatu (nola mugitu, nola jan, jarduera osagarriak, materiala eta abar). Otorduak zuek antolatu beharko dituzue (non erosi, nola egin...). Ez du balioko beti jatetxera joatea. Egunero jarduera fisikoren bat burutu beharko duzue. Ipini zein eta nola antolatuko duzuen.

Lanak 0 eta 10 puntu artean balioko du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario