Páginas

martes, 6 de abril de 2010

GAIA: 1 BATXILERGOA / Lasaitasun teknikak


Lasaitasun teknikak, egun, modan daude gure gizartean. Eta ez da harritzekoa. Gure bizimodua azkarregia da eta zoritxarrez, kezkaz, antsietatez, estresaz eta oldarkortasunez beteta. Honelako bizimoduak guztiongan makina bat tirabira fisiko eta psikiko sortzen du, gure osasunean kalteak sortuz. Azken hauen aurka borrokatzeko lasaiketa teknikak oso egokiak suertatzen dira. Hau honela izanik, bi lasaiketa teknika ezagutu eta ikasten saiatuko gara (hastapenak, bakarrik, badira ere). Oso interesgarria izango zaigu denoi bizitzako estresari eta antsietateari aurre egiteko.

Lasaiketa teknikak ez dira gaur eguneko asmakizuna. Zenbaitzuk oso zaharrak dira. Badira gizartearen historiaren hasieran sortutakoak (yoga, zen eta masajea, esate baterako). Beste batzuk, berriz, mende honetan garatutakoak dira.

Lasaiketa teknikak asko dira eta helburu eta bide arraz desberdinekin. Besteak beste, hauek aipa ditzakegu: yoga, zen, masajea, hipnosia, Shultz-en metodoa ("entrenamiento autógeno" deiturikoa), Jacobson-en "relajación progresiva" deritzan metodoa eta sofrologia.

YOGA

Yoga India aitzinean garatutako bizitzaren ikuspegi edo filosofia bat da. Hinduismoa erlijio-filosofiaren barnean kokatu behar da. Yoga, beraz, lasaiketarako teknika baino gehiago da. Lasaiketarako teknikak erabiltzen ditu baina ez da hori soilik, askotaz gehiago da. Yoga bizitzari aurre egiteko erantzun mota bat, filosofia bat, erlijio bat da. Gu, ordea, ez gara alderdi filosofiko-erlijioso horretan sartuko ez baitagokio Gorputz Hezkuntzari. Gu, erabiltzen dituen lasaiketa teknikez, bakarrik, jabetuko gara.

Yogak bere helburuak lortzeko teknika desberdinak erabiltzen ditu. Teknika guztien artean lasaitzeko erabil daitezken honako bi teknika landuko ditugu:
·        ASANAK edo posturak
·        PRANAYAMA edo arnasketaren kontrolerako teknikak

Beraz, meditazioa, garbiketa teknikak, elikadura barazkijalea eta beste zenbait teknika ez ditugu ikusi eta landuko. Komeni da bereizketa hau azpimarratzea. Yoga, izan ere, oso zabala da eta arlo filosofiko-erlijiosoak pisu handia dauka bere baitan. Gu ez gara arlo honetan sartuko teoria (gutxienez) eztabaidagarriak direlako zientziaren ikuspegitik, gure kulturarentzat arrotzak izateaz gain.

Aldiz, Yogak lasaitasun egoera hobeak lortzeko erabiltzen dituen asana eta pranayama teknikak zientziaren ikuspegitik onartuta daude, baliogarritzat jotzen ditu (ongi burutuz gero, noski beste edozein teknika bezalaxe) eta gure gizartean onartuta daude. Teknika horietaz baliatuko gara beren oinarri ideologiko eztabaidagarrian sartu gabe.

Eta kontuz!. Gure gizartean yogara dedikatzen diren talde eta elkarte zenbaitzuk ez dute bereizketa hori egiten eta teknika hutsarekin batera, maiz, ideia filosofiko arraro zein eztabaidagarriak (eta askotan gezur borobilak) sartzen saiatzen dira. Are gehiago, batzuetan, talde horiek, nahiz beraiek ez aitortu edo ukatu, nortasuna desegiteko sektak izaten dira, teknika manipulatzaile eta gezurrezkoen bitartez gaztetxoak harrapatzen eta "buru-garbiketa" egiten saiatzen direnak. Beraz,

Yogari bai, sektei jai.

  YOGA EGITEKO OHARRAK

- Yoga ariketak manta baten gainean egiten dira.
- Arropa erosoa jantzi. Galtzerdietan edo hanka hutsik egin.
- Yoga egiteko erabiliko dugun gela tenperatura epelekoa izango da. Gainera, isiltasunaduna.
- Urdailak hutsik egon behar du. Ez egin jan berria. Gutxienez hiru ordu itxoegin edo jan aurretik ordu erdi bat lehenago.
- Arnasketa egokia oso garrantzitsua da.
- Kontzentrazioa ere oso garrantzitsua da. Erabateko arreta ipini behar da egiten ari garenarengan. Eguneko arazo eta kezkak ahaztuko ditugu. Begi itxiekin egiteak laguntzen du.
- Yoga saioa, beti, lasaiketarekin bukatu behar da.
- Ez behartu, inolaz ere, inongo ariketa edo postura egiterakoan.
- Yoga saioen erregulartasun eta maiztasun gutxieneko bat mantendu behar da bere onurak nabarmentzeko.
- Ez erori, ordea, gehiegikeriatan. Gauza guztiek bezala neurrian hartu behar da.
- Gorputz osoa landuko duten eta mota desberdinetako eta elkarri osatzen diren asanak burutu behar dira. Adibidez, "pintza etzanda" asanak bizkarrezurra aurreraka okertzen duenez ondoren, esate baterako, ongi letorke "kobrarena" burutzea bizkarrezurra atzeraka okertzen baitu. Guk, besteak beste, honako asanak burutuko ditugu: pintzarena zutik edo “padahastasana” deiturikoa, kobrarena edo “bhujangasana”, loto osoa edo “padmasana”, bihurdura edo “vakrasana”, sabel presioa edo “pavamuktasana”, sorbalda gainekoa edo “salamba sarvangasana”, hostoarena edo “garbhasana” eta hilotzarena edo “savasana”.

 YOGA SAIOAREN EGITURA
  
            Yoga saio batek honelako oinarrizko egitura izan behar du:
            - lehenik, arnasketa yogia (minutu batzuk)
            - bigarren, asanak (zatirik nagusiena) eta
            - hirugarren, lasaiketa (gehienetan savasana edo hilotzaren posturaz burutzen dena).

YOGA ARNASKETA

Yogan arnasketa da teknikarik garrantzitsuena lasaitasun maila ona lortzeko. Yogako arnasketa ahalik eta motelena eta ahalik eta sakonena burutu behar da. Arnasaldiak oso poliki eta luze egin behar dira eta horretarako erabateko arreta ipintzea derrigorrezkoa da. Ariketa piloa dago arnasketa egokia egiten ikasteko eta guztien oinarria arnasketa osoa modu egokiz burutzen ikastea da. Arnasketa osoa hiru urratsez osatuta dago eta hauek dira: arnasketa abdominala, erdiko arnasketa eta goiko arnasketa.
 
MASAJEA 

Masajeak urte asko ditu. Sendatzeko terapia moduan, esate baterako, metodo zaharrenetarikoa dugu. Jesukristo aurreko Txina, Egipto eta Indiako zibilizazioetan erabilia izan zen helburu horrekin. Grekoen artean eta erromatar inperioaren garaian ere oso zabaldua egon zen. Erdi Aroan, berriz, Kristautasunak gorputzari zion gorrotoa zela medio masajeak medikuntzan indarra galdu zuen. Errenazimenduaren etorrerarekin, ordea, eta honek gorputzaz eta osasunaz zeukan ikuspegi baikorrari esker masajeak indartze berria jasan zuen.

Azken hamarkadetan masajeak garapen handia izan du eta bere baitan mota edo teknika asko (helburu desberdinekin) aurkitzen dira. Garrantzitsuenak aipatzerakoan hona hemen batzuk:

·        Quiromasajea: Aparatu lokomotoreko (gihar eta hezur sistemetako) lesioak konpontzera zuzenduta dago.
·        Kirol masajea: Ariketa fisiko bortitz eta nekagarritan diharduten kirolarientzat da.
·        Masaje terapeutikoa: Hainbat gaixotasun eta lesio sendatzeko helburua du.
·        "Drenaje linfatikoa" deritzana: Oso masaje motela eta leuna da. Zirkulazio linfatikoan eragiten du, sistema linfatikoak hondakin toxikoak kanpora ditzan.
·        Hidromasajea: Uraren ukipenaz (modu askotara) ematen den masajea.
·        Masaje sentikorra: lasaitasuna, erlaxazioa eta atsegintasuna lortzea ditu helburu. Masaje lasaigarria eta “Gestaltikoa” izenaz ere ezagutua da. Guk ikasi eta praktikatuko duguna da. Bere teknikaren oinarria hauxe da: masaje emaileak esku-mugimendu (“paseak”) motelak egin behar ditu, presio handiegirik gabe, une oro masajelaria eta masajeatuaren artean ukipena mantenduz eta biek arnasketa lasai eta sakona burutzen dutelarik.
·        Masaje sensuala edo sexuala: sexu harreman hobeak lortzeko teknikak.
·        Shiatsu: Japoniatik datorkigun teknika hau behatz muturrekin presio eginez osasuna sendotzen saiatzen da.
·        Erreflexuterapia: Oinazpietan eta esku-abetan egiten da behatz muturren presioa erabiliz. Helburua zenbait gaixotasunetan (dagokien organoetan) eragin positiboa egitea da. Teknika honen ustez oinazpi eta esku-abetan gorputzeko organoen nolabaiteko "isla" legoke eta haietan masajeatuz gero masajearen eragina dagokien organoetara igarotzen da.


MASAJE GELA

Masajea emateko lekua garrantzitsua da. Besteak beste ezaugarri hauek bete beharko ditu: atsegina izan, musika lasaigarria jarri ahal izatea, beroa (24ºC-25ºC, edo kalefakzioa jartzerik izatea), isila eta argi leunen bat duena.

MASAJERAKO TRESNAK

            - Musika? (nahi izanez gero)
            - Olioa? (nahi izanez gero)
            - Masaje mahaia edo koltxonetaren bat
            - Maindireak, toailak edo mantak (bat azpian, bestea gainean)
            - Argi leuna eta zeharkakoa (hots, zuzena ez)
            - Kalefakzioa


No hay comentarios:

Publicar un comentario