Páginas

miércoles, 10 de febrero de 2010

GAIA: 4 DBH / Jarduera fisikoaren eragina gorputzean


Jarduera fisikoren edo kirolaren batean jarduteak, nahi eta ez, eragina dauka gorputzean. Gure gorputzak ondorioak jasango ditu. Ariketa fisiko hori modu egokiz eginez gero onurak besterik ez dizkio ekarriko. Jarduera fisikoa modu egokiz egiteak zera esan nahi du: norberarentzako jarduera mota egokia aukeratzea, ongi berotu ondoren egitea, susperraldi tarte egokiak tartekatuz, ahaleginaren intentsitatea eta bolumena kontrolatuz, erregularki egitea eta abar. (Esan liteke, gutxi gora-behera, astero hiruzpalau egunetan, ordu erdi-ordu bete bitarteko iraupeneko jarduera fisikoa intentsitate, bolumen eta maiztasun egokikoa dela).

Baina jarduera fisikoa praktikatzerakoan baldintza minimo batzuk ez baldin badira betetzen, edo-eta edozein moduz egiten bada kalte egin diezaiokegu gure gorputzari. Esate baterako, inoiz kilometro bat korrika jarraian egin ez duen batek edo 70 urteko pertsona batek, bat-batean maratoia korritu nahi izatea astakeria da. (Hona hemen arrazoi nagusi bat -ez bakarra- Gorputz Heziketa irakasgaiaren barruan teoria emateko. Ez da nahikoa ariketa fisikoa egitea. Modu egokiz nola egin behar den jakin beharra dago, ere!).

Jo dezagun, ordea, gure jarduera fisikoa modu zuzenez praktikatzen dugula. Ez dugu, orduan, inolako kalterik jasango. Guztiz bestela, onurak ekarriko dizkio gure gorputzari. Ondorio mesedegarri guzti horiek lau eremutan sailka ditzakegu. Hauexek dira: osasuna, sasoia, edertasuna eta onura psikikoak. Ea onura horiek jakiteak, jarduera fisiko egokia egitera animatzen gaituen!

JARDUERA FISIKOA ETA OSASUNA

Inolako zalantzarik gabe esan daiteke, ariketa fisiko egokiak osasuna sendotzen duela. Egin diren ikerketa mediku guztiak bat datoz horretan. Osasuna sendotzen da eta mota guztietako gaixotasunen kontra defentsa da. Jarduera fisikoaren ondorioz gorputzeko organo, sistema, aparatu eta funtzio fisiologiko guztiek (batzuk gehiago, besteak gutxiago) egokitzapenak jasaten dituzte eta hobe egiten dute dagokien lana. Ez gara orain guztiak aipatzen hasiko baina batzuk azpimarratuko ditugu.

            - Organo garbitzaileek (giltzurrunak, gibela...) lan hobea egiten dute toxinak, zikinkeriak eta hondakinak desegiten. Beraz, gure gorputza garbiago mantentzen da.
            - Digestio hobeak egiten dira (digestio motelegiak dutenentzat oso aproposa).
            - Lo hobeto egiten da, ariketa fisikoak gorputz eta buru lasaipena dakartzalako.
            - Kirola egiten dutenek (gehiegikeriatan erortzen ez diren bitartean) egiten ez dutenek baino gaixotasun gutxiago jasaten dituzte eta hauetatik hobe errekuperatzen dira.
            - Neska eta emakumeengan hileroko oinazeak gutxitzen edo desagertzen ditu.
            - Gihardura eta hezurdura sendotzen dira nabarmenki. Giharrak, zurdak  eta lotailuak gogorragoak, azkarragoak eta erresistenteagoak egiten dira. Giharrak, gainera, tamainaz handitzen dira. Ondorioz indarra handitzen da eta malgutasuna mantentzen da. Beraz, lesioak, zaintiraketak, hausketak eta antzekoak zailagoak izango dira gertatzen.
            - Arnas aparatuak errendimendu handiagoz egiten du lan. Ariketaren ondorioz, alde batetik, aire kantitate gorena arnas hartzeko ahalmena (bular ahalmen gorena) handitzen da eta, bestetik, irentsitako oxigeno erabilpen ahalmena handitzen da. Beraz, aire gehiago arnas hartzen da eta aire horrek daukan oxigeno guztitik gehiago aprobetxatzen da, oxigeno gehiago igarotzen da odolera.
            - Zahartzaroaren etorrera atzeratzen da. Adinarekin gertatzen den sasoi eta kemen galtze nahitaezko hori beranduago hasten da eta polikiago gertatzen da beren bizitzan zehar kirola egin duten pertsonengan. Kalitate hobeko bizimodua, alegia.
- Zirkulazio eta kardiobaskular aparatuak sendotzen dira. Frogatuta dago gehiegikeriatan erori gabeko kirolariek bihotzeko eta odol zirkulazioko gaixotasun gutxiago izaten dituztela. Gorputz ariketari esker, alde batetik, bihotzaren sendotzea dator. Bihotza tamainaz handitzen da eta bere hormak (gihar ehunezkoak) loditu. Hortaz taupada bakoitzean odol gehiago bidaltzen du. Entrenatutako pertsonaren bihotzak entrenatu gabekoaren bihotzak egiten duen lan berbera taupada gutxiagoz egiten du. Horregatik kirolariek atsedenean, jarduera fisikoa ezean, minutuko bihotz taupada gutxiago izaten dute, kirolari ez direnen aldean. Haien bihotz handi eta sendoek taupada gutxiago behar izaten dute odola gorputzean zehar mugitzeko. Ariketa fisikoan dihardutenean, ordea, kirolari eta ezkirolarien bihotzak antzeko taupada erritmotan ibil daitekeenez, kirolarien bihotzak odol gehiago mugituko dute, suspertze, oxigenazio eta gorputz hondakinen garbiketa azkarragoa izanik. Bestetik, ariketa fisikoarengatik odol-hodiak handitzen dira eta, ondorioz, odol emaria ere handitzen da, odol gehiago garraiatuz gorputzean zehar. Honekin batera odolaren kalitatea hobetzen da; globulu gorriak eta hemoglobina gehiago izaten dira oxigenoa eta elikagai gehiago garraio ahal izateko.
            - Minbizia, osteoporosia, artrosia, diabetea, arterietako hipertentsioa jasateko aukerak gutxitzen dira.
            - Kolesterola eta gizentasunaren aurka eragiten du.

JARDUERA FISIKOA ETA SASOIA

Modu egokiz burututako ariketa fisikoak sortzen duen beste ondorio on bat SASOIA sendotzea da. Argi dago, kirola egiten dutenek egiten ez dutenek baino sasoi hobea edukitzen dutela. Lehenengoak indartsuago, sendoago eta kementsuago sentitzen dira. Jarduera berezirik egin gabeko denbora luzearen ondoren, ongi plangintzatutako prestakuntza fisikoa hasiz gero, ez dira aste asko igaro behar sasoian aldaketa nabarmena sentitzeko. Forman jartzen goazen neurrian ahalegin fisikoak egiteko erresistentzia handiagoa izango dugu, gutxiago nekatuko gara. Poliki-poliki gero eta ariketa fisiko gogorragoak, intentsuagoak eta denbora luzeagoan zehar egin ahal izango ditugu. Neke fisikoaren (eta baita psikikoaren) kontrako erresistentzia hobetzen joango zaigu. Indarrean ere aldaketa nabaria jasango dugu. Giharrak gogortzen eta handitzen ariko direnez gure indarra ere handitzen joango da. Eta beste zenbait ahalmen fisikoetan ere (hala nola, mugimenduak egiteko abiaduran, koordinazioan, malgutasunean) hobekuntzak ikusiko ditugu. Hitz batez, sasoitsuago, kementsuago sentituko gara.

Eta sasoi hobekuntza honek eguneroko bizitzan egin behar diren ahalegin eta lan fisikoetarako (oinez ibili, korrika egin, eskailerak igo, pisuak jaso-eraman, ikasi eta abar) laguntzen du. Oso mesedegarria suertatzen da. Kemen edo ahalmen fisiko ona edukitzeak lan guztietarako da onuragarria.

JARDUERA FISIKOA ETA EDERTASUNA

Ongi programatutako ariketa fisikoak dakarren beste onura mota bat eta gaur egun gure gizartean oso estimatuena dena EDERTASUNARENA da. Ariketa fisikoak, inolako zalantzarik gabe, luzarora, ederragoak egiten gaitu. Berari esker gorputzek itxura hobea hartzen dute.

Goi-lehiaketetan aritzen diren kirolariei begiratu besterik ez dago. Esan daiteke, behar bada, gorputz ederrenak dituzten gizakiak, oro har, kirolari profesionalak direla. Kirol berezi gutxi batzuetan salbu, ez dago gizena dagoen kirolaririk. Ez dute gorputzean behar adina baino koipe gehiagorik. Gehienek gihardura eta hezurdura sendo, proportzionatu eta politak erakusten dituzte. Gogora ditzagun, esate baterako, igerilariak, gimnastak, edo-eta lasterketa motzetako atletak.

Eta kirolari ez diren baina sekulako gorputzak dauzkaten aktore eta modelo ospetsuek ere, beren gorputzak itxura onarekin mantentzeko, oso serioski plangintzatutako jarduera fisikoa praktikatzen dute. Guk ez dugu honelako edertasun mailarik behar, ez baikara -salbuespenak salbu- gure gorputzaren itxura estetikoaz biziko, ez baita hori gure ogibidea izango. Baina gure gizarte honetan oso baloratua da gorputz ederra izatea eta denok eskertzen dugu horrelakorik. Hau horrela izanik, jakin behar dugu, ariketa fisikoak laguntzen duela asmo horretan. (Ariketa fisikoa eta elikadura egokia dira gorputzak ederrago bihurtzeko bi giltza nagusiak).

Gorputz ariketek behar ez diren koipe kiloak erretzen dituzte, gihar-masa handitzen dute eta giharrak sendoagoak egiten dituzte. Eta hazkuntza aroan (zuen garaian, hain zuzen) zenbait adituk dio, gehiegikeriatan erori gabe, gehixeago luzatzen laguntzen dutela.

JARDUERA FISIKOA ETA ONURA PSIKIKOAK

Gutxiagotan aipatu ohi dira jarduera fisikoak dakartzan onura psikikoak nahiz eta hauek garrantzitsuak izan. Ezagunak dira guztiongatik, osasunean eta sasoian jasotzen den hobekuntza, baina norberaren umorean eta nortasunean duen eragin positiboa azpimarratu beharra dago.

Batetik, frogatuta dago ariketa fisikoa erregularki egiten dutenek, eguneroko bizitzan, umore hobearekin eta ilusio handiagoarekin sentitzen direla. Gorputza sasoitsu, sendoago eta ederrago sentitzen dute. Honek plazerra, norbere buruan konfiantza eta ongizatea ematen die. Horrela sentitzeak, ondorioz, eguneroko bizitzarako alaitasuna eta borrokatzeko gogoa ematen du. Nagikeriak eta alferkeriak uxatzeko bide aproposena da kirol egitea.

Are gehiago, jarduera fisikoak gure bizimoduak sortzen dizkigun estres, kezka, tentsio, tristura eta oldarkortasunak arintzen laguntzen du. Burua lasaitzen da. Guzti honengatik, kirolzaleek eguneroko eginbeharretan alaitsuago eta lasaiago jokatzen dute eta gauzak egiteko gogo handiagorekin ikusten zaie. Esaldi ezagun batek honela dio: "Mens sana in corpore sano" (buru osasuntsua gorputz osasuntsuan).

Bigarren, esan behar da ariketa fisikoak ikasketetan errendimendu hobea lortzen laguntzen duela. Gorputza eta burua lasaitzen dituenez, bai lanerako bai ikasketarako kontzentrazio eta buru oxigenazio mailak handiagoak izaten dira..

Hirugarren, aipatu behar da entrenamendu fisiko egoki eta erregularrera ohitzen den gizakiak bere borondatea eta diziplina sendotzen dituela, eta bertute hauek eguneroko bizitzan beste ekintza guzietarako lagungarri izango zaizkiola.

JARDUERA FISIKOA ETA GAZTE IKASLEAK

Ariketa fisiko kontrolatua egitea ona da gizaki guztientzat eta orain arte aipatutako eragin onuragarriak guztientzat balio dute. Baina badira zenbait eragin positibo, bereziki, gazte eta ikasle direnengan eragiten dutenak. Bizitzaren aro honetan ikasketei buru belarri ekitea tokatu zaizue. Ba jakinaren gainean egon zaitezte, jarduera fisikoak lagun zaitzaketela bide horretan, ikasteko hain garrantzitsuak diren erresistentzi psikikoa, borondatea eta kontzentrazio ahalmenak garatzen baititu. Ikasketek (azterketek, bereziki) sortzen duten tentsio, kezka, estres eta antzekoak kanporatzeko ez dago ariketa fisikoa baino hoberik.

Bestetik, jakin badakizue inork baino hobeto, sasoi honetan bizitzen ari zareten gorputz eta nortasun aldaketak. Gogora itzazue ba, lehen aipatu ditugun zenbait eragin. Ariketa fisikoak alaitzen eta ilusioak pizten laguntzen du eta, bestetik, gorputz politagoak egiten ere bai. Are gehiago, badirudi gehixeago hazten direla kiroletan diharduten gaztetxoak.

JARDUERA FISIKOA ETA EGUNEROKO BIZIMODUA. AISIA

Egungo gizartean eramaten dugun bizimodua nolakoa den pentsatzen jartzerakoan berehala ohartzen gara bizitzeko era honek ez duela gure osasuna ongiegi zaintzen, ez dituela ez gure gorputza ez eta burua ere ongiegi tratatzen. Gizarte industrializatu eta hiritar honetan hamaika eraso egiten dizkiogu gure osasunari: azkarregi bizi gara, estresa eta tentsioak sortuz; eginbehar asko izaten ditugu kezkaz eta estutasunez betetzen gaituztenak; ez gara, oro har, ongi elikatzen (kaloria eta koipe gehiegi, alkohola, tabakoa, drogak, besteak beste) eta ez dugu gure gorputzek behar duten ariketa fisiko gutxiengo hori egiten, besteak beste.

Garai batean (antzinako hominidoak, nekazariak, baserritarrak, arrantzaleak) orduko bizimoduak, orduko jarduerek, gizakiak nahiko ariketa fisiko egitera behartzen zituen. Lurra lantzen, abereak zaintzen, ehiza eta arrantza egiten, ibiltzen (ez zegoen kotxerik, trenik....) etengabe jarduten zuten ariketa fisikoa egiten eta, gainera, lasaiago bizi ziren. Gaur egun, aldiz ez dugu ia ahalegin fisikorik egin behar. Horretarako daude kotxeak eta beste garraiobideak, igogailuak, gauzak eta pisuak eramateko gailuak,... (kakahueteak ere zurituak saltzen dituzte hausten ez nekatzearren eta kotxeetako leihatilak botoia sakatuz jaisten dira). Baina hainbesteko erosotasunak bere alde txarra. Frogatuta dago ariketa fisiko nahiko ez egiteak osasunari kalte egiten diola. Gorputzak ahuldu egiten dira, gaixotasunak eta deformazioak sortuz.

Bi hitzetan laburtuz, eguneroko bizitzan ez ditugu gure gorputzak behar bezala zaintzen baina era berean eskertzen dugu politak, sendoak eta osasuntsuak izatea. Arazo honi aurre egiteko bidea, neurri handian, jarduera fisikoak eskaintzen digu. Gure bizitzeko moduagatik gure osasunari egiten dizkiogun erasoen kontra ariketa fisiko egokia egitea da egin dezakegun gauzarik onenetakoa.

Eta hauxe ikasten da, besteak beste, Gorputz Heziketako klaseetan. Gure osasunaren alde eragingo duen jarduera fisikoa zertan datzan eta nola plangintzatu, antolatu eta burutu behar den. Ondoren, eguneroko bizitzan bakoitzak daukan denbora libre edo aisiarako denbora horren puska bat jarduera fisiko egoki hori praktikan jartzeko erabiltzen baduzue, zuen gorputz-buruek eskertuko dute, politagoak izango zarete eta alaitsuago biziko zarete. Urte bete eta ehun urte bitarteko adina badaukazue, telebista ikusteari, alkohola edateari, musika entzuteari egiozue tartetxoren bat eta eiozue jarduera fisikoari! Proba ezazue ikusteko. Ez zarete damutuko eta eskertuko duzue.

JARDUERA FISIKOAREN KALTEAK ETA ARRISKUAK
           
Gai honen hasieran genion eta behin eta berriz azpimarratzekoa da edozein moduz ez dagoela jarduera fisikoa egiterik. Ariketa fisikoa modu egokiz egin behar da ondorio onuragarriak jaso ahal izateko. Bestela onurak baino kalteak jasango ditugu; agujetak, lesioak (zaintiraketak, gihar hausturak, luxazioak, tendinitisak,...) zenbait kasutan kalte garrantzitsuak eraginez (bihotzekoak, gorputz deformazioak). Zoritxarrez denok ezagutzen ditugu, esate baterako, edozein moduz, bat-batean, sekulako "palizak" ematen dizkiotenak beren gorputzari, edo egunero leher egiteraino ariketa fisikoan jarduten dutenak. Oso noizbehinka goi-intentsitateko jarduera fisikoan jarduten dutenek ere erregularki egiten dutenek baino bihotz gaixotasunen bat edukitzeko arrisku biziagoa dute. Are gehiago, noizeroko kirolari hauetako batzuek ez dute beroketarik egiten eta bat-batean amaitzen dute saioa.

Azkenik, komentariotxo bat erantsiko dugu neurriz gain-ezkako jarduera fisikoari buruz. Nahiz eta modu egokiz egin, jarduera fisikoak beste edozein jarduera motak bezala bere neurriak dauzka. EZ DA GEHIEGIKERIATAN ERORI BEHAR. Elikaduraren oso antzekoa da. Gure gorputzak elikagaiak jan behar ditu bizirik irauteko. Gutxiegi irensten baditu gaixotasunak azalduko dira baina gehiegi eginez gero ere bai. Ariketa fisikoarekin gauza bera gertatzen da. Ariketa fisikoa osasungarria eta atsegina da baina, modu egokiz eginez gero eta gehiegi egiten ez den bitartean.

Beraz, eta gai osoa hitz gutxitan laburtuz, esan behar da jarduera fisikoak modu egokiz egiten denean, oso ondorio onuragarriak sortzen dituela gorputzean, osasuna eta sasoia sendotuz, itxura edertuz eta nortasun alaitsuago, lasaiago eta sendoagoa bihurtuz, gaurko bizimodu motarako oso mesedegarri direnak eta bereziki gazte ikasleentzat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario