Páginas

miércoles, 10 de febrero de 2010

GAIA: 4DBH / Kualitate Motrizak

KONTZEPTUA. SAILKAPENA

Lehenik eta behin esan behar da hitz ugari erabiltzen direla kontzeptu berbera izendatzeko; "kualitate" terminoa beharrean "ahalmen" eta, zenbait kasutan, "trebetasun" (nahiz eta azken kontzeptu hau desberdina izan) eta "motriz" hitzaren ordez "motorea" edo "psikomotriza". Bigarren, kualitate motriza kontzeptuari adituek esleitzen dizkieten definizioak, maiz, desberdinak direla. Hirugarren, ez datozela bat kualitate motrizak elkarren artean bereizterakoan. Mota eta sailkapen desberdinak ematen dituzte.

Gure aldetik, honako definizio eta sailkapenak emango ditugu ustez egokienak direlakoan:

Kualitate motrizetan kualitate fisikoetan gertatzen ez den bezala, garunak, nolabait, modu garrantzitsuagoz hartzen du parte. Garunaren benetako parte hartzeak bereizten ditu kualitate motrizak kualitate fisikoengandik. Azken hauetan garunaren edo burmuinaren lana ez da hain azpimarragarria.

Kualitate motrizen artean bi aipatzen dira, batez ere: KOORDINAZIOA eta OREKA. Hauek dira oinarrizko kualitate motrizak. ARINTASUNA, adibidez, kualitate motriz eratorri bezala aipatzen da. Badira beste zenbaitzuk (erritmoa, ezkerra edo eskuina izatea) baina garrantzi txikia dutenez ez ditugu ikusiko.

Azkenik, trebetasun motriza kontzeptua argituko dugu. Ekintza fisiko, mugimendu edo lan motriz zehatz bat egiteko ahalmena da. Bi mota bereizten dira beraien artean; oinarrizkoak eta bereziak. Oinarrizko trebetasun motrizak gorputzaren erabilpen arrunta, egunerokoa adierazten dute eta beraien artean honako hauek aipa ditzakegu: jauziak, lekualdaketak, birak, jaurtiketak eta hartzeak. Trebetasun motriz bereziak, berriz, kirol edo jarduera fisiko bakoitzean egiten diren gorputz mugimendu bereziak izaten dira, hala-nola: saskira jaurtiketa, bolea, pedalak mugitu, sotamanoa, krolera igeri egin eta abar luzea.

Gatozen orain kualitate motriza nagusienak banan-banan aztertzera.

KOORDINAZIOA

KONTZEPTUA. GARRANTZIA

Koordinazioa, aldi berean mugimendu desberdinak ordena, zehaztasun eta abiadura egokiz egiteko ahalmena da.
Koordinazioa ekintza motriz guztietan (ibili, korrika egin, autoa gidatu, jan, ikasi, hitz egin...) ageri da. Mugimendu orok, txikiena eta soilenak ere, koordinazio maila bat eskatzen du. Edozein mugimendu burutzeko mugitu behar diren gorputzeko zatiak modu egokiz ordenaturik, "koordinaturik" egin behar dira, mugimendu osoa egokia izan dadin.

Kirol teknikoetan, hots, mugimendu konplexu desberdin ugari behar diren kiroletan (adibidez, futbola, saskibaloia, eskubaloia, pilota, hockeya, boleibola eta talde kirol gehienak) oso garrantzitsua da koordinazio gaitasun handia edukitzea. Beste kualitate fisiko eta motrizak baina garrantzi handiagoa hartzen du. Kirol hauetan beste kualitateak (indarra, erresistentzia, abiadura,...) garatuak izatea ezinbestekoa da baina kirolariaren kalitatea bere koordinazio ahalmenaren mailan egongo da. Kirol hauetako kualitaterik garrantzitsuena da.

Pentsa dezagun, esate baterako, saskibaloiko jokalariek kontrako taldeko beste jokalariak gainditu, jauzi egin eta airean daudela baloia saskira jaurtitzeko egin behar dituzten mugimendu desberdin piloek zenbaterainoko koordinazio maila behar duten hain denbora laburrean eta zehaztasun gorenarekin egiteko. Edo-eta gimnastek, altuera-jauziko eta luzera-jauziko atletek beren mugimenduak eta jauziak egiteko agertzen dutena. Karatekak, trapezistak eta malabaristak ere oso adibide egokiak dira koordinazio maila handiko gizakiak bezala.

OINARRI FISIOLOGIKOA

Gorputzeko zati desberdinen mugimendu desberdinen koordinazioa gertatzeko nerbio-sistema da arduraduna. Honek mugimenduen koordinazioa gerta dadin gihar-sistemari behar diren aginduak bidaltzen dizkio. Beste modura esanda, koordinazio ahalmena nerbio-sistemak eta gihar-sistemak elkarren artean duten harremanetan gauzatzen da. Koordinazio egokiak nerbio eta gihar sistemen elkarlan egokia eskatzen du.

EBOLUZIOA

Koordinazioa hazkuntzarekin batera joaten da hobetzen eta 20 urte inguruan lortzen da koordinazio mailarik gorena. Behin 25-30 urtetik aurrera gaitasun hau jaisten hasten da baina pixkanaka.

KOORDINAZIOA LANTZEKO ARIKETAK

Ariketa piloa dago eta nahi hainbat gehiago asma daitezke. Kontutan hartu behar dugu mugimendu berezi bakoitzak koordinazio berezi bat eskatzen duela eta jakinik gure gorputzak egin ditzaken mugimendu mota desberdinen kopurua izugarria dela, proportzio bereko koordinazio mota kopurua izango dugu. Eta ildo beretik jarraituz, koordinazio mota bakoitza lantzeko ariketa desberdinak asma daitezkeenez ohartuko gara zenbaterainoko koordinazio ariketa asmatu eta egin ditzakegun.

Bestetik esan beharra dago kirolak oso egokiak direla koordinazio kualitatea lantzeko eta, gehiago edo gutxiago, koordinazio mota asko lantzen dituztela. Eta kirol guztien artean, kirol "teknikoak" edo teknika (trebetasun motriza, hain zuzen) konplexuak eskatzen dituztenak dira egokienak koordinazioa garatzeko. Esaterako, futbola oso egokia da hanken koordinaziorako. Beisbola, pala, esku-pilota, saskibaloia, hockeya, boleibola eta tenisa besoetako koordinazioa hobetzeko gauza bera. Korrika egitea, igeriketa, arraunketa, txirrindularitza eta, oro har, erresistentziazko kirolak, berriz, ez dira hain egokiak izaten, ez dute koordinazioa hainbeste garatzen.

Beraz, laburki esanda, kirolak oso ariketa egokiak suertatzen dira kualitate hau lantzeko eta, batez ere, mugimendu konplexuak eskatzen dituztenak. Hala ere, bada beste zenbait ariketa bikain koordinazioa lantzeko. Esate baterako, fandango eta arin-arin azkar dantzatzea, malabarismo ariketak, sokasaltoa, eskailerak "lau hanketara" igo eta jaitsi, ahalik eta azkarren.

OREKA

KONTZEPTUA. GARRANTZIA

Oreka kualitate fisikoa, grabitatearen aurka gorputzaren kontrola mantentzeko azaltzen dugun gaitasuna da.

Zenbait egilek oreka kualitatea koordinazio kualitatearen mota berezia bezala ulertzen dute. Bistan da badutela zerikusirik, oreka mantentzeko gihar uzkurdura eta orekaren organo desberdinak (ikusmen eta ukimenerako organoak, belarri barnea) ematen diguten informazioa "koordinatu" behar baitira oreka mantentzeko. Baina guk, egile gehienei jarraituz, bi kualitate bezala desberdinduko ditugu.

Oreka ahalmen ona edukitzea kirol guztietarako da garrantzitsua. Eta guztien artean emakumezkoen kirol-gimnasian oreka-barra aparatuarekin egiten den proba aipa dezakegu, neskek erakusten duten oreka izugarriagatik.

MOTAK. OSAGAIAK

Bi mota bereizten dira: oreka dinamikoa, gorputza mugimenduan dabilenean (txirringaz, patinetan, eski gainean ibiltzerakoan, esate baterako) egiten dena. Eta oreka estatikoa, gorputza geldirik dagoela (pinuarena egin, hanka puntetan edo hanka baten gainean gaudenean) burutzen dena.

OINARRI FISIOLOGIKOA

Fisiologia aldetik, oreka mantentzeko gaitasun hau zentzu organoen eta, nagusiki, ikusmenaren eta belarriko aparatu bestibularraren menpe dago. Gorago aipatu bezala oreka kualitateak koordinazio kualitatearekin harreman estua du.

EBOLUZIOA

Oreka kualitateak, garapen psikomotorearekin batera eboluzionatzen du. Oreka estatikoaren mailarik gorena 6 urtetarako lortzen da eta urteak aurrera joan hala ez da ia ezer galduko hil arte. Oreka dinamikoaren goi maila, berriz, beranduago ailegatzen da (15 urte aldera) eta horrela jarraituko du 35-40 urte arte, ordutik aurrera pixkanaka galduko delarik.

OREKA LANTZEKO ARIKETAK

Besteak beste hauxek egin ditzakegu:

Oreka estatikorako:
- Pinuarena.
- Bi “borrokalari” hankak lurretik ezin dituztela altxa edo mugitu eta esku batetik helduta daudela, esku horren bitartez bestea lurrera botatzen saiatu behar dira. Hanka lurretik lehenengo altxatzen edo desplazatzen duenak galduko du.
- Hanka baten gainean beste hanka, besoak eta gorputza lurrarekiko paralelo ipiniz "T" letra marrazten ea zenbat denbora egiten dugun.

Oreka dinamikoa:
- Begiak itxita ibili.
- Lurrean marratutako marra zuzen edo kurbo estu baten gainetik ibili, pixkanaka abiadura handituz.
- Eskiatu.
- Patinetan ibili.
- Monopatin gainean ibili.
- Oreka barran gainean ibili aurreraka eta atzeraka.

ARINTASUNA

KONTZEPTUA. OINARRI FISIOLOGIKOA

Arintasuna, edozein egoeratan ustekabeko mugimenduak azkar eta modu errazean (kontrol eta oreka osoz, hain zuzen) egiteko ahalmena dela esan daiteke.

Adibidez, gimnastak eta altuera-jauziko atletak oso arinak direla esan ohi da; harri-jasotzaileak eta sumoko borrokalariak, berriz, ez dira hainbeste.

Arintasuna, beraz, bere oinarrian abiadura, malgutasuna, indar lehergarria eta gorputzaren kontrolaren (hots, koordinazio eta orekaren) gaitasunen arteko nahasketa edo batura bezala uler daiteke. Beste hitzetan esanda, kualitate motriz eratorria da, aipatutakoengandik eratorria.

Honek esan nahi du arintasunaren menpekotasun fisiologikoa bera osatzen duten oinarrizko kualitateek daukatena izango dela: hots, abiadura, malgutasuna, indar lehergarria, koordinazioa eta orekak duten oinarri fisiologikoekin izango da lotuta.

ARINTASUNA LANTZEKO ARIKETAK

Bistan da arintasunaren oinarrian dauden beste kualitate fisiko eta motrizak garatzen dituzten ariketa fisikoek lagunduko dutela arintasuna ere hobetzen. Beraz, abiadura, malgutasuna, indar lehergarria, koordinazioa eta oreka lantzeko ariketa fisiko orok balio du ere arintasuna trebatzeko. Ariketa pilo horien artean, besteak beste, honako hauek aipa ohi dira kualitate motriz eratorri hau lantzeko:

- altuera-jauzia.
- fandango eta arin-arin dantzak (izenak dion bezalaxe) azkar egitea.
- harrapaketara jolastea.
- sokasalto ariketak (banaka, binaka, taldeka; azkar, makurtuz, desplazatuz, hanka baten gainean jauzi eginez...).
- eskailerak, espalderak korrika banan-banan igo eta jaistea

No hay comentarios:

Publicar un comentario