Páginas

miércoles, 10 de febrero de 2010

GAIA: 4DBH / Sexismoa jarduera fisikoan



Bistan da, txiki-txikitatik hasita eta bizitza osoan zehar, neskek eta mutilek, emakumeek eta gizonek, oro har, kirol eta jarduera fisikoarekin duten harremana desberdina dela. Nahiz eta zorionerako azken urteotan poliki-poliki desberdintasunak txikitzen joan diren, oraindik ere, mutilek eta gizonek, oro har, neskek eta emakumeek baino ariketa fisiko eta kirol gehiago egiten dute. Bai eskola ordutan, bai eskola orduz kanpo, bai norbere kontura, baita kirol profesionalean ere askoz gizonezko gehiago topatuko ditugu emakumezkoak baino. Beste modura esanda, mutil eta gizonek, bataz beste, kirol gehiago egiten dute neskek eta emakumeek baino. Atal honetan gertakizun honen arrazoiak, zergatik den horrela aztertuko dugu.

Hori ulertzeko, maiz, arrazoi biologikoak aipatu izan dira. Iritzi hauen arabera emakumezkoak ez omen leudeke biologikoki gizonezkoak bezain ongi prestaturik jarduera fisikoa egiteko edo, beste modura esanda, beren gorputzaren baldintza biologikoengatik ez lukete hainbesterainoko gaitasuna ariketa fisikoan eta kirolean jarduteko. Eta froga moduan goi-lehiaketako kirolarien markak aipatzen dituzte, gizonezkoenak hobeak izaten baitira. Hau horrela al da? Ba al da arrazoi anatomiko-fisiologikorik emakumeak ariketa fisiko gutxiago egitera bultzatzen dituenak? Azter dezagun, bada, honi buruz Medikuntzak eta Biologiak zer dioten.

Gizon eta emakumeen gorputzak alderatuz lehendabizi atera daiteken ondorioa zera da: ia-ia berdinak direla. Batek dauzkan ia organo, funtzio, sistema eta aparatu guztiak dauzka besteak. Desberdintasunak txikiak dira, itxurazkoak batik bat. Azter ditzagun desberdintasun hauek.

DESBERDINTASUN ANATOMIKOAK

Gizon eta emakumeen arteko desberdintasun anatomiko nabarmenenak sexuari dagozkionak dira. Kirolean jarduterakoan, desberdintasun batzuk lagungarri bihurtzen dira eta besteak “oztopo”. Emakumeek duten “oztoporik” handiena titiengatik datorkie. Hauek, korrika, jauziak eta mugimenduak egiteko ez dira mesedegarri gertatzen. Horregatik komenigarria izaten da kirolak edo edozein ariketa fisiko egiteko neskek eta emakumeek titiak ongi eutsiko dituen bularretakoa ("sujetadorea") janztea. Gaur egun, badira merkatuan kiroletarako egokitutako bularretako onak. Sexu organoetan, aldiz, gizonezkoa da “kaltetuena”. Bere sexu organoak kanpoan daudenez, gorputz mugimenduetarako nolabaiteko traba egin dezaketela esan liteke. Emakumeak, ordea, bere sexu organoak gorputz barrenean daramatzanez ez du horrelako oztoporik jasaten.

Garrantzitsuagoak dira, aldiz, altueran eta pisuan dauden desberdintasunak. Gizonak, oro har, emakumeak baino altuera eta pisu handiagoak izaten ditu. Altuera berdina dutenean, bataz beste, gizonak sorbaldak zabalagoak eta birikak gehiago puzteko ahalmena izaten ditu. Pisu berbera dutenean, berriz, emakumeak gizonak baino gihar-masa eta hezur-masa (hots; gihar eta hezur kantitateak) txikiagoak izaten ditu baina koipe-masa handiagoa.

DESBERDINTASUN FISIOLOGIKOAK

Oraindik orain, gizonezko eta emakumezkoen desberdintasun fisiologikoei buruz ikerketa asko dago egiteke, baina orain arte hauxe ikusi da.

Bi sexuen artean gehien aipatu izan den desberdintasuna INDARRA izan da. Egia da, oro har, emakumeek gizonek baino indar gutxiago izaten dutela, hauen bi heren gutxi gora behera. Honen arrazoi fisiologikoa gizonaren gihar-masa handiagoan, gihar kantitate handiagoan datza. Indar desberdintasun handiena besoetan eta sorbalda-bular aldean ematen da. Hanka-izter aldean, berriz, gizonek eta emakumeek duten indarra berdintsua izaten da. Emakumeari itsatsi izan zaion "sexu ahularen" kalifikazioa indarrarekin, bakarrik, du zer ikusia. Indar fisiko txikiagoa duelako omen da emakumea ahulagoa. Baina ikuspegi fisiko orokorretik begiratuz gero balorazio hori eztabaidagarria da. Baieztapen horrek ez ditu beste kualitate fisikoak eta motrizak kontutan hartzen.

ERRESISTENTZIARI buruz, fisiologiak dio, gizonak lan fisiko luzeetarako erresistentzia fisiko (erresistentzia aerobikoa deritzana) hobea duela. Baina psikologiaren ikuspuntutik emakumeak sufritzeko ahalmen handiagoa duela uste da, aurreko desoreka fisiologikoa konpentsatuz edo, behintzat, gutxituz. Indarra gizonezkoen "ezaugarria" dela esan badaiteke MALGUTASUNA emakumezkoena dela esan behar da. Emakumeak eta neskak askoz malguagoak izaten dira. ABIADURAN ez da ikusi emakumearen eta gizonaren artean desberdintasun fisiologiko azpimarragarririk. Abiadura berdintsua erakuts dezakete biek. Kualitate motrizak, ordea, emakumearen alde daude. Emakumeak, oro har, KOORDINAZIO eta OREKA gaitasun hobexeak erakusten ditu. Emakumeak koipe-masa handiagoa duenez ur gainean errazago mantentzen da. Hau da igeriketako probetan beren markak gizonezkoengandik hain hurbil egoteko arrazoia. Azkenik, desberdintasun fisiologiko aipagarrienekin bukatzeko esan, gorputzeko koipeak (energia iturria) hobe erretzen dituela emakumeak.

Ikerketek frogatutako beste ondorio bat hauxe dugu. Entrenamendu berdinak eginez gero gizonek eta emakumeek azaltzen dituzten hobekuntzak (egokitzapen fisiologikoak) berdintsuak izaten direla. Beste hitzetan esan da, berdin aurreratzen dute.

Beraz, labur-labur esan da Biologia alderditik hauxe ondoriozta daiteke. Gizon-emakumeak uste izan den baino askoz berdintsuagoak gara kirolak egiterakoan edo egiteko ahalmenean. Badira desberdintasunak baina ez dira hainbesterainokoak. Anatomiak eta Fisiologiak diote bai gizonezkoak bai emakumezkoak gai garela edozein ariketa fisiko eta kirol praktikatzeko eta hauetako askotan, bai batzuek bai besteek erakuts dezaketen maila (markak), nahiko berdintsuak izan daitezkeela. Gainera, eta hori da garrantzitsuena, prestakuntzaren bidez lor daiteken hobekuntza fisikoa oso antzekoa da bientzat.

Gizona, oro har, tamainaz handiagoa, indartsuagoa eta erresistentzia handiagoa duena baldin bada, emakumea malguagoa, koordinatuagoa eta sufrituagoa da. Hortaz, zenbait kirol edo jarduera fisikotarako gizonak, berez, abantailaz jokatzen du baina bestetan emakumea da hobe prestaturik dagoena. Emakumezkoak malgutasuna, koordinazioa, oreka edo erresistentzia psikikoa eskatzen den probetan dute abantaila. Adibidez, zergatik ez dute gizonek gimnasia-erritmikoan parte hartzen? Nesken aldean lotsaturik geldituko liratekeelako? Baletan eta patinaje artistikoan, esate baterako, ongien defenditzen direnak emakumezkoak izaten dira.

Kirol profesionalean ematen diren markak ere norabide honetarantz begiratzen dute. Zenbait probatan, behintzat, pixkanaka gizon eta emakume kirolarien markak hurbiltzen doaz. Adibide gisa, maratoiaren kasua aipa dezakegu. Nork ziurta dezake, egunen batean, proba fisiko eta kirol askotan gizonezkoak eta emakumezkoak ez direla batera lehiatuko, sailkapen berberean sartuko eta antzeko markak lortuko? Litekeena da.

Beharbada esan liteke, emakumeen zoritxarrerako, historian zehar asmatu diren kirol gehienak, batez ere indarra eta erresistentzia fisikoa neurtzeko eginak izan direla, gizonezkoen mesedeetan. Honek zer ikusi zuzena edukiko du betidanik gizarteak izan duen egitura sozial matxistarekin. Zer gertatuko zatekeen kirol gehienak gizarte "feminista" batetan asmatuak izan balira? Zeintzuk lortuko zituzketen markarik onenak, gizonek ala emakumeek? Zer neurtuko litzateke, batez ere, malgutasuna, erresistentzia psikologikoa eta koordinazioa edo indarra eta erresistentzia fisikoa?

Azkenik, beste komentariotxo azpimarragarri bat. Egia da ia kirol guztietan gizonek emakumeek baino marko hobeak lortzen dituztela. Baina emaitza horiek ez dira arrazoi fisiologiko-biologikoengatik, bakarrik. Neurri handian kirolari kopuruari zor zaie. Kontutan hartu behar da kirolean jarduten duten emakume, neska kopurua gizonezkoena baino askoz txikiagoa dela. Argi dago, gizon kirolari adina emakume kirolari balego, hauen marka onenak askoz hobeak izango linaketela gizonen marketara hurbilduz. Bistan da, zenbat eta kirolari gehiago izan, zenbat eta kirolari gehiagok entrenatu, orduan eta marka hobeak lortzen direla. Arrazoi berbera dela medio (beste arrazoiren artean) Joko Olinpikotan Estatu Batuak, Txina eta Errusia dira domina gehien lortzen dituzten herrialdeak. Izan ere, kirolari gehien dituztenak baitira. Hainbesteren artean onenak izatea ez da batere harritzekoa.

ARIKETA FISIKOA ETA HILEROKOA

Gai hau ez dago oso sakonki aztertuta baina egindako ikerketen arabera ez dago inolako arazorik hilerokoarekin ariketa fisikoan eta kirolean jarduteko. Hileroko egunetan jarduera fisikoa egiteak ez du kalterik egiten. Hilerokoarekin ez dago zergatik bizitza erritmoa aldatu beharrik, funtzio fisiologiko arrunta baita. Beraz, egun horietan bestelako egunetan egiten den jarduera fisikoarekin jarrai daiteke lasai-lasai, oinazeak oztopo egiten ez duen bitartean. Are gehiago, ikusi da gorputz ariketa eta kirola maiz egiten duten emakumeei hileroko oinazeak gutxitzen zaizkiela batzuetan desagertzeraino. Beste arrazoi sendo bat, neskak kirola egitera animatzeko!

Ikerketek diote ere, emakume kirolari artean, batzuk hilerokoa duten egunetan beren sasoia gutxitzen ikusten duten bitartean beste zenbaitzuk norberaren markak gainditu izan dituela. Emakume kirolari asko dago, gainera, egun berezi horietan lasterketak eta probak irabazi dituena. Beraz, ez dirudi hilerokoa edukitzeak kirolerako errendimendua jaisten duenik.

Egiaztatuta dago ere, kirol asko egiten duten emakumeei (goi-lehiaketako emakume kirolariak, esate baterako) hilerokoa atzeratzen zaiela eta zenbat eta entrenamendu intentsoagoak egin orduan eta gehiago atzeratzen zaiela zenbait kasutan desagertzeraino. Irregulartasun hauek, ordea, entrenamendu bortitz horiek utzi bezain laster amaitzen dira.

Azkenik esan, frogatu dela ere erregularki kirola egiten duten emakumeek haurdunaldi eta erditze hobeak izaten dituztela. Baina ez nahastu. Haurdunaldian zehar ez da komeni ariketa fisiko bortitzak eta nekagarriak egitea.

Beraz, eta orain arteko guztia laburtzeko, argi eta garbi utzi behar da ez dagoela inolako arrazoi biologikorik neska eta emakumeek kirol gutxiago egiteko. Fisiologiak dio neskek mutilek bezalaxe edozein jarduera fisikoa praktika dezaketela eta, proba askotan, antzeko markak eta emaitzak lortu. Eta gai honen hasierako galderari erantzunez, argi eta garbi esan behar da neskek kirol gutxiago egiteko arrazoia ez dagoela gure gorputzetan, HEZIKETAn baizik. Mutilari txiki-txikitatik irakasten zaio kirola egitea ona dela, egin behar duela eta ahalbideak ematen zaizkio. Neskari ordea, nahiz eta azken urteetan zorionez asko aldatu den, ez zaizkio hainbesterainoko laguntzarik eta animorik ematen. Bada garaia diskriminazio sexista honekin bukatzeko! Batez ere, jakinik modu egokiz egindako jarduera fisikoa guztientzat zein ona den.

Animo ba, neska-mutilok! Ekin diezaiogun ariketa fisikoari!

4 comentarios:

  1. joseba asko pasa zea (bada garaia diskriminazio sexista honekin bukatzeko!) zeren eta kirola bakarrik nahi duenak egiten du,kirola gustuko duenak egiten du..eta ez mutila edo neska den pentsatuz,berak nahi dituen gauzak egingo ditu eta neska edo mutil bati kirola gustuko ez badu, ez du ezertan egin behar,oso ona da baino...ez du ezertan egin behar.....


    ANONIMO

    ResponderEliminar
  2. joseba ondo dao zure sexismoaren atala ez dago asko ikasteko baina informazio asko dago eta garbi jarrita.

    ResponderEliminar
  3. Asko gustatu zait egin duzun lana Joseba, nabari da orduak eman dituzula lanean.
    Amaierako esaldi honek dena argi uzten du: "Bada garaia diskriminazio sexista honekin bukatzeko!"

    ResponderEliminar
  4. Este comentario ha sido eliminado por un administrador del blog.

    ResponderEliminar