Páginas

domingo, 11 de abril de 2010

GAIA: 1 BATXILERGOA / 2 Entrenamenduaren lege eta printzipioak

Gorago aipatu dugu, eta askotan egingo dugu, prestaketa fisikoa ez dagoela edozein moduz egiterik. Prestakuntza fisiko guztiak egokiak eta onuragarriak izan daitezen, zenbait lege eta printzipio bete beharko dituzte, ikerketa zientifikoak aurkitu dituenak. Gatozen betebeharreko lege eta printzipio hauek aztertzera.

2.1 LEGE NAGUSIAK

Entrenamenduek, halabeharrez, bi funtsezko lege bete behar dituzte. Lege hauek Hans Selye eta Arnold Schultz izeneko bi fisiologoek aurkitu zituzten entrenamendu fisikoek giza-gorputzean duten eragina ikertu zutenean.

Selye-ren legea edo Egokitzapenaren Sindrome Orokorra (ESO)

Egokitzapena, gizakiok ingurunera ohitzeko dugun ahalmenari deitzen zaio. Egokitzapen ahalmen hau, bizitzarako eta gizakion bilakaerarako ezinbestekoa zaigun fenomenoa da. Selye-ren legeak giza gorputzak lan fisikoetara eta bestelako zailtasunetara egokitzeko duen ahalmena adierazten du. Legearen arabera lan fisikoak, estimulua deritzanak, gorputzarengan estresa izeneko desoreka sorrarazten du. Gorputzak, orduan, sindromea deituriko erreakzio talde batez erantzuten du estresa gainditu nahirik. Denbora tarte baten ondoren, gorputza egoera berrira egokituko da eta estimulu berberak ez du gorputzarengan erreakzio berdina eragingo. Erantzun honi egokitzapena deritzo.

Esate baterako, giharren batek lan fisikoren bat (estimulua) burutu duenean, nekatu (estresa) egiten da eta ondorioz bere errendimendua jaisten da. Ondoren nahiko atseden tartea ematen bazaio giharrak neketik suspertzeko zenbait neurri fisiologiko (zirkulazio sistema, nerbio sistema eta abarren bidez) hartuko ditu energia-iturriak eta hondatutako gihar ehunak berritzeko eta sendotzeko. Honela estimulua jaso aurretik zeukan egoera baino egoera hobeagora helduko da eta estimulu berberari aurre egiteko ahalmen hobea erakutsiko du (giharra lodituz, esate baterako). Erreakzio horri superkonpentsazioa deitzen zaio.

Superkonpentsazio efektua denboraren arabera aldatzen joaten da. Denbora aurrera doan heinean, giharrari ez bazaio estimulu berririk eragiten superkonpentsazio efektua galtzen joango da hasierako oreka egoerara itzuli arte. Aldiz, suspertzeko denbora-tarte egokiak errespetatzen dituen entrenamendu erregular edo aldizkakoak, pixkanaka hasierako egoera hobetzen jarraituko du aurreko hobekuntzak galtzen utzi ez dituelako.

Superkonpentsazio fenomeno hau oso kontutan hartu beharrekoa da entrenamenduaren aldizkakotasuna (noizero egingo dugun) erabakitzerakoan. Azter ditzagun hori ikusteko bere erabilpenaren zenbait kasu:

A) Entrenamenduan zehar gorputzak, giharrek ez badute hurrengo lan fisikoetarako suspertzeko nahiko atseden hartu, nekaturik jarraitzen badute, entrenamenduaren ondorioz gorputzaren sasoi maila, errendimendu maila jaisten joango da superkonpentsazioaren efektua pairatzen utzi ez zaielako.

B) Entrenamendu saio batetik hurrengora atseden luzeegia utziz gero, superkonpentsazio efektua galduko litzateke eta ez litzateke hobekuntza fisikorik lortuko. (Horregatik behar du entrenamenduak aldizkakotasun gutxieneko bat).

C) Entrenamendu saioak elkarrengandik suspertzeko denbora tarteak utziz baina superkonpentsazio efektua galdu gabe eginez gero, sasoiaren hobekuntza jarraitua izango da.

Schultz Arnoldt-en legea edo atalasearen legea

Giza gorputzak estimulazio gutxieneko bat behar du egokitzapena pairatzeko. Estimulazio minimo honetatik berako estimulazioek ez dute nahikorik eragingo eta gorputza ez da egokituko. Estimulazio gutxieneko maila honi ahaleginaren edo egokitzapenaren atalasea deitzen zaio.

Era berean, estimulazio gehieneko bat ere badago, tolerantzia gorena izenekoa. Hortik gorako estimulazioez entrenaturik nekea sortzen da eta entrenatzen jarraituz gero luzarora heriotzara ailega daiteke. Hitz batez esateko, entrenamendu egokiak atalasea eta tolerantzi gorena arteko estimulazioekin egin beharko du lan. Atalase eta tolerantzi goreneko mailak pertsona batetik bestera aldatzen dira.

2.2 PRINTZIPIO NAGUSIAK

Entrenamendu orok, (bere plangintzak eta antolakuntzak, alegia), egokia izan dadin, printzipio nagusi batzuk bete beharko ditu. Printzipio hauek lege zientifikoen ondorio dira, giza gorputzek betetzen dituzten lege fisiologikoen ondorio, hain zuzen. (Gogoratu oraintxe ikusitako Hans Selye eta Arnold Schultz-en legeak, adibidez). Printzipio aipatuenak hauek dira:

1) BATASUN FUNTZIONALAREN PRINTZIPIOA
Printzipio honek gorputzak batasun gisa diharduela dio. Sistema eta organo guztiak erlazionaturik daudenez, hauetako edozeinetan oker bat gertatuz gero, gainontzekoen jarduera egokia eragotziko luke. Horregatik printzipio honek ezaugarri guztien garapena batera egin behar dela dio.

2) LAN JARRAITUAREN PRINTZIPIOA
Entrenamendua prozesu bat da eta modu jarraian antolatuta egon beharko du. Entrenamenduak eragin nahi dituen gorputz-egokitzapenak, etenik gabeko lanaren ondorioz gertatu behar dira. Noizbehinka burutzen diren prestaketek momentuko egokitzapenak sor baditzakete ere, ez dute luzarora emaitza baikorrak izaten eta kalteak jasateko arriskua areagotzen da. Bi ahalegin fisikoren artean denbora gehiegi igarotzen bada ez da gorputz hobekuntzarik izango. Gorputz egokitzapena egon dadin, halabeharrezkoa zaigu lan fisikoa jarraikortasunez (astero, hilero hainbat aldiz) egitea. Bi aste ezer egin gabe izan ondoren sekulako paliza hartzeak ez du ez hankarik ez bururik, ez hobekuntzarik baina bai kalterik. Lan jarraitua egiteak, ordea, ez du atseden tarterik egin behar ez denik esan nahi. Berreskurapenerako atseden hartzea derrigorrezkoa da.

3) AHALEGINAK PROGRESIBOKI HANDITZEAREN PRINTZIPIOA
Gorputzak entrenamenduaren eraginez lortzen duen egokitzapen maila handitzen joan dadin, entrenamenduetan egin beharreko ahaleginak progresiboki handitu behar dira. Entrenamenduetako lana handituko ez balitz hobekuntzarik gabeko unera ailegatuko ginateke. Baina bestetik esan behar da, ahalegin handitze horrek ezin duela edonolakoa izan. Egokitzapenak egonkorragoak izan daitezen ahaleginen handitzeak beste printzipio batzuk bete beharko ditu, superkonpentsazioarena, batez ere.

4) SUPERKONPENTSAZIOAREN PRINTZIPIOA
Aurreko bi printzipioek bezala, laugarren honek ere Selye-ren lege garrantzitsuaren ondorioak jasotzen du. Printzipioak dio entrenamenduko ahaleginak pixkanaka eta era berean susperraldi tarteak kontutan hartuz egin behar direla. Superkonpentsazioa eman dadin susperraldi denbora utzi beharra dago. Eta ahaleginak handitzen baditugu susperraldia ere handitu egin beharko dugu superkonpentsazioa osorik gerta dadin. Baina guztiz suspertu aurretik berriro lan fisikoari ekingo bagenio, neke eta ahultasun handiagoa izango genuke.

5) GAINZAMAREN PRINTZIPIOA
Errendimendua hobetzeko gorputzak jasan behar dituen egokitzapenak, egin beharreko ahalegin mailen araberakoak izan behar dute. Lan estimuluek, une bakoitzean norberak dituen egokitze atalase mailaren gainetik eta, aldi berea, tolerantzia gorenaren azpitik izango dira. Printzipio honek, hain zuzen, Schultz Arnoldt-en legea jasotzen du.

6) ALDERANTZIZKO AKZIOAREN PRINTZIPIOA
Entrenatzeari utziz gero, ordura arte entrenamenduaren bidez lortutako gorputz hobekuntza ia guztia berehala gal daiteke. Gure gorputzak pairatutako egokitzapen guztia desager daiteke. Eta guztia berriz berreskuratzeko, galtzeko pasa dena baino denbora gehiago behar izango du.

7) TRANSFERENTZIAREN PRINTZIPIOA
Mugimendu edo kualitate fisiko zein motriz zehatz bat lantzeko erabiltzen diren ariketek, litekeena da, beste mugimendu edo kualitateen garapenean eragin zuzena izatea. Eragin edo "transferentzi" hau hiru motatakoa izan daiteke: positiboa (besteen garapena laguntzen duenean), negatiboa (oztopatzen duenean) edo neutroa (eraginik ez duenean).

8) INDIBIDUALTASUNAREN PRINTZIPIOA
Gizaki guztiok desberdinak garenez entrenamendu berak eragin desberdina izango du bakoitzarengan. Ondorioz, oso komenigarria da norberak norberarentzako egokitua dagoen entrenamendu indibiduala prestatzea eta burutzea. Eginak-eginez ikasten da asko eta entrenamendu egokiak burutzerakoan ohartuko gara pixkanaka gure gorputzari zer komeni zaion eta zer ez.

9) ANIZTASUNAREN PRINTZIPIOA
Haurtzaroan eta gaztaroan oso kontutan hartu behar den printzipioa da. Esperientzia motriz berriak barneratzen ari den garaian haur edo gazte batek zenbat eta esperientzia desberdin gehiago bizi izan orduan eta mugitzeko ahalmen aberatsagoaren jabe egingo da. Mugitzeko aberastasun hori eskuratzeko, aniztasunean oinarritutako prestaketak egin beharko lituzke. Zenbat eta ariketa desberdin gehiago burutu, orduan eta erraztasun handiagoa izango du beste berri batzuk ikasteko. Beraz, helburu berberak lortzeko ariketa eta egoera desberdin ugari burutzea komeni da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario