Páginas

lunes, 12 de abril de 2010

GAIA: 1 BATXILERGOA / 1 Entrenamendua. Kontzeptua

1.- KONTZEPTUA ETA GARRANTZIA

Ohar terminologikoa: Entrenamendu hitzaren baliokideak bezala, prestaketa eta prestakuntza terminoak ere erabili ohi dira.

Gorputz Hezkuntzako bibliografian maiz gertatzen den bezala, "entrenamendua" kontzeptuari buruz aditu edo egileek definizio desberdinak eskaintzen dizkigute. Guk definizio hauxe aukeratu dugu.

Entrenamendua, kirol errendimendu hoberena lortzeko eta horretarako errendimenduan eragiten duten alderdi guztiak lantzen dituen lan sistema, metodo edo era da, zeina aldez aurretik plangintzatuta eta programatuta dagoen.

Definizio honen lehen ezaugarria entrenamendua aldez aurretik plangintzatutako lan sistema dela da. Beraz, ez dago entrenamendu egokirik bat-batekeriak agintzen duenean. Entrenamendu guztia kontrolpean egon behar du eta aldez aurretik finkatutako plangintza jarraitu. Ohar hau oso garrantzitsutzat jo behar dugu eta edozein jarduera fisikorako balio du. Jende askoren uste eta praktikaren aurka prestakuntza edo praktika fisikoa ez dago edozein moduz hasterik eta egiterik. Honelako bidetik lesioak eta gaixotasunak erraz aski sor daitezke.

Entrenamendua onuragarria gerta dadin lege, printzipio eta arau batzuk bete behar dira, alde-aurretik jakin eta kontutan hartu beharko direnak. Eta ikasgai honen helburu nagusia da hauxe. Entrenamendu EGOKIA burutzeko jakin behar duguna ikasiko dugu datozen orrialdeetan, ondoren praktikara eramateko. Egokia deritzogu norberaren neurrira eta osasun arrisku (lesio, gaixotasun) txikienarekin egin behar delako.

Bigarren ezaugarria. Bistan da, emandako definizioan KIROL entrenamenduari buruz ari garela. Izan ere, entrenamendua, jatorriz, kirol probatan errendimendu gorenak lortzeko asmatua izan baitzen. Gaur egun, ordea beste helburuetarako erabil daiteke. Guk, gure Gorputz Hezkuntza irakasgaiaren zeregina zein den kontutan hartuta, entrenamenduaz ikasiko dugun guztia, batez ere, bi helburu nagusi sendotzeko erabiliko dugu; batetik, sasoiaren (hots, kualitate fisikomotrizen) egoera hobetzeko eta, bestetik, osasuna sendotzeko. Ahaztuko ditugu, beraz, kirol errendimendu gorena lortzeko ahaleginak, gure irakasgaitik at gelditzen delako. Guk "kirol entrenamendua" landu baino, nolabait esateko, "sasoi-osasun entrenamendua" landuko dugu. (Gogoratu sasoiaren bidez osasuna ere lantzen dela).

Entrenamendu edo prestakuntza osoak lau atal desberdin jorratu behar ditu: prestakuntza fisikoa, prestaketa psikologikoa, teknikaren prestakuntza eta entrenamendu taktiko-estrategikoa. Baina esan bezala gure helburuak ez doaz kirol errendimendu gorenaren ildotik. Azken hiru atalak, ordea, helburu horretara zuzenduta daude eta ez dute eraginik guk landu nahi ditugun sasoi eta osasun hobetze helburuetan. Beraz, aurrerantzean hiru arlo horiek ahaztuko ditugu eta garatuko dugun entrenamendua prestakuntza fisikora mugatuko da, beti aipaturiko bi helburuetara zuzendurik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario