Páginas

miércoles, 10 de febrero de 2010

GAIA: 4DBH / Kirolaren azterketa soziologikoa



Egungo gizartean Kirolak, inolako zalantzarik gabe, garrantzi handia du. Kirolarekin zer ikusia duten jarduera desberdinek oihartzun zabala daukate gizakien artean. Ez dira gertakizun baztertuak, gizarte osoaren zoko guztietara ailegatzen direnak baizik. Eta kirol jarduera guztien artean, goi-lehiaketako kirolak (eliteko kirolari profesionalenak) dira, batez ere, oihartzun handiena izaten dutenak. Goi-norgehiagokako kirol munduaren inguruan sortzen diren mota guztietako berri ugariek (ligak, partidak, probak, fitxaketak, instalazio eraikuntzak, prentsaurrekoak, Joko Olinpikoak, Munduko Txapelketak,...) gure gizartean gaurkotasun izugarria dute. Gizataldearen bizitzan presentzia bete-betekoa da. Komunikabideak ikusi besterik ez dago. Egunero-egunero bai telebistek bai irratiek baita egunkari guztiek ere, beren informazioetatik zati garrantzitsua goi mailako kirolari eskaintzen diote. Ezinezkoa da ia-ia kirol albiste guzietatik ihes egitea.

Goi-lehiaketako kirolen garrantzi handi honek galdera garrantzitsua sortzen du, halabeharrez. Zergatik du kirol profesionalak halako oihartzun zabala gizarte honetan? Galdera hori egiterakoan goi mailako kirolaren funtzio sozialaz ari gara galdetzen. Galdera bera da. Bistan da, kirol profesionalak hainbesteko presentzia badu gizartean funtzio garrantzitsua betetzen duelako dela. Eta hauxe da, hain zuzen, gai honetan aztertuko duguna; kirolak (eta goi-lehiaketako kirolak, batik bat) gizartean betetzen duen funtzio soziala, non ikusi nahi dugun goi-lehiaketako kirolaren muinean zein ideologia, zein filosofia, zein balore, zein ekonomia erlazio dauden eta politikarekin zein nolako harremanak dituen.

Maiz esan ohi digute kirola jarduera NEUTRALA dela, ez dagoela inolako interes ideologikorik, politikorik edo ekonomikorik bere atzetik, bera kontrolatzen, alegia. Kirol jarduerek ez omen lukete inolako erlaziorik ekonomi eta politika gora-beherekin. Baina uste ustela da, bai horixe. Azterketa soziologiko ñimiñoenak ere, argi eta garbi, erakusten du kirola ez dela neutrala gure gizarte barruan. Bere inguruan oso interes ekonomiko eta politiko indartsuak mugitzen direla eta funtzio sozial interesatua betetzen duela. Are gehiago, ezinbestekoa da horrela izatea. Kirol jarduerak ere gizakien arteko jarduerak dira. Eta, beraz, halabeharrezkoa da kirol jarduerak ere gizakien artean ematen diren harremanengatik kutsatuak egotea. Beste modura esanda, gizartearen beste jarduera motetan ematen diren dinamika berberak emango dira kirol jardueretan ere. Kirol jarduerek, gizartearen izaera eta egitura eramaten dute. Kirola, goi mailako kirola, gizartearen isla da, nahi eta ez. Eta horrexegatik, kirol inguruko jarduera guztietan gure gizartearen egitura, dinamika, antolakuntza, ideologia, filosofia, kultura, politika eta ekonomia antzeman daitezke nabarmenki. Goazen, bada, alderdi hauek banan-banan aztertzera.

GOI-LEHIAKETAKO KIROLA ETA EKONOMIA

Jakin badakigu, goi mailako kirolen inguruan izugarrizko dirutzak mugitzen direla. Kirolari asko dago, asko eta asko profesionalak, zenbait kiroletako onenek diru piloa irabazten dutelarik. Kirol instalazioak oso garestiak dira. Hauek eraikitzeko eta zaintzeko enpresa bereziak sortu dira. Kirol materiala egiten eta berriak ikertzen dituzten enpresak ere badaude. Mediku, fisiologo eta entrenatzaile asko dago kirol errendimendua hobetzeko ikertzen dihardutenak. Lehiaketak, txapelketak, probak ugaritu egin dira eta garrantzitsuenak beren antolakuntzarako diru kopuru handiak erabiltzen dituzte. Saritan eta kirolarien fitxaketetan milioi asko erabiltzen da. Kirol publizitatean, jokotan (kinielak) dirua barra-barra ibiltzen da. Goi mailako kirolen inguruan, beraz, diru mordo izugarriak mugitzen dira.

Goi-lehiaketako kirolak, beste ezer baino lehen, NEGOZIOAK dira, eta beste edozein negozio bezalaxe funtzionatzen dute, diru irabazia helburu nagusiena izanik. Beraien negozioetarako bezero asko behar dituzte, dirua emango dutenak. Bezero hauek ikusleak, jarraitzaileak dira. Ez dituzte kirolari askorik behar. Gutxi batzuekin nahikoa zaie ikuskizuna antolatzeko. Hortik aurrera ikusleak bilatzen dituzte barra-barra, zenbat eta gehiago orduan eta hobe, orduan eta negozio borobilagoa baita. Ikuskizun zaleak behar dituzte, kirolak egitea maite dutenak baino. Goi-lehiaketako kirolak ikuskizunak dira eta ez kirola egiteko bideak.

Joku Olinpikoak, Munduko Txapelketak, adibidez, sekulako negozioak izaten dira talde antolatzaileentzat eta herri antolatzaileentzat. COI da Joko Olinpikotako talde antolatzailea eta FIFA futbolean Munduko Txapelketa antolatzen duena. Ez dituzte antolatzen kirolzaletasuna bultzatzearren, izugarrizko negozioak direlako baizik. Horregatik “saritzen” dituzte herrietako ordezkariek talde antolatzailetako partaideak oparien bitartez, azken hauek Joko Olinpiko edo Munduko Txapelketako sedeak erabakitzera doazenean, norberaren herriaren alde bozka dezaten.

Baina ez dezagun pentsa kirolaren negozioa goi maila horietan bakarrik ematen denik. Ezta pentsatu ere. Bi adibide. Lehenengoa, pentsatzekoa da kirol arropan zenbat marka dagoen eta zein publizitate gogorrak egiten dituzten arropa enpresek beren arropak eros ditzagun. Bigarrena; izugarrizko kanpainak eta publizitatea egiten dira gure aisian, gure denbora librean, zenbait kirol berezi egin ditzagun eta ez beste batzuk. Zergatik? Bultzatzen diren kirol jarduera horiek negozio onak direlako. Adibide argienetakoa eskiarena izan daiteke. Eskia, argi dago, kirol garestia da. Diru dezente eskatzen du (garraioa, erremonteak, garestia den arropa, eskiak, lo lekua...). Eski sasoian izugarrizko dirua mugitzen da interes pribatuen poltsikoak ederki betetzeko. Ikusi besterik ez dago zenbat autobus enpresa, bidai agentzi, hotel eta eski-estaziok lan egiten duten. Honekin ez dugu esan nahi eskia egitearen aurka gaudenik. Eskizalea dena bihoa eski egitera. Esan nahi duguna zera da; kirol honen atzetik negozio handia dagoela eta jende asko "modan" dagoelako ("modan" jarri dutelako, hobe esan da) joaten dela, ez benetan gogokoa duelako. Zergatik ez dira, ordea, publizitatean gastatzen diren dirutza horiek mendizaletasuna, igeriketa, korrika egitea, elurretan oinez ibiltzea eta osasungarriagoak diren jarduera soilak bultzatzeko erabiltzen? Ba arrazoi nagusienetarikoa horixe da; azken kirol hauen inguruan negozio handirik ez dagoelako antolatzerik.

GOI-LEHIAKETAKO KIROLA ETA POLITIKA

Maiz entzun ohi da kirolak eta politikak ez dutela zer ikusirik elkarren artean eta kirol jardueren atzetik ez dagoela inolako presio edo eragin politikorik. Politika kirol mundutik at egongo omen litzateke. Esperientziak erakusten du, ordea, neutraltasun hori erabat gezurrezkoa dela eta gezur hori lau haizetara oihukatzen dutenak izaten direla lehenak kirolak beren interes politikoetarako maneiatzen.

Ez gara politikak kirol jardueretan eragiteko erabiltzen dituen hamaika bide horiek aztertzen hasiko, gaia luzeegi joango litzatekelako. Baina eragin hori egiazkoa dela adierazteko zenbait adibide aipatuko ditugu.

Batetik, aspalditik jakina da gobernu diktadore eta ezdiktadoreek goi-lehiaketako kirol norgehiagokak, jendeak eguneroko arazoak ahaz ditzan edo gobernuaren akatsak estaltzeko erabili izan dituztela betidanik. Futbola lekuko. Futbol lehiaketako garaipen garrantzitsuak arazo politikoak eta sozialak ahazteko erabiliak izan dira eta dira oraindik ere. Joko Olinpikoetako garaipenak ere modu berean erabiliak izaten dira.

Bigarren, zergatik dira herri-kirolak hain baztertuak beste kirolen aldean? Zergatik futbolak, saskibaloiak, atletismoak, tenisak, txirrindularitzak eta antzekoek publizitatean, diru laguntzan eta komunikabideen aldetik izugarrizko laguntza eta bultzada jasotzen dute eta aizko jokoak, soka-tirak eta beste euskal kirolek, berriz, hain gutxi? Zergatik oztopatzen dituzte soka-tirako, pilotako eta samboko Euskal Federazioek nazioarteko onarpena izatea? Zergatik egiten dira hamaika ahalegin euskal futbol-selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialetan parte har ez dezan? Ez al daude arrazoi politikoak erabaki hauen atzetik? Argi dago baietz. Herri-kirolak eta euskal selekzioak euskal herriaren nortasunaren adierazpide dira eta azken hau indartzea ez zaie batzuei komeni.

Adibide gehiago dira hauek. 1936an Berlinen ospatu ziren Joko Olinpikoak, Hitlerrek aleman arrazaren nagusitasuna frogatzeko erabili izan zituen. 1980an Moskun ospatu ziren Joko Olinpikoei EEBB bultzatuta, herri kapitalistek boikot egin zien, politika borrokak zirela medio. Hurrengo Joko Olinpikoetan Los Angelesen, estatu sozialistek, Sobiet Batasuna buru zelarik, boikota itzuli zieten.

GOI-LEHIAKETAKO KIROLA ETA KULTURA

Goi-lehiaketako kirolak, bestetik, kultur balio batzuk islatzen ditu. Bizitzan jokatzeko izpiritu bat, bizitza eta giza harremanak ulertzeko ikuspegi bat osatzen duten balio-sistema barneratuta dauka, nahiz eta agerian ez den nabari eta jende askok ez uste arren. Goi-lehiaketako kirolariek onartzen dituzten balioak edo arauak dira, eta, era berean, ikusle eta gizaki guztiei igortzen eta hauek barneratzen (ohartu gabe gehienetan) dituztenak. Goi mailako kirola, egun, ideologia bat ere bada edo, hobe esanda, ideologia zehatz bat igortzeko bide on bat. Eta larriena, horretaz jende gehiena ez jabetzea da.

Eliteko kirolarien ideologia hori gizartearen egiturarena da, nola ez. Kirol profesionalek barneraturik duten balio-sistema, bizitzea tokatzen zaigun gizarte honen balio-sistema bera da (kontsumitu, lehiatu, irabazi, ospea, hoberena izan berdin diola nola, aberastu). Adibidez, goi-norgehiagokako kirolaren helburu nagusiena argi dago IRABAZTEA dela. Kirola, lehenik eta behin, norgehiagoka da. Baina helburua ez da lehiatzea eta kito. Asmo eta desio handiena irabaztea da. Lehiatzen ohi da, irabazteko, garaipena lortzeko. Lehiatu eta galduz gero ez da estimatzen, alferrikako ahalegina da. Ahaleginak, saiatze hutsak ez du ezertarako balio baldin eta ondoren garaipena ez badator. Maiz esan ohi da kiroletan parte hartzea dela garrantzitsuena, ez irabaztea. Baina errealitateak erakusten digu goi mailako kiroletan esaldi hori gezur borobila dela, garrantzitsua den bakarra irabaztea dela.
"Parte hartu eta galdu, hobe etxean gelditu"

Garaileak idolo eta mito bihurtzen dira eta beste guztiez ez da ia inor gogoratzen. Irabazleak eramaten ditu gizartearen ohore eta onespen guztiak. Komunikabideak pil-pilean izaten dituzte irabazle diren bitartean baina galtzen dutenean hondoratzen dituzte gupidarik gabe eta garaile berriak goraipatzen dituzte idolo berriak bihurtuz.

Baina komunikabideek irabazleen alde polita adierazten dizkigute bakar-bakarrik. Ez digute kirolari profesionalen bizitza zein gogorra den erakusten (oso entrenamendu gogorrak), zenbaterainoko sakrifizioak egin behar izaten dituzten (parranda gutxi, lagun gutxi askotan, opor gutxi, ikasketak utzi, osasuna arriskutan jarri, etorkizuna zalantzan ipini,...). Komunikabideek garailearen alde ona besterik ez dute azaltzen. Bestetik, ez digute erakutsi nahi zenbat eta zenbat kirolari (gehienak) zeukaten guztia eman eta bidean gelditu diren, arrakastaraino heldu gabe. Bigarren mailako kirolari hauek bizitza osoa sakrifikatu dute eta ez dira inora iritsi. Ez zaigu esaten sentitzen duten "porrota".

Irabazteko, gainera, edozein modu da zilegi. Ezin bada joko garbiz, batzuetan, joko zikina eta beste bideak (doping-a, arbitroak erosiz, aurkakoa lesionatu,...) erabiltzen dira. Kirol profesionala, maiz, agresiboa, gogorra eta zikina da.

Are gehiago, kirolarien osasunak bost axola du. Ezkutatzen digute zenbat proba eta astakeria egiten dituzten medikuek eta kirolariek hauen osasunarekin (adibidez, gimnasioko neskatxei garapen sexuala atzeratu, emakume gizon hormonak eman indarra handitzeko,...). Berdin dio doping-ak ondorio kaltegarriak ekarriko badizkie ere. Irabazten laguntzen badio kirolariak hartuko du.

Azkenik esan, goi mailako kirola gizartea bezalaxe matxista dela. Kirol mota gehienak gizonezkoei begira asmaturik daude. Emakumezkoak fisiologikoki hobeto prestaturik dauden eta hobeak diren kiroletan gizonezkoak ez dute parte hartzen (gimnasia-erritmikoan, esaterako). Gainera gizonezkoen kirolei garrantzi handiagoa ematen zaie eta, lotsagarria dena, emakumezkoei sari eskasagoak ematen zaizkie nahiz eta proba berdinean parte hartu izan.

Ezaugarri edo balio gehiago legoke aipatzeko, noski. Gutxi hauekin zera adierazi nahi izan dugu: goi-lehiaketako kirola ez dela neutrala ideologikoki eta balio sistema sendo bat duela barneraturik. Gakoa da balore sistema hori egokia den ala ez, edo eta zenbateraino den egokia. Posible izango litzateke goi lehiaketako edo goi mailako kirola bat beste balore sistema humanoagoak onartuko lituzkeena?

GOI-LEHIAKETAKO KIROLA ETA OSASUNA

Lehiaketaren ikuspuntutik begira garrantzi gutxi du kirolari profesionalen osasunak. Goi mailako kirola ez dago osasunari begira antolatuta. Ez du osasuna sendotzea helburu. Negozioa da eta negozio guztiak bezalaxe diru etekin handiena lortzea du helburu. Kirolarien osasuna bigarren mailako gauza da. Ez du axolarik bere osasunean egiten ari zaion kalte posibleak. Alde batetik, frogatuta dago goi-lehiaketako kirolariek ez dutela gizaki arruntek baino osasun hobeagorik izaten. Are gehiago, bataz beste lehenago hiltzen dira bihotzeko gaitzen batek jota. Gainera, maizago izaten dira gaixo immunizazio sistema ahulago bihurtzen delako. Bestetik, lesio ugari pairatzen dituzte.

Ondorio horien arrazoia neurriz gainezkoko entrenamenduetan datza, batez ere. Osasunaren ikuspegitik ariketa fisiko gehiegi egiten dute. Zenbait goi mailako kirolarik beren entrenamenduetan edo lehiaketa egunetan sekulako astakeriak egiten dituzte. Gogora ditzagun txirrindulariak Tour-eko zenbait goi mendiko etapetan edo Ironmanak. Ez da harritzekoa zenbait artikulazio, zurda, gihar edo bestelako lesionatzea. Oso ezagunak dira xabalina-jaurtilariek sorbaldetan eta ukalondotan izaten dituzten lesioak, tenislariek besoan izaten dituztenak, igerilarien sorbalda arazoak, txirrindularien "tendinitisak", jauzi hirukoitzeko atletek orkatilan eta belaunean sufritzen dituztenak, pilotarien esku gaitzak eta abar luzea.

Are gehiago, gehiegi entrenatzeaz gain, kirolari profesional zenbaitzuk doping-a, hormonak eta bestelako gai eta trikimailuz baliatzen da beren errendimendua hobetzearren baina guzti horiek osasunean kalteak eragiten dituzte. Kirol medikuek, askotan, kirolariak laborategiko animaliak bezala erabiltzen dituzte bere gorputz-osasunekin makina bat proba eta esperimentu eginaz, osasunerako duten arriskutan gehiegi ohartu gabe. Errendimendua hobetzeagatik kirolari asko edozer gauza probatzera ailegatzen da. Baina guzti honetaz ezer gutxi aipatzen da komunikabideetan.

Goi mailako kirolariek jasaten dituzten kalte psikikoak ere ez dira makalak. Kalte hauetaz, ordea, oso gutxi hitz egiten da nahiz eta zabalduak dauden. Batetik, kirolari dezentek sufrimendu handia eta mina sentitu behar izaten dute beren jarduera fisikoan. Batez ere, erresistentziazko probetan gertatzen da. Beren ahalmen biologikoen mugen kontra borrokatu behar izaten dute eta honek oinazea dakar. Gogora ditzagun, adibidez, txirrindulari profesionalak goi mendiko etapa baten azken portuan erakusten duten sufrimendua. Bestetik, beren kontratu, fitxa eta soldatak justifikatzeko, berengandik espero denari erantzun behar izaten diote eta horrek presio handia sortarazten die. Garaipen bat lortzeko, markaren bat hobetzeko edo lehiaketaren bat, partidaren bat irabazteko ingurunearengandik presioa jasotzen dute, kirolariengan estres, kezka eta tentsio mailak areagotuz. Hainbesterainoko presioak, maiz, segurtasuneza sortzen du batzuengan eta ez dute eman zezaketen errendimendua ematen.

Badira kirolariak hainbeste kirol egiteagatik adikzioan bukatzen dutenak. Ezin diote kirol egiteari utzi, ezin dute gorputza "matxakatu" gabe bizi. Triatleten artean ematen da, esate baterako. Kirolari hauei adikzio psikologiko horretaz sendatzeko desintoxikazio zentroak sortu dira.

Azkenik aipatu behar dugu zenbait kirola, berez, kaltegarriak direla osasunerako, nahiz eta gehiegikeriatan ez erori. Adibide argienetakoa boxeoa dugu. Baina negozioak direnez ez dira desagertzen eta beren ondorio larriak ezkutatzen dira.

Goi-lehiaketako kirola eta osasuna, beraz, ez dute elkar askorik maite.

LABURTZEKO esan dezakegu, goi-lehiaketako kirola ez dela komunikabideak ohiz erakusten diguten bezalakoa. Oso negozio handia izanik, politikoki eta kulturalki balio-sistema zehatza bultzatzen du, osasunarekin zer ikusi gutxi daukana. Hau horrela izanik, ezinbestekoa zaigu honako galdera egitea. Zergatik ezkutatzen digute komunikabideek kirol profesionalaren errealitate gordina?

Baina kirolak ez luke zergatik horrelakoa izan behar. Kirola neurrian eta modu egokiz eginez gero osasungarria da eta atsegina ere. Bere bitartez adiskidetasuna, norbere estima, joko garbia eta abar lan daitezke. Guk horrelako kirola bultzatuko dugu. Lehiaketari garrantzia eman baino dibertitzeari emango diogu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario