Páginas

miércoles, 10 de febrero de 2010

GAIA: 4DBH / Sasoia

KONTZEPTUA

"Sasoia" kontzeptua ("Pysical Fitness" ingelesetik itzulia eta "Condición Física", "Forma Física" edo "Aptitud Física" deiturikoa gazteleraz) Gorputz Heziketa barruan, lehen aldiz mende honen hasieran, 1916 urtean, izan zen aipatua eta Lian-ek egin zuen. Gizakien gaitasun fisikoa neurtzerakoan erabili zuen. Baina kontzeptu honen definizio zabalduena Clarke-ri zor zaio, 1967an emanda eta honela dio:

Sasoia "eguneroko lana, kemenez eta eraginkortasunez, nekearen agerpena atzeratuz, energia gastu txikienez eta lesioak pairatu gabe eginez burutzeko trebetasuna" da.

Labur eta era errazean esanda sasoia gorputz mugimenduak, lan fisikoak (kirolak, jarduera fisikoa, bestelako ahalegin fisikoak...) modu egokiz egiteko daukagun ahalmenaren egoera edo trebetasuna adieraziko luke. Beste hitzak erabiliz, edozein ahalegin fisiko egiteko gure gorputzak azaltzen duen erantzun maila adierazten du.

Sasoiaren egoera ona denean, sasoitsu gaudela, sasoia daukagula, "forman" gaudela esan ohi da. Txarra denean, berriz, ezinean ibiltzen gara, leher eginda esfortzu fisiko bortitzak egin ahal izateko. Esate baterako, bistan da 180 kg pisatzen duen edozein pertsonak korrika egiteko eta beste mila jarduera fisiko egiteko edozein korrikalarik baino sasoi eskasagoa duela.

Clarken definiziotik bi ondorio atera ditzakegu. Alde batetik, sasoiak indarra, abiadura eta potentziarekin (kemenez), koordinazioarekin (eraginkortasunez), erresistentziarekin (nekearen agerpena atzeratuz) eta osasunarekin (energia gastu txikienez eta lesioak pairatu gabe) zerikusia duela. Beste hitzak erabiliz, sasoiak osagai desberdinak dauzkala. Sasoia, hortaz, bera osatzen duten zenbait ahalmen edo kualitate deritzaien emaitzat edo balorazio orokortzat uler daiteke.

Beste aldetik, faktore horiek (indarra, abiadura, potentzia, koordinazioa,...) entrenamenduaren bitartez hobe daitezkeenez sasoia bera ere prestakuntza fisikoaren ondorioz sendo daitekeela ikusten da. Are gehiago, azken ohar honek sasoiaren osagaien ezaugarria definitzen du. Hau da, sasoiaren osagaiak entrenamenduaren bitartez hobe daitezken faktore, ahalmen edo kualitateak dira. Clarke-k berak, hiru osagai berezi zituen sasoiaren barruan: gihar-indarra, gihar-erresistentzia eta erresistentzia orokorra edo kardiobaskularra. Eta hiru kualitate hauek osatu zuten hasera batetan sasoia kontzeptua.

Denboraren poderioz eta ikerketen ondorioz, entrenamenduarekin hobetzen ziren beste zenbait kualitate bazirela ikusi zen; hala nola, malgutasuna, abiadura, gihar-potentzia eta arintasuna. Geroztik kualitate mota berri asko proposatu eta definitu dira eta sasoia kontzeptuari osagai multzo desberdin piloa esleitzen zaio. Adituak, ordea, ez datoz oso bat, sasoiaren osagaiak zehatz-mehatz zeintzuk diren definitzerakoan. Are gehiago, batzuk sasoiaren barruan Clarke-k hasieran definitu zituen hiru osagaiak bakarrik sartzen dituzte. (Gainera sasoia terminoa baztertu samarra gelditu da azken aldian. Gaur egun kualitate edo ahalmenez hitz egiten da gehiago.)

Hala eta guztiz ere, badirudi joera nagusiena sasoiaren osagaien artean guztiak (aurrerago ikusiko dugu zeintzuk diren) sartzekoa dela nahiz eta, beharbada, jatorrizko hiru osagaiek (hots, indarra eta bi erresistentzia mota, gaur egun aerobikoa eta anaerobikoa deiturikoak) garrantzi handiago izango luketen. Guk ere halaxe egingo dugu. Kualitatetaz mintzatuko gara, batik bat, eta sasoia hitza erabiltzerakoan kualitate guztiak hartuko ditugu kontutan, ez jatorrizko hirurak bakarrik.

Egile asko bat dator sasoia osatzen duten kualitateak bi taldetan sailkatzerakoan. Sasoia kualitate fisikoek eta kualitate motrizek osatuko lukete. Kualitate hauek oinarri anatomiko eta fisiologikoa dute. Beraz, sasoiak osasunarekin lotura estua dauka. Zenbat eta oinarri biologiko hobea, zenbat eta funtzionamendu fisiologiko hobea orduan eta organo eta sistema sendoagoak, orduan eta osasun hobea, orduan eta kualitate fisiko eta motriz garatuagoak eta, beraz, sasoi hobea izango dugu.

Beraz, oso garrantzitsua da sasoitsu egotea, osasunaren adierazle delako. Eta sasoia, hau da, bera osatzen duten kualitate fisiko eta motrizak entrenamenduarekin hobetzen direnez prestakuntza fisiko honi garrantzi handia emango diogu gure Gorputz Heziketa irakasgaian. Hauxe izango da gure helburu nagusienetarikoa. Kualitate fisikoak eta motrizak garatuko ditugu sasoia eta osasuna sendotzen laguntzen digutelako.

Azter ditzagun, sakonkiago, zer eta zeintzuk diren kualitate fisiko eta motriz horiek, eta nolako ariketen bitartez hobe daitezken

No hay comentarios:

Publicar un comentario