Páginas

domingo, 4 de abril de 2010

GAIA: 1 BATXILERGOA / Gorputz irudiaren heziketa


GORPUTZAREN IRUDIA ETA KONPLEXUAK, LOTSAK


Badira ikasle asko (eta era guztietako pertsonak) beren gorputzaren itxurarekin gustura ez daudenak. Beren gorputzak gizenegi, argalegi edo, besterik gabe, itsusi ikusten dituzte. Gizenegi ikusten dutenen artean, badira batzuek, bat-batean, jateari ia erabat uzten diotenak argaldu nahian. Izugarrizko ahaleginak egiteko prest izaten dira (baina gehienetan modu desegokiz eta arriskutsuz) kilo batzuk jaistearren. Ildo beretik jarraituz, aipatzekoa da euskaldunen artean, azken urteetan, gertatzen ari den ANOREXIA gaixotasunak jotako kasuen hazkundea, eta kezkatzekoa da. Anorexiaz jotako pertsonek beren gorputzak gizen ikusten dituzte, nahiz eta horrela ez egon, eta jateari uko egiten diote izugarri argalduz, anemiak hartuz eta, sendatzen ez badira, heriotzaraino helduz. Gaixo gehienak, %90, neskak izaten dira eta 14 eta 20 urte bitartekoak, batik bat. Gaixotasun larri hau ez da gosea eta miseria dagoen herrialdeetan ezagutzen. Aldiz, gure gizartean hain baloratuta dagoen "argalkeriaren" itxurarekin erlazionatuta dago.

GORPUTZ KONPLEXUAK ETA KOMUNIKABIDEAK

Orain arte aipatutako jarrerak gorputzaren itxurarengatik izaten diren konplexu eta lotsen ondorio dira. Azken hauek bultzatzen dute jokaera haietara. Halako jarrera izaten dutenen artean, ordea, badira arrazoi hori, konplexu edukitze hori ukatzen dutenak, baina, argi dago, lotsak edukitzeaz lotsatzen direlako ukatzen dutela.

Hala ere, aitortu behar dugu, denok (edo ia denok) ditugula lotsak eta gorputz konplexuak, nahiz batzuek gehiago besteek gutxiago. Eta normala da, guztiz. Heziketa, kultura kontua baita. Gizarte honetan gorputz ederren eredua, gorputz politak nolakoak behar duten izan, egunero-egunero, buru-belarri sartzen digute, etengabe, pelikula, iragarki, aldizkari, telebista eta abarren bitartez. Eta gizaki gehienak eredu horretatik kanpo geratzen garenez, konplexuak eta lotsak sortzea ez da batere harritzekoa. Pertsona gehienak ez gara "modelo eskultural bollito bonboi mis" horiek bezalakoak izatera ailegatzen eta min ematen digu. Denok, edo ia denok, nahi genuke honelakoak izan, gizartean oso estimatua baitago estetika hori, baina ezintasun horrek konplexuak sorrarazten dizkigu. Etengabe sartzen dizkiguten eredu horiek direla eta, gure gorputzaren itxurarekin gustura ez izateak eramaten gaitu gorputza besteen aurrean ezkutatzera edo eta bere itxura aldatu nahi izatera. Guztiz erreakzio normala da.

Eta are gehiago zuen adinean, nerabezaroan. Garai honetan mutil eta neskatxa izatetik gizon eta emakume izatera aldatzen ari zarete eta, bitartean, gorputz aldaketa sakonak pairatzen dituzue. Aldaketa horiek eta, batez ere, sexu organoen garapenak lotsa berriak sorrarazten ditu, sexuarekin erlazioa duen guztia nahiko zigortua izan delako orain arte. Urte batzuk gehiago behar dira egoera fisiko berrira ohitzeko eta onartzeko, lotsak neurri handi batetan gainditzen direlarik. Prozesu hau guztiori gertatutakoa da eta zuei ere gertatuko zaizue.

Esan dugu, eta eguneroko bizitzan bistan da, gizaki guztiek (edo ia denek), gehiago edo gutxiago, gorputz konplexuak eta lotsak bizi izaten ditugula. Gakoa da, nola bizi izaten ditugun. Denetik dago. Gizaki batzuk beren konplexuei garrantzia kentzen eta ahazten saiatzen dira, beren lotsak gainditzen ahaleginak egiten dituzte, beren gorputza den bezalakoa onartzen, estimatzen eta maitatzen dute. Hitz bitan esateko, neurri handian konplexuak eta lotsak gainditzen dituzte. Beren gorputzak diren bezalakoak onartu eta gusturago bizi izaten dira. Beste batzuk, berriz, izugarri sufritzen dute konplexu eta lotsa horiengatik. Beren konplexuak gogorarazten dizkieten egoera aurrean aurkitzen direnean ez dira gai aurre egiteko eta oso gaizki pasatzen dute.

Gure gorputzaren itxuragatik gure izaeran eta jarreran sortzen diren gorabeherak, Gorputz Heziketa irakasgaian sartzen den gaia ere izanik, ondorengo orrietan arazo honi buruz zenbait gogoeta egingo ditugu, helburu honekin: konplexu eta lotsa horiek, ahal den neurrian, gainditzen laguntzea, eguneroko bizitzan beraiengatik gutxiago sufri dezagun, eta norberaren gorputza onartzen eta berarekin gustura egoten laguntzea.

Goraxeago aipatu dugu, gizarte kontsumista eta iragarkiez jositako honetan "edertasunaren" ereduek duten eragin handia. Egunero-egunero telebistak, moda eta "kotilleo" aldizkariak, fisio-kulturismo aldizkariak, pelikulak, iragarkiak eta beste komunikabideak bonbardatzen aritzen zaizkigu guregan edertasun eredu zehatz bat sartu nahirik. "Danone gorputzak", bis eta mister txapelketak, top modeloen tipitoak, gimnasioetako gihartsuak, moda pasarelak, artisten janzkerak eta abar luzearen bitartez nola jantzi, mugitu, orraztu, usaindu, margotu eta beltzarandu behar dugun, nolako gorputzak, giharrak, begiak, gerriak, neurriak (90-60-90) eta abar eta abar izan behar ditugun inposatzen dizkigute nahi eta ez. Modak sortzen dituzte modu zehatz batekoak izan gaitezen. Beraiek markatzen digute edertasuna zer den. Eta oso zaila zaigu eragin horretatik ihes egitea.

Hainbesterainoko bonbardaketak lortzen du jende gehiena edertasun eredu eta balore horien aurrean makurtzea, sinestea eta onartzea. Gizarteak, oro har, edertasun eredu eta irizpide horiek barneratuta dauzka eta asko estimatzen ditu, gainera. Sasoiko modak agintzen duen modura jantzi, eta gorputz itxura edukiz gero oso onartuak izaten gara besteengandik. Eta denoi zaigu gogoko ingurukoen estimazioa jasotzea. Horregatik saiatzen gara komunikabideak inposatzen dizkiguten edertasun arau horiek betetzen. Gizaki gehienak, ordea, ez gara "tipito" eta "modelito" horiek bezalakoak eta beraiekin konparatzerakoan sortzen zaizkigu konplexuak. Baina, ongi egiten al dugu edertasun eredu horiekin alderatzen? Erantzunak, zenbait gogoeta izan behar ditu kontutan.

Batetik, esan behar da, maiz, "modelito" eta "tipito" horiek ez direla naturalak, ez direla bizimodu arrunt batez garatutakoak. Modelo eta artista asko eta askoren gorputzak neurri "artifizialez" baliatuz lortutakoak dira. Hala nola, silikonazko titiak eta ezpainak, kirurgia estetikoak nonahitik, oso dieta zorrotzak, gimnasio entrenamendu gogorrak, hormonak eta abarrez baliatzen dira. Gorputz "eskultural" horiek lortzeko sakrifizio handiak egin behar izaten dituzte gehienetan.

Bigarren, jakinaren gainean egon behar dugu gorputz estetika horren atzetik izugarrizko NEGOZIOA dagoela, izugarrizko interes ekonomikoak daudela. Pentsa ezazue kosmetika industriak, ile apaindegiek, estheticienek, arropa dendek, bitxi dendek eta abarrek zenbat dirutza mugitzen duten modak direla-eta (beraiek bultzatzen eta sortzen dituzten modak, noski). Eta komeni zaie guk moda horiek jarraitzea, gure kontura aberasten baitira.

Hirugarren, galdera filosofiko samar bat egin dezakegu. Zer da edertasuna? Ikuspegi objektiboa al da? Edertasuna denentzako berbera ala norberaren gustuaren araberakoa al da? Gauzak berez al dira ederrak eta itsusiak? Bistan da edertasuna erabat erlatiboa dela. Gauza, arropa, pertsona bera, batzuentzat polita izan daiteke eta beste batzuentzat itsusia. Denok ez dauzkagu iritzi estetiko berdinak. Orduan, zergatik inposatu behar dizkigute modaren bitartez, edertasun eredu zehatz batzuk eta ez utzi norberak gustukoena duena aukeratzen? Zergatik esan behar digute nola jantzi, orraztu, usaindu, mugitu... behar dugun? Bistan da arrazoia. Edertasun industriak modak sortu behar ditu eta denbora gutxira aldatu jendeak bizitzeko behar duena eta gustukoena duena baino gehiago kontsuma dezan, bide batez industria erraldoi horrek negozioa jarrai dezan (gogora itzazue moda eta emakumeentzako aldizkariak). Behar artifizialak sortzen dituzte eros ditzagun.

Laugarren, argi eta garbi esan behar da gorputz ederra izatea oso ongi dagoela baina ez dela pertsonaren alderdi garrantzitsuena. Pertsonaren "kalitatea", pertsona batek besteengan sortzen duen erakarpenean axola handiagoa izaten dute beste honako ezaugarriek: bere nortasuna, izaera, sentimenduak, jarrera, kultur maila, alaitasuna, atsegintasuna,... Badira makina bat gizaki oso gorputz polita dutenak baina lerdo itzelak direnak. Badira ere, itsusiak eta oso pertsona atseginak direnak eta baita bollito maitagarri, atsegin eta onak direnak. Edertasun fisikoa ez da dena.

Beraz, modek eta komunikabideek buru-belarri sartzen dizkiguten balore estetiko horietaz "paso" egin behar genuke ahal dugun neurrian. Ez digute batere mesederik egiten. Ez dugu eredu horien esklabo bihurtu behar, bestela asko sufrituko dugu-eta. Gure gorputzak onartu behar ditugu, diren bezalakoak, beren edertasun eta akatsekin. Gure gorputzak bere itxura eta guzti maitatu, zaindu eta beraiekin disfrutatzen ikasi behar dugu, hori bai dela garrantzitsua. Osasuna eta sasoia izateak, esate baterako, edertasuna baina garrantzitsuagoak dira zoriontsu izateko. Haiei begiratu behar genieke gehiago azken honi baino.

Hala ere, edertasunaren kritika honetan ez dugu beste muturreraino joan behar. Ez dugu edertasuna, itxura polita gorrotatzeraino iritsi behar eta "Gora itsusiak!" oihukatuz bizi. Edertasunari bai, ongi dago, humanoa da eta betidanik estimatua izan da baina OBSESIONATU gabe eta beste giza ezaugarri (pixka bat gorago aipatutakoak, adibidez) garrantzitsuagoak daudela ahaztu gabe. Egia da, gainera, ezin dugula gizarte kontsumista honen erreferentzia estetikoetatik erabat ihes egin. Denoi gustatzen zaigu besteek gu eder ikustea eta jende gehienak modak esaten duenari jarraitzen dio. Baina ez gara moda hauetaz itsutu, obsesionatu eta samindu behar. Ongi dago gure gorputzak, gizarteak dionaren arabera, ederrak edukitzen saiatzea baina esklabo bihurtu gabe. Bestela asko sufrituko dugu eta konplexu asko izango ditugu.

Ildo beretik jarraituz, gogoratu behar dugu gorputz ederra eta polita edukitzea gure esku ere badagoela neurri handian. Bi dira hori lortzeko tresnak: ariketa fisikoa eta elikadura egokia.

Badakizue, modu egokiz egindako ariketa fisikoak onurak besterik ez dituela sortzen. Itxura aldetik, esate baterako, gizaki lodiei soberan izaten dituzten koipe kiloak erretzen (galtzen) laguntzen die. Beraz argaltzeko oso bide egokia da. Bestetik, eta beren gorputzak argalegi ikusten dituztenek jakin behar dute ariketa fisikoak giharrak handitzen dituela, kiloak irabaziz horrela. Itxura eta kalitate oneko kiloak, gainera! Medikuntzak frogatuta dauka, argi eta garbi, ariketa fisikoak gizenak mehetzen dituela eta argalak gizentzen.

Bigarren bidea elikadurarena da. Elikadura egokiak ez du gizentzen inola ere. Nahi adina jan behar da. Osasuntsu eta sasoitsu izateko gorputzak, goseak eskatzen duen guztia jan behar da eta elikatzen duten mota guztietako janariak jan behar dira. Elikatzen dutenak diogu eta ez tripa betetzen dutenak. Litxarreria asko jaten da elikatu batere ez eta gizendu pilo bat egiten duena. Ongi elikatuz gain kilo batzuk galdu nahi badira, denetik jan behar da eta gorputzak eskatzen duen adina baina lipidoak eta gluzidoak (koipea eta azukrea duten janariak, gizentzen dutenak, alegia) gutxiago. Beraz argaltzeko denetik eta nahiko jan behar da, gizentzen dutenak salbu eta ariketa fisikoa egin. Badira ere gaizki elikatzeagatik mehe daudenak. Beren elikadura hobetuko balute segur aski kilo "osasuntsu" batzuk irabaziko lituzkete.

MEHETZE ERREGIMENAK

Jende arruntaren ustearen aurka, argitu behar da, bat batean jateari uzteak ez duela balio mehetzeko. Mehetze erregimen hauek, batetik, astakeriak dira anemiak eta osasun arriskuak dakartzatelako eta, bestetik, ez dutelako funtzionatzen.

Gorputzak, janari falta antzeman orduko erreserbak (koipe ehunak) handitzen hasten da eta, era berean, metabolismo basala (jarduera maila, gutxi gora behera) gutxitzen du, erreserba gutxiago gastatzearren. Beraz, jan gabe egunak igaro ondoren nahiz eta kiloak jaitsi koipe portzentajea handiagoa da erregimena hasi aurretik zegoena baino. Eta jatera itzultzerakoan berriz, egunetako goseak sortu duen jateko gogo-bizia aurreko egunetan galdutako kiloak eta gehiago berreskuratzera bultzatzen du. Bat bateko “gose greba” hauek ez dute balio izaten mehetzeko.

Koipezko erreserbak erretzeko egin behar dena zera da: metabolismoa igo (hori ariketa fisikoaren bitartez egiten da) eta, era berean, koipezko janari gutxi jatea gorputzak behar duena erreserbetatik har dezan. Ez dago beste bide mirakuluzkorik. Farmazietan saltzen dituzten pilula mirakuluzko horiek gezur hutsa dira eta askotan ondorio larriak ekartzen dituzte osasunerako.

BILUZTEKO LOTSAK

Oro har, batzuk gehiago besteak gutxiago, denok (edo ia denok) izaten dugu lotsa besteren aurrean biluzteko, gure gorputza nolakoa den erakusteko, sexu organoak bereziki. Eta jarrera honen zentzuaz edo zentzugabekeriaz galde genezake. Ba al dago arrazoirik gorputzeko zenbait zatiez lotsatzeko, estaltzeko? Zergatik ezkutatzen ditugu mundu guziak, edo mundu erdiak gutxienez, dauzkan organoak? Zergatik ez ditugu belarriak, sudurrak, eskuak eta abar estaltzen, eta sexu organoak bai? Zergatik lotsatu behar dugu gure sexukoen aurrean garen bezalakoak agertzen berdin-berdinak baldin bagara? Are gehiago, zergatik lotsatzen dira batzuk eta besteak ez, larru gorritan jarri behar denean? Zergatik ez dira lotsatzen oraindik biluzirik bizi diren herrietako gizakiak (Amazonasen, Afrikako zenbait tribu)?

XX mendearen hasieran, hondartzetan lepotik belaunetaraino dena estaltzen zuten bainujantziak erabiltzea derrigorrezkoa zen, bai emakumeentzat bai gizonentzat. Urteak pasa hala, eta poliki-poliki, bainujantziak txikitzen joan ziren, gaur egungo tela puska txikietaraino heldu arte. Duela hamarkada batzuk emakumeek hondartzetan titiak agerian erakustea lotsagarria eta delitua zen. Gaur egun, berriz, nonahi ikusten dira. Are gehiago, badira, eta gero eta gehiago, hondartza, kanpin eta hotel “nudistak”, non adin eta mota guztietako jendea (umeak, gazteak, gurasoak, helduak, aitona-amonak, politak, itsusiak, meheak, lodiak,...) erabat larru bizirik egoten den lasai-lasai inongo lotsarik gabe. Denborarekin aldatzen joan da gorputzeko zein zati diren ezkutagarriak, lotsagarriak eta zeintzuk ez, mugatzen zuen irizpide soziala. Ez ote zaigu gertatuko gaur egun lotsagarria dena biharko egunean ez izatea? Martxa honetan, biharko egunean hondartzetan nola jantzita bukatuko dugu? Donostiako edozein hondartzetan, esate baterako, 2004ko udaraz geroztik legez onartuta dago nudismoa egitea.

Garai batetan ikastetxe, igerileku eta kiroldegietako aldageletan BANAKAKO dutxak egiten zituzten, inork ez zezan beste inor larru gorritan ikus. Gaur egun, ordea, ikastetxe, igerileku eta kiroldegi berriek bi aldagela (gizonezkoak eta emakumezkoak banatzeko) izaten dituzte baina bakoitzean dutxak irekita izaten dira (gure ikastetxeko gimnasioko aldagelak, lekuko), horrela onartuz sexu berdinekoen arteko “nudismoa”. Martxa honetan, nork ziurta dezake hemendik urte batzuetara (hamar, hogei, berrogei, batek daki) ikastetxe, igerileku, kiroldegi eta leku guztietan, gizonezko eta emakumeentzako izango den eta dutxa irekiak izango dituen aldagela bakarra izango ez denik? Nork ziurta dezake biharko egunean neska-mutilak, gizon-emakumeak elkarrekin lasai-lasai, naturaltasun osoz aldatu eta dutxatuko ez direnik?

Argi dago, beraz, gorputzeko zenbait zati ezkutatzeko jarrera heziketa kontua dela eta aldakorra dela. Ez dago arrazoirik biluzi behar denean lotsatzeko, eta sortzen zaizkigun lotsak jasotako heziketarengatik dira. Hala erakutsi digutelako, besterik ez. Baina jakinaren gainean egon behar dugu, poliki-poliki lotsa horiek gainditzen joan beharko ditugula bizitzan zehar egoera berrietara moldatu beharko dugulako eta egoera berri horien aurrean gutxiago sufritzeko. Gaur egun ia gimnasio, kiroldegi, dantza talde, kirol talde guztietan, dutxatu beharreko unean, biluzi behar izaten da norberaren sexukoen aurrean. Mediku, ginekologo eta erizainen aurrean ere askotan egoera berberean aurkitzen gara. Eta zer esanik ez beste pertsona batekin erlazio sentimentala edo sexuala mantendu nahi badugu. Konplexuak eta lotsak poliki-poliki gainditzen joan beharko gara, egoera hauen aurrean ahalik eta gutxien sufritzeko. Gainera, zer arraio!, ez dago gure gorputzez lotsatzeko arrazoirik.

DUTXA KONTROLAK ETA IRAKASLEAREN SEXUA

Hezkuntza Legeak Gorputz Heziketa irakasgaian gauza asko lantzea eskatzen du: sasoia, psikomotrizitatea, kirolak, jokoak, osasuna, elikadura, gorputz-espresioa eta abar. Horien artean ikasleek garbitasun ohiturak (dutxatzea, batez ere) bete behar dituztela agintzen du eta irakasleak betetze maila hori kontrolatu eta ebaluatu egin behar duela dio. (Ikus, besteak beste, 1994ko ekainaren 21eko 213/1994 Dekretua (1994/8/17ko EHAA), eta 2007ko urriaren 16ko 175/2007 Dekretua (2007/11/13ko EHAAn 458 or.)). Ez du besterik zehazten; ez nola kontrolatu ezta nota nola jarri. Ikasleak dutxatzen diren ala ez ziur jakiteko modu bakarra dago, ordea; aldagelan sartu eta dutxatzen ari direla ikustea. Irakaslea aldagela barruan sartzen ez bada ikasleek erraz engaina dezakete.

Irakasleak bere sexu bereko ikasleak kontrolatzea onartuta dago eta ikastetxeetan egiten da. Irakasleak beste sexuko ikasleak kontrolatzea ez dago hain zabalduta. Irakaslea emakumezkoa bada, onartuta dago mutilen aldagelan sartzea dutxatzen direla kontrolatzeko, eta badira kasuak. Baina ikaslea gizonezko bada, sekulako erreparoa dago eginkizun hori betetzera nesken aldagelan sartzeko. Ez da gizonezko irakaslerik ausartzen.

Ospitalera, medikuarengana joaten garenean ere, tokatzen zaizkigun mediku, erizain, urologo, ginekologoak onartu behar ditugu, nahiz, askotan, beren sexua ez izan gurea. Gainera, batzuetan, berean aurrean biluzi behar izaten dugu edo gure gorputzeko zati “intimoetan” lan egin behar izaten dute. Baina ezin dugu tokatu zaigunari, gure sexukoa ez delako, uko egin eta gure sexu berekoa eskatu. Eta izaten ditugun lotsak gainditu behar izaten ditugu. Zergatik ez dute arazorik langile horiek (mediku, erizain, ginekologo...) beste sexuko pertsonengan beren lana burutzeko, Gorputz Heziketako emakumezko irakasleek mutil ikasleengan beren lana egiteko eta bai Gorputz Heziketako gizonezko irakasleek neska ikasleengan beren lan bat (ea dutxatzen diren ziurtatu) egiteko? Ez al da hau bereizketa sexista?






No hay comentarios:

Publicar un comentario