Páginas

miércoles, 10 de febrero de 2010

GAIA: 4DBH / Kualitateak neurtzeko probak

Gorago ikusi dugu sasoia, kualitate fisikoak eta kualitate motrizak entrenamendu edo prestakuntza egokiaren bidez asko hobe daitezkeela. Hobekuntza fisikorako entrenamendu plangintza hasi aurretik komeni da norberaren sasoiaren egoera zein den jakitea. Interesgarria izango zaigu ere entrenamendu plangintzaren edozein unetan, edozein egunetan (eta plangintza burutu ondoren ere bai) gure sasoiaren egoera nolakoa den ezagutzea, plangintza ongi doakigun aztertzeko, hots, entrenamenduaren bitartez guk aldez aurretik ipini ditugun helburu fisikoak betetzen ari garen ezagutzeko.

Horretarako dira ondoren aipatzen diren neurtzeko probak. Jakin badakigu jadanik, sasoia kualitate fisiko eta motrizek osatzen dutela. Hortaz, sasoia neurtzeko bera osatzen duten kualitate fisikoak eta motrizak neurtuko ditugu. Haren egoera hauen egoeren neurketaren bitartez ezagutuko dugu. Kualitate fisikoak eta motrizak neurtzeko proba edo test desberdin asko dago. Zehaztasun handiz neurtzeko makina garesti eta konplexuak behar dira eta ez daude gure esku. Baina guk ez dugu honelako zehaztasunik behar. Makina bat ariketa edo proba erraz badago kualitate horiek nahiko zehaztasunez neur ahal izateko eta gure helbururako nahikoak direnak.

ABIADURA NEURTZEKO
- 40 METROTAKO LASTERKETA: Abiadura mota guztiak (erreakzio abiadura, azelerazio abiadura, abiadura gorena eta erresistentzia abiadura) kontutan hartzen ditu. Burutzeko modua: Irteera posizioan geldirik egonik, txistua entzun orduko abiatu eta korrika 40 metrotako tarte zuzen eta laua ahalik eta azkarren bete. Erabilitako segundo eta dezimak neurtuko dira.

ERRESISTENTZIA NEURTZEKO
Jakin badakigu, bi erresistentzia mota bereiz daitezkeela: anaerobikoa eta aerobikoa. Lehenengoa neurtzeko probek, gehienez, 2-2'30” minutu iraungo dute eta aerobiko egokienek ikusi da 12-20 minutu tartean irauten dutenak direla. Anaerobikoa neurtzeko proben artean 300 metrotako eta 500 metrotako lasterketak eta Burpée testa ditugu eta aerobikoa neurtzen dutenen artean Cooper-en testa, 1500 metrotako lasterketa eta "Navette" deritzaiona. Guk honako bi hauek erabiliko ditugu:
- BURPEE TESTA: Helburua minutu batean ahalik eta aldi gehien egitea da. Burutzeko modua: (1) zutik gaudela, (2) makurtu, eskuak eta hanka puntak lurrean ezartzen ditugula. (3) hankak atzera bota gorputza luzatuz, (4) berriz (2)garren posiziora itzuli eta (5) zutituz hasierako posizioan bukatu.
- 12 MINUTUTAKO LASTERKETA: Burutzeko modua: Korrika, 12 minututan, ahalik eta distantzia luzeena egitea, metroetan neurtuta.

INDARRA NEURTZEKO
Dakigunez hiru indar mota bereiz ditzakegu: gorena, abiadura indarra eta erresistentzia indarra. Indar gorena neurtzeko, ordea, makinaz baliatu behar dugunez horretarako diren probak ahaztuko ditugu. Abiadura indarrari buruzko informazioa, gehienetan bide ez-zuzenak erabiliz lortu ohi da. Adibidez, zama neurri batekin (indar gorenaren %30-%50 dena) iraupen laburreko mugimendu jakin batzuk egiteko behar dugun denbora neurtuz. Erresistentzia indarra ezagutzeko, nagusiki, bi bide erabiltzen dira. Alde batetik, lan zehatzak burutzeko behar den denbora kronometratzea. Eta bestetik, denbora jakin batean burutu daiteken lan bolumena neurtzea. Jarraian, hiru proba aipatuko ditugu (bat abiadura indarra neurtzeko eta bi erresistentzia indarrerako).
- JAUZI BERTIKALA: Hanken indar lehergarria neurtzeko balio du. Burutzeko modua: 3 bat metrotako eskala marraztuta dagoen hormaren ondoan jarriko gara zutik eta goraka jauzia eginez hanketako bulkadarekin lortu dezakegun altuera bertikal gorena neurtuko dugu.
- ABDOMINALAK MINUTU BATETAN: Gihar abdominalen erresistentzia indarra neurtzeko balio du. Burutzeko modua: Minutu batetan ahalik eta abdominal (ariketa) gehien egiten saiatuko gara. Etzanda buru-gora eta belaunak flexionaturik egin behar dira. Eskuak lepo atzean. Altxatzerakoan ukalondoekin belaunak ukitu behar dira.
- BESO-FLEXIOAK MINUTU BATETAN: Beso eta bularretako giharren erresistentzia indarra neurtzeko balio du. Burutzeko modua: Minutu batetan ahalik eta beso-flexio aldi gehien egiten ahaleginduko gara. Belaunek ez dute lurretik altxa behar inoiz.

MALGUTASUNA NEURTZEKO
Ez dago gorputz osoko malgutasun maila neurtzerik proba batez, gorputz osoan zehar artikulazio piloa daukagulako eta artikulazio bakoitzak bere mugikortasun maila (malgutasun maila, alegia) izan dezakeelako. Hortaz, gorputz osoko malgutasuna ezagutzeko artikulazio guztien mugikortasuna neurtu beharko genuke, artikulazio bakoitzeko proba bat definituz. Ez gara honelako zehaztasunetan galduko. Adibide gisa, liburu gehienetan aipatzen den proba adieraziko dugu.
- ENBORRAREN FLEXIO SAKONA: Kiroletan erabilitakoena den flexioa dugu. Burutzeko modua: Lur gainean eserita jarririk hankak luzatu, elkarren artean 45 gradutako angelua osatzen dutelarik. Belaunak flexionatu gabe gorputza flexionatu eta eskuak ahalik eta urrutien eramaten saiatuko gara. Bi orkatilak lotzen dituen marra zuzen batetik harantz eskuak zenbat cm-ra eramaten ditugun neurtuko dugu.

KOORDINAZIOA NEURTZEKO
Malgutasunarekin gertatzen zaigun antzera ez dago gorputz osoko koordinazio maila neurtzerik proba batez, koordinazio orokorra oso kontzeptu konplexu eta zabala denez aldagai piloa hartu behar delako kontutan. Beraz, koordinazio zehatz bat neurtuko duen proba batekin konformatu beharko dugu.
- SOKASALTOA: Hanken jauziak eta besoen mugimenduak koordinatzeko ahalmena neurtuko dugu, nolabait. Burutzeko modua: Banaka, soka bat hartu mutur bakoitza esku batez heltzen dugularik minutu batean gorputzaren inguruan ahalik eta aldi gehien igarotzen saiatuko gara, soka hanka azpitik pasatzerakoan jauzi txikiak egiten ditugularik. Beraz, aldiak neurtuko dira.

OREKA NEURTZEKO
Oreka dinamikoa neurtuko dugu, estatikoa baino orokorragoa delako.
- OREKA BARRA: Burutzeko modua: Lau bat metrotako luzera duen eta 30 bat zentimetroko altuerara dagoen oreka barra baten gainetik (alderantziz dagoen banku suediar bat edo bi, ere, erabil daitezke), minutu batean, ahalik eta joan-etorri gehien egingo ditugu. Beraz, joan-etorriak zenbatuko dira eta erorketa bakoitzeko aldi bat (burututako joan-etorri bat) kenduko da

No hay comentarios:

Publicar un comentario