Páginas

jueves, 11 de febrero de 2010

GAIA: 3DBH / Jokoa



KONTZEPTUA

Bistan da jolastu edo jostatu, ongi pasatzeko egiten dugula. Jokoa horretarako tresna dela esan dezakegu. Jostatzea oso garrantzitsua zaigu gizakioi, guztioi, bai psikikoki bai fisikoki, nahiz eta erabiltzen diren jokoak adinarekin aldatzen joan. Haurrek, gaztetxoek eta helduek ez dituzte joko berberak erabiltzen baina guztiek jolastu behar dute.

Jokoaren sorreraz teoria eta iritzi asko dago adituen artean. Segur aski gizakia bezain zaharra izango da, abereek ere jolasten baitute elkarren artean. Historian zehar izan diren herri, zibilizazio eta kultur guztietan ezagutu dira jokoak. Baten bat aipatzerakoan, nola ahaztu grekoen Joko Olinpikoak edo-eta erromatarren zirkuetako jokoak.

JOKO HERRIKOIAK

Joko bati HERRIKOIA deritzaio herritar gehienek edo askok jolasten dutenean. Joko herrikoiak denbora luzean iraun dute belaunaldiz-belaunaldi igaroaz eta tamalgarria izango litzateke orain galtzea, herriaren kulturaren isla baitira. Joko herrikoiek ez dute araudi konplexurik eta askotan eskualde edo herri batetik bestera berezitasunak agertzen dituzte.

Joko herrikoien zerrenda amaigabea da baina, besteak beste, hauek aipa ditzakegu: zaku lasterketak, sokasaltoa, gomasaltoa, kromo altxaketa, txapak, kanikak, ezkutaketa jokoak, goitibehera, altxorraren bilaketa, zapi lasterketa.

USADIOZKO JOKO ETA KIROLAK

Joko AUTOKTONOAK edo TRADIZIONALAK ere deitzen zaie. Usadiozko jokoak nortasun berezia duen herri edo gizatalde baten joko herrikoiak dira. Beste modura esanda, herri baten kulturaren barruan garatu diren joko herrikoiak. Maiz, zenbait joko, denboraren poderioz, herri horren kulturaren barruan indartzen joan ohi da araudia eta egitura instituzionala (kirol federazioak, esaterako) garatuz. Honela lehen usadiozko joko herrikoia zena kirol batean bihurtzen da. Guztien artean euskal joko eta kirolak aipatzera behartuta gaude.

Euskal joko eta kirolak lan jarduerak aisiara bideratzetik sortu dira. Baserritarrek beren eguneroko jarduerak (egurra moztu, harriak mugitu, idiekin lurra goldatu, lokotxak bildu...) aisialdian bere auzokoekin lehian erabiltzen hasi zirenean joko eta kiroletan bihurtu ziren. Euskal joko eta kirol batzuk hauek dira: bolo jokoa, palanka, toka, harri jasotzea, gizon-emakume probak, sokatira, txinga, gurdi-proba, sega apustuak, lokotx bilketa, lasto fardoen altxaketa, aizkora lanak, trontza, idi dema, ahari talka, oilar jokoa, korrikalariak, zaku lasterketa, estropadak eta, ezin ahaztu, pilota bere modalitate guztiekin.

OLGETARAKO JOKOAK

Olgetarako jokoak atsegin ditugulako egiten ditugun jokoak dira. Gure eguneko betebeharretatik (ikasi, lan egin, jan eta abar) kanpo geratzen zaigun denboran jarduten gara joko hauetan, aisian alegia. Joko hauek ez dute araudi zehatzegirik izaten eta gure baldintzetara molda ditzakegu. Horrela ia ingurune guztietarako baliagarriak gertatzen dira; etxean, mendian, hondartzan, kalean, beste kirol instalazioetan eta abar.

Olgetarako jokoak asko dira eta, horietaz gain, berriak asmatzen dira. Hauexek aipatuko ditugu: disko hegalaria, (hondartzarako) pala jokoa, patin jokoa, mikropatina, monopatina, "indiaka", informatikako jokoak eta abar.

No hay comentarios:

Publicar un comentario