Páginas

jueves, 11 de febrero de 2010

GAIA: 3DBH / Kirola



KONTZEPTUA

"Kirol" hitza Erdi Arotik badatorkigu ere, bere gaurko esanahia nahiko berria dela esan dezakegu. Ongi pasatzearekin lotuta zegoen Erdi Aroko "kirol" hitzaren eta ingelesek asmatutako gaurko kirol kontzeptuaren -"kirol modernoa" delakoaren- artean desberdintasun nabarmenak daude.

Gaur egungo giza fenomeno handienetakoa izan arren, kontzeptua zehatz-mehatz definitzerako orduan adituak ez dira ados jartzen. Zer da kirola? Esanahi desberdin asko ematen zaio. Parlebas soziologoak, esate baterako, definizio hau ematen du:

Kirola, instituzionalizatutako txapelketa arautuan gertatzen diren egoera motore desberdinen bilduma da.

Definizio honen ildotik gaurko kirola hiru ezaugarriren bidez zehatz dezakegu:
- Egoera motorea: giza mugimendua.
- Txapelketa: ongi antolatutako arau sistema bat.
- Instituzionalizazioa: hainbat erakunde ofizialen (federazio, elkarte...) artean antolatu eta jokatutako txapelketa.

Ondorioz, hiru ezaugarri hauek betetzen ez dituzten jarduera fisikoak ezingo ditugu kontzeptu honen barnean sartu. Adibidez, "polizia eta lapurrak" jokoa, kirol-joko ez instituzionalizatua litzateke; xake jokoan, mugimenduak lehentasunik ez duenez ezin dugu kirol-jokoen barnean kokatu.

KIROLAREN ETA GORPUTZ HEZKUNTZAREN JATORRIA ETA HISTORIA

Gizakiak ariketa fisikoa betidanik egin du, bizitzeko behar izan duelako. Horretan ez dago zalantzarik. Historiaurrean, esate baterako, ehizan, arrantzan eta frutak eta landareak hartzen makina bat ariketa fisiko egiten zuen.

Kirola, berriz, noiz sortu zen ez dago argi. Gorago aipatu dugu ikerlariak, zientzialariak ez datozela bat kirola eta beste edozein ariketa fisikoaren arteko muga definitzerakoan eta, ondorioz, kirolaren jatorrian ere desadostasunak dituzte. Batzuentzako historian zehar gizakien artean asmatu diren norgehiagoka fisikoak kirolak dira eta beste batzuentzat, berriz, "benetako" kirolak XIX. mendean sortzen dira Ingalaterran. Dena den, esan daiteke, historian zehar zenbait kulturetan "kirolak" garrantzi handia izan duela. Hona hemen zenbait adibide.

Egipton, Kristo Aurretiko garaian, kirol piloan jarduten zuten herritarrek (baita emakumeek ere). Igeriketa zen kirol herrikoi hedatuena. Nilo ibaian txapelketak antolatzen ziren. Gorputz Hezkuntza ere bazuten. Grezian ere, Joko Olinpikoen sortzaileak izateaz gain, haurrei Gorputz Hezkuntzako klaseak eman ohi zitzaizkien orduko ikasketen barruan. Erromatar inperioaren garaitan anfiteatro eta zirkuetako jokoek izugarrizko hedapena izan zuten herritarrengan. Erdi Aroan, zoritxarrez, gorputzarenganako mespretxua indartu zen eta gorputz ariketarekin zerikusia zuen guztia gaizki ikusia izan zen. Gorputz Hezkuntzaren krisi garaia izan zen, hortaz. Izpiritua goraipatu eta ariketa fisikoa zapuztu zen. Errenazimentuan, berriz, ariketa fisikoaren eta Gorputz Hezkuntzaren beharra piztu zen. Geroztik eta gaurdaino joera hau indartuz joan da. Horrela XIX. mendean Ingalaterran gaur egungo kirol modernoak sortu ziren beren arau eta guzti. Ordukoak dira, besteak beste, futbola, tenisa, errugbia, hockeya eta txirrindularitza.

KIROLEN SAILKAPENA

Dauden kirolak sailkatzeko irizpide bat baino gehiago erabili izan da eta, ondorioz, sailkapenak asko dira, batzuk konplexuegiak izatera heltzeraino. Guk soila bezain argia den honako hau erabiliko dugu:

BAKARKAKO KIROLAK:
                        - LEHIAN BESTE LEHIAKIDEEKIN BATERA
(igeriketa, atletismoa, lasterketak, tenisa, adibidez)
                        - LEHIAN NORBERA BAKARRIK
(altuera-jauzia, luzera-jauzia)

TALDEKAKO KIROLAK
                        - BESTE TALDEKO KIDEEKIN NAHASTUTA
(futbola, eskubaloia, saskibaloia)
                        - BESTE TALDEKO KIDEENGANDIK BANATUTA
(boleibola, tenisa bikoteka, badmintona)


GREZIA ZAHARREKO JOKO OLINPIKOAK

Antzinako Joko Olinpikoak Olinpian (Greziako Peloponeson kokatutako santutegi txiki batean) jaio ziren. Lehen edizioa K.a. 776. urtean ospatu zen eta lau urtetik behin etengabe ospatu ziren 1168 urtetan zehar, 392. urtean Teodosio enperadore hispano-erromatarrak ezabatu arte. Jatorriz helburu erlijiosoa zuten. Zeus jainkoari ohore egitea, hain zuzen. Ordukoak dira, besteak beste, boxeoa, lasterketak, jauziak, jaurtiketak, zaldi probak eta abar.

Txapeldunek jasotzen zuten saria gurasoak bizirik zituen hamabi urteko haur batek urrezko aizto batez moztutako olibondo koroa izaten zen. Horretaz gain garaileak beren hirietako heroi bihurtzen ziren, hiri hauetako harresietan zulo bat egiten zen eta atleta Olinpiatik itzultzean zuloan zehar sartzen zen hirira, ondoren itxi egiten zelarik bere garaipena betirako barruan gera zedin. Gainera hiriak garailearen elikadura bere kargura hartzen zuen bizitza osoan zehar.

Kirol modalitate eta proba guztietan kirolariek biluzik eta hanka-hutsik parte hartzen zuten. Emakumezkoek erabat debekatuta zeukaten agertzea. Bestela heriotzarekin zigortua izaten zen.

Joko Olinpikoak irauten zuten bitartean Greziako hirien artean EKECHERIA edo geldiune sakratua errespetatzen zen, zeinaren bitartez gerra jarduera guztiak eteten ziren.

Aro modernoko Joko Olinpikoak, berriz, 1896an ospatzen hasi ziren Atenasen, Pierre de Fredy, Coubertineko baroia, izan zelarik grekoen ohitura desagertu hura berreskuratzen bultzatzaile nagusiena. Geroztik lau urtetik behin ospatzen dira munduko hiriren batean eta munduko kirol gertaera garrantzitsuena bihurtu da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario