Páginas

miércoles, 10 de febrero de 2010

GAIA: 4DBH / Malgutasuna

KONTZEPTUA. GARRANTZIA

Malgutasunarentzat definizio hau proposatzen dugu:

Malgutasuna, gorputz mugimendu zabalak (artikulazioen ibilbide gorenak erabiliz lortzen direnak, hain zuzen) egiteko ahalmena da.

Pertsona edo kirolariren bat malgua dela esaten denean bere gorputzarekin tolesteko, makurtzeko, okertzeko eta edozein moduz mugitzeko agertzen duen gaitasuna edo neurri handia adierazi nahi da. Gogora ditzagun, esate baterako, kirolarien artean kirol-gimnasia edo gimnasia-erritmikoan aritzen diren neskatxek egiten dituzten mugimenduak. Inor ez bezala tolesten eta okertzen dira. Oso pertsona malguak dira.

Malgutasuna beste bi kualitatez osatuta dago: mugimendu zabal horietan parte hartzen duten giharren ELASTIKOTASUNAz eta artikulazioen MUGIKORTASUNAz. Beraz, gure gorputzeko malgutasuna, giharren elastikotasun eta artikulazioen mugikortasunen menpe izango da. Elastikotasuna giharrek (zuntzak eta lotailuak barne) beren luzera arrunta handitzeko eta beren tamaina arruntera itzultzeko (luzarazi dituen indarra desagertu ondoren) duten gaitasuna da. Mugikortasuna, berriz, artikulazioa osatzen duten hezurrek elkarren artean mugitzeko duten ahalmena da.

Malgutasun ona edukitzea garrantzitsua da kirol guztietan ahalik eta mugimendu zabalenak egin ahal izateko eta, bereziki, kualitate fisiko landuena den probetan (adibidez, gimnasian, altuera-jauziko "fosbury" estiloan, hesidun lasterketetan). Baina eguneroko bizitzan ere garrantzitsua bihurtzen da. Frogatuta dago erregularki eta modu egokiz gihar elastikotasuna eta artikulazioen mugikortasuna lantzen duten ariketak egiten dituzten kirolari eta ezkirolariek mugimendu zabalagoak egiteko ahalmena edukitzeaz gain, artikulazio eta gihar lesio gutxiago eta postura deformazio gutxiago pairatzen dituztela. Malgutasuna lantzeak, bestetik, indar handitzea dakar.

Baina malgutasun gehiegi egiteak kalteak sor ditzake. Luxazioak jasateko joera eta giharrak ahultzea gerta litezke, orduan.

OINARRI ANATOMIKO-FISIOLOGIKOA

Malgutasuna, esan bezala, artikulazioen mugikortasunarekin eta giharren elastikotasunarekin lotuta dago. Azken hauen izaerek definituko dituzte malgutasunaren ezaugarriak eta mugak.

Artikulazioaren mugikortasuna, honen egitura anatomikoarengatik dator mugatuta. Hain zuzen, mugikortasunaren ikuspegi horretatik hiru artikulazio mota dago:

Sinartrosia: Artikulazioa osatzen duten bi hezurrak bat eginda daude, "josita" bailiren, eta ez dago elkarren artean tarterik. Adibide bezala burezurreko hezurrak ditugu.

Anfiartrosia: Artikulazioa osatzen duten hezurrek mugimendu txikiak egiteko aukera dute eta hezurrak elkarren artean disko kartilaginoso batez daude loturik. Adibide gisa, bizkarrezurreko ornoak ditugu.

Diartrosia: Artikulazioa osatzen duten hezurren artean agertzen den tarteak (tarte artikularra deritzanak) hezurrei mugimendu zabalak egiteko aukera ematen die. Ariketa fisikoa egiteko artikulazio mota garrantzitsuena da hau. (Artikulazio hauek errotazio, flexio, abdukzio, adukzio, goratze, jaiste... mugimenduak egin ditzakete).

Beraz, artikulazioen mugikortasunak, gorputzaren egitura anatomikoak ezartzen dizkion muga naturalak dauzka, hain zuzen, hezurrek, lotailuek eta tarte artikularrak ipinitakoak. Azken bi hauen mugak dira, bereziki, mugatzen dutenak.

Bestetik, giharren elastikotasuna mugatzen duen alderdietako bat lasaitasuna da. Gaur egun frogatuta dago giharrak erlaxatzean (gihar antagonistak, zehazkiago esanda) lortzen duten luzapena handiagoa dela. Gihar antagonistak ez badira lasaitzen artikulazioaren mugimendua (eta, era berean malgutasuna) mugatu egiten da. Hain zuzen, malgutasuna lantzeko metodo berrienak (ingelesez streching eta euskaraz tenkadak edo luzaketak deritzanak) giharren lasaitasunari erabateko garrantzia ematen diote.

Tenperaturak ere badu zeresanik giharren elastikotasunean. Frogatuta dago giharrak berotzen direnean erraztasun handiagoarekin uzkurtzen eta luzatzen direla eta ondorioz, malgutasunean irabazi. Hortaz, malgutasuna entrenatzeko asmotan bagabiltza aldez aurretik giharrak ongi berotu eta lasaituko ditugu.

Gihartura handiak (giharren tamaina handiak), bere aldetik, malgutasuna mugatzen du, gihar bolumen handiak mugimendu zabalak egiteko oztopo bihurtzen direlako. Horrexegatik entrenamenduetan malgutasun eta indar ariketak nahastu behar dira, baten garapena bestearen ahalmen ahultzea ez dezan ekar.

Malgutasunean ere badu eraginik eguneko zein ordutan gauden. Jaikitzerakoan izaten da malgutasun eskasena. Urduri egoteak malgutasuna gutxitzen du giharrak zurruntzen direlako. Azkenik esan malgutasunean sexu desberdintasun nabarmenak ematen direla. Emakumea, berez, arrazoi fisiologikoak direla medio, gizonezkoa baino dezente malguagoa da. Malgutasun saio bat antolatzerakoan, komeni izaten da alderdi guzti hauek kontutan hartzea.

EBOLUZIOA

Malgutasunaren eboluzioari buruz zera esan daiteke. Beste kualitate fisikoekin gertatu ez bezala malgutasun mailarik onenarekin jaiotzen gara eta bizitzen zehar, pixkanaka, ahalmen hori galtzen joaten gara. Malgutasunaren eboluzioa beste kualitateen aldean zeharo desberdina da.

Hala ere 10 urte bitartean galera txikia izaten da baina hemendik aurrera pubertaroaren etorrerarekin eta honek sortzen dituen hazkunde eta, batez ere, giharturaren sendotzearekin malgutasuna nabarmenkiago galtzen da. 20-22 urte aldera jaiotuneko malgutasunaren %75 mantentzen da, bakarrik. 30 urte arte jaitsiera moteltzen da, berriz ere, indarraren egonkortasunaren ondorioz. 30 urtetatik aurrera galerak oso desberdinak izaten dira pertsona batetik bestera, norberaren hezur eta gihar egituraren arabera eta egindako jardueraren arabera.

MALGUTASUNA LANTZEKO ARIKETAK

Malgutasuna lantzeko ariketa piloa dago. Nahi adina. Baina hauek modu egokiz nola egin behar diren jakiteko malgutasuna entrenatzeko dauden sistema edo metodoez jabetu behar gara, metodo bakoitzak ariketak burutzeko era desberdina proposatzen baitu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario