Páginas

lunes, 5 de abril de 2010

GAIA: 1 BATXILERGOA / Osasuna eta Gorputz Heziketa





OSASUNAREN KONTZEPTUA

Osasunari buruz makina bat definizio eman dira baina ez dago bat aditu, zientzialari eta pentsalari guztiak asetzen dituena. Ez dago bat guztiek onartzen dutena. Izan ere, osasuna oso kontzeptu zabala eta konplexua da, kultura eta zibilizazio bakoitzean desberdin ulertu dena eta historian zehar aldatuz joan dena. Hala eta guztiz ere, definizio bat aipatzekotan ospetsuenetakoa den bat aipatuko dugu. Hain zuzen, Nazio Batuen Erakundekoa (NBE) den eta munduko osasunaren alde lan egiten duen Osasunerako Mundu-Erakundeak (OME) emandako definizioa dugu:

Osasuna gorputz, buru eta gizarte ongizate osoko egoera da eta ez gaixotasun ezarena bakarrik.

Beraz, osasuna ez da gaixotasunik ez izatea, ez jasatea bakarrik. Norberaren egoera fisikoaz gain alderdi psikikoa eta soziala hartuko lituzke kontutan. Izan ere, hiru alderdiek oso harreman estua dute. Elkarren arteko eraginaren adibideak pilaka aurki daitezke. Esate baterako, gaixotasun fisiko mingarriak sortzen duten bizitzeko gogo eza, senide edo lagun min baten galerak sortzen duten atsekabea eta beste hamaika.

Goiko definizioaren arabera, beraz, pertsonaren hiru alderdi nagusi horiek lotuta egonik, osasun egoera onak hiru alderdiren egoera ona adieraziko luke, ez bakarrik arlo fisikoarena. Egia da, bistan baita, hiru alderdietatik garrantzitsuena fisikoa dela baina azpimarratu nahi dena zera da; ez dela osasuntsu izateko faktore bakarra.

Hortaz, osasunaren definizio hau bizitza-kalitate kontzeptuarekin bat etorriko litzateke. Nolabait esateko, osasuna bizitzaz disfrutatzeko ahalmena izango litzateke. Osasun ona edukitzeak bizi-kalitate maila egokia azalduko luke eta alderantziz.

HELBURUA

Eskutan dauzkazun orri hauetan landuko dugun gaiaren helburu nagusia honako hauxe izango da: ea zer egin dezakegun gure osasuna hobetzeko. Ea bakoitzak zer egin dezakeen norberaren (eta ingurukoena ere, zergatik ez?) osasuna sendotzeko.
                                                                                                                              
Onartu dugun kontzeptu zabaletik abiatuz berehala ohartuko gara osasunean eragiten duten (alde edo aurka) alderdi edo faktoreak asko direla. Adibidez, bizimodu estresatu edo lasaia, elikadura mota, ariketa fisikoa ala ez eta nolakoa, giza harremanen kalitatea, norberaren baliabide ekonomikoak, bizi garenon gizartearen (nolabait esateko) osasun maila (hots, instituzioen garbitasun neurriak, medikuntzaren garapena...), drogak hartzea ala ez, norberaren lan mota, ingurunearen kutsadura eta abar luzea.

Faktore anitz horien artean, osasuna mugatzen duten alderdi guztien artean bereizketa erlatibo bat egitea komenigarria da. Faktore batzuek, nolabait esateko, "gizartearen osasuna" mugatuko lukete, gizartearen bizi-kalitatean eragingo lukete. Herri edo giza talde osoaren bataz besteko osasun maila definitu edo deskribatuko lukete eta osasun maila orokor horren erabakian gizarte osoaren edo gizartean agintzen duten taldeen esku egongo litzateke batez ere, norberaren esku baino. Beste zenbait faktore, berriz, norberaren esku, norberaren ardurapean daude gehiago. Faktore hauetan bakarkako erabakiak aukera zabalagoa izango luke eta nolabait esateko, "norberaren osasuna" mugatuko lukete (beti ere norbera bizi den gizartearen osasunaren barruan). Argi dezagun gehiago bereizketa hau.

Gizartearen osasunean eragiten duten alderdiez ari garenean osasun politikan, ingurugiro politikan, bizimoduan eragiten dutenez ari gara. Hona hemen batzuk: hirien garbitasun maila, produzitzen eta kontsumitzen diren janarien kalitate maila, hirien eta natur inguruneen kutsadura kimikoa, erradioaktiboa, akustikoa, medikuntzaren garapena, osasun instituzioen hedapena eta kalitatea, gizartearen bataz besteko baliabide ekonomikoa, jendearen osasunarenganako kontzientzia maila, aisia denboraren erabilpena eta abar. Adibide gisa, ez dira ezta antzekoak ere egungo Suediako eta Sudaneko osasunak. Inolako zalantza izpirik gabe, Suediako gizarteak osasun maila hobea dauka. Hango medikuen ezagutza eta kantitatea, gobernuak hartzen dituen garbitasun neurriak eta gastuak, jendearen osasunarenganako kontzientzia eta ahalmen ekonomikoa eta abar luzea Sudaneko biztanleek, zoritxarrez, ez daukatena. Eta horrexegatik sudandarrek ez dute hain osasun ona edukitzeko aukerarik. Ez da harritzekoa, hortaz, beren bizi-itxaropena baxuagoa izatea.

Gure euskal gizartearen osasun maila hobetzea guztion zeregina da. Denon artean borrokatuz, gobernu eta instituzioek gizartearen osasunaren aldeko neurriak har ditzaten eta jendeak osasun kontzientzia maila hobea izan dezan ahalegindu behar gara. Gizarte osoaren borroka da natur ingurunea (mendiak, ibaiak, hondartzak) eta hiriak gero eta txukunagoak, politagoak eta bizitzeko atseginagoak eta osasungarriagoak bihurtzea, drogen (alkohola, tabakoa barne) beharra eta kontsumoa jaistea, jendearen elikadura hobetzea, aisiarako denbora bai kantitatez bai kalitatez handitzea, medikuntza zientziaren garapena bultzatzea eta abar luzea.

Argi dago osasun maila honetan borrokatzea ez dagoela norberaren esku bakarrik, guztion ardura dela baizik. Norberaren ahalmenaren gainetik dago. Norberaren betebeharra baino giza politikagintzako lana da eta guztion ardura, guztion parte hartzea eskatzen du. Horrexegatik ez gara arlo honetan sartuko. Gizarte lan hori gure irakasgaiaren helburuetatik kanpo gelditzen da. Badago lan eremu zabal eta garrantzitsu hori eta denok, bakoitzak ikusiko du nola, euskal gizartearen bizi-kalitatearen (eta era berean, munduaren bizi-kalitatearen) osasunaren hobetze borroka horretan parte hartu beharko genuke baina gure Gorputz Hezkuntzatik at gelditzen denez ez gara zeregin horretan gehiago murgilduko.

Gure irakasgaiak, ordea, badu osasuna kontutan zer esan handirik. Gorago genion bezala, gizartearen osasunaren mailaz gain, badago NORBERAREN ardurapean gelditzen diren eta norberaren osasun kalitatea asko mugatzen duten faktoreak. Bistan da, gizarte beraren barruan zenbait gizakik besteak baino osasun hobea erakusten dutela (maiz, beren elikadura, jarduera fisikoa, aisia,.. gehiago zaintzen dituztelako). Ba gure irakasgaiaren zeregina bada honetan murgiltzea eta orrialde hauetan alderdi horietaz hitz egingo dugu. Beste hitzez esanda, gure osasunean eragiten duten eta gure ardurapean batez ere dauden alderdiak aipatu eta landuko ditugu, gure osasun maila hobetzeko helburuarekin. Gure irakasgaian osasunaren aldeko apustua egiten dugunez, osasunean kalte eta mesede egiten dituzten faktoreak aztertuko ditugu. Has gaitezen lehenengoetatik.

OSASUNAREN AURKAKO ALDERDIAK

Osasunari kalte egiten dioten alderdi edo faktore pila bat aipa daiteke nahiz eta guztiok ez duten garrantzi edo eragin berbera. Garrantzitsuenak, bederen, komenta ditzagun:

* Ingurunearen kutsadura: Kutsadura mota asko dago gu geu, gure natur ingurunea (airea, itsasoa, mendiak...) eta hirien bizi-kalitatea hondatzen duena: kutsadura kimikoa, erradioaktiboa, elektromagnetikoa, akustikoa. Kutsaduraz inguraturik eta kutsaduran murgildurik bizi gara eta neurri handian ezin dugu saihestu, lehenago aipatu dugun gizarte borroka barruan sartzen baita.
Baina badaukagu maila indibidualean bakoitzak zer edo zer egiterik. Esate baterako, gure hirietako kutsadura nabarmena izanik komeniko litzaiguke, noizbehinka, natur guneetara ihes egitea honen bakea, lasaitasuna, kutsadura txikia eta abar dastatzera.

* Bizimodu estresagarria: Oro har azkarregi bizi gara, gauza pilo bat egin nahian eta egin beharrean, kezkaz eta arazoez inguraturik. Askok, ordea, ezin izaten dute bizi-erritmo honi eutsi eta maiz depresioak, antsietateak, larritasunak jota egoten dira.

* Bizimodu sedentarioa: Gure bizimoduarengatik, gure lan motengatik, gehienek jarduera fisiko gutxi egiten dugu, behar adina baina gutxiago. Gure bizimoduak eta ogibideak autoz, telebistaz, ordenagailuz, igogailuz, mahai-aulkiz eta abarrez inguratuta dago. Eguneroko bizitzan, beraz, ez da ahalegin fisiko garrantzitsurik egin behar izaten eta honek luzarora gorputz eta osasunaren ahultzea dakar. Gizaki pottoko eta lodien ugaritzearen arrazoietako bat hauxe da.
           
* Elikadura desegokia: Kontraesanezkoa badirudi ere, esan beharra dago gizakiaren historian, sekula-santan elikatzeko izan den aukera onenean bizi arren, gaur egun pertsona asko eta asko oso gaizki elikatzen dela. Kantitatez eta kalitatez egiten da "bekatu". Oro har, gehiegi jaten da. Baina larriena elikagaien kalitatean datza. Askok azken urteetan ohiko elikagai natural eta osasunerako egokiak zirenak, janari moderno zein artifizial eta osasungaitzez (coca-colak, hanburgesak, pastelak gora pastelak behera...) ordezkatu dituzte. Emaitzak nabarmenak dira: potolo, minbizi, kolesterol, bihotzekoen eta beste gaixotasunen ugaritzea. Beldur gabe esan daiteke elikadura osasun ona mantentzeko alderdi nagusiena dela.

* "Drogak": Ez gara drogei buruzko eztabaida ideologikoan murgilduko (legeztapena bai ala ez, zeintzuk diren...). Halabeharrez, ordea, zera esango dugu. Medikuntza aldetik eta osasunaren aldeko apustutik argi eta garbi dago droga guztiak, batzuk gehiago besteak gutxiago, baina guzti-guztiak kaltegarriak direla. Droga legezkoak (kafeina, tabakoa, alkohola) eta droga ezlegezkoak (heroina, kokaina, porroa, pilulak,...) guztiak dira kaltegarriak osasunerako. Noski hartutako kantitateak ere zerikusia dauka. Beraz, ez lirateke kontsumitu behar edo eta eginez gero ahalik eta neurri apalenean eta beraienganako menpekotasunean erori gabe. Guk menpera ditzagun beraiek eta ez alderantziz.
           
OSASUNAREN ALDEKO ALDERDIAK

Norberaren osasuna sendotzeko neurrien artean garrantzitsuenak hauek izan daitezke:
           
* Elikadura egokia: Nahiz eta jende askok ez dakien zalantzarik gabe har daiteken neurri garrantzitsuenetakoa dugu. Bada esaera bat "jaten duguna garela" diona eta ez da gutxiagorako. Adibide bat. Denok dakigu ez dela berdina zerri iberikoak ezkurrez haztea edo pentsuz. Zergatik, orduan, gizakiok ia edozer jan? Janari artifizialak naturalak baino okerragoak dira. Beste adibide bat, medikuntzak frogatuta dauka amaren titi-esnez hazten diren haurrak biberoiko esnez elikatzen direnak baina osasun hobea izaten dutela (gutxiagotan eta arinago gaixotzen dira, digestio hobeak dituzte).

* Naturarekin harremana: Gizakiok, nahiz eguneroko bizitzagatik besterik pentsa liteken, gu geu ere natura gara, naturaren zati bat gara. Eta derrigortuta gaude natura behar izatera, natur legeek agintzen baitute guregan. Gure osasun fisiko eta psikikoa sendo mantendu nahi baditugu naturaren legeak bete behar ditugu.

Horietako bat naturarekin harreman zuzenean jartzea, ukitzea da. Ahal dugun gehienetan mendira joan behar genuke aire garbia arnastera eta lurra, zuhaitzak, harriak, landareak ukitzera. Honela, besteak beste, bizimodu artifizialak sortzen digun elektrizitate estatikoa kanporatuko dugu. Hondartzetan eta ibaietan (garbietan, noski) bainatzea ere osasungarria da atsegina izateaz gain. Eta zer esanik ez eguzkia hartzea. Baina azken hau kontuz egin beharra dago.

Frogatuta dago eguzkia modu desegokiz hartuz gero larruazala lehenago zahartzen dela eta azal minbizia sortzen errazago dela. Horrelakorik ez gertatzeko oso garrantzitsua da bi neurri errespetatzea. Eguzkia beti PIXKANAKA hartu behar da. Sekula ez da, asteetan, hilabeteetan eguzkirik hartu gabeko gorputza, bat-batean, ordutan, biluzik edo erdi biluzik eguzkiaren aurrean jarri behar. Bigarren neurria. Eguzkiak gehien astintzen duen orduetan (udan 11tatik arratsaldeko 4tara) ahalik eta gutxien hartzea. Kontuz eguzkiak egindako erredurekin! Hauek dira azal zahartze eta azal minbiziaren eragile nagusienetakoak.

Baikorki bukatzeko, ordea, esan dezagun aipatutako neurri minimo eta erraz batzuk betez gero naturarekin harremanetan jartzea izugarri atsegina izateaz gain oso osasungarria dela.

* Estresaren aurkako jarduerak: Gure bizimoduak, gehienetan eta halabeharrez, estresagarriak izaten direnez eta jakinik estresak osasunean egiten duen kaltea, oso komenigarriak dira lasaitasuna eragiten duten jarduerak egitea. Eguneroko bizimoduan tartetxoren bat bilatu behar genuke horrelako jardueratarako. Lasaitasunerako  teknikak, yoga, masajea, gorputz espresioa, musika leuna, mendi paseoak, hidromasajea, talasoterapia eta antzekoak oso mesedegarriak suertatzen zaizkigu gaur egun. Arnasketaren kontrol egokiak asko lagun dezake estresaren aurka borrokatzen.

* Jarduera fisiko egokia: "Jarduera fisikoaren eragina gorputzean" gaia ikusi genuenean ohartu ginen gure osasunean jarduera fisikoaren eragina zein handia izan daiteken, bai onerako bai txarrerako. Gainera oro har gure bizimodua sedentarioegia, geldoegia dela jakinik oso komenigarria bihurtzen zaigu ariketa fisikoarentzat lekua egitea. Baina hori bai, ariketa fisiko egokiarentzat. Jarduera fisiko egokia da, elikadura egokiarekin batera, osasun sendoa izateko bide garrantzitsuena. Azken garaietan Medikuntzak bere ikerketen ondorioz gero eta sendoago baieztatzen du hau. Gaixotasun asko sendatzeko edo hobetzeko ikusi du elikadura garbi, orekatu eta naturalak eta ariketa fisiko egokiak asko lagun dezaketela. Asmatikoei, esate baterako, kirola (igeriketa, batez ere) erregularki egitea aholkatzen diete.

 "Entrenamenduaren teoria eta plangintza" gaia landu genuenean jarduera fisiko egokiaren baldintzak nahikoa aldiz azpimarratu genuenez ez ditugu berriz errepikatuko. Gogoratu besterik ez dugu egin nahi izan.

* Gorputz postura egokiak: Gure gorputzak, eguneroko bizitzan, nola mugitzen eta kokatzen ditugun garrantzi handikoa da. Gure gorputzekin egiten ditugun ia etengabeko mugimenduak egokiak diren ala ez eragin zuzena baitu osasunean. Gaizki egindako gorputz mugimenduek eta gaizki leudeken posturek denborarekin deformazio eta malformazio anatomikoak eta funtzio fisiologiko zenbaitzuen okertzea ekar ditzakete. Eta jarrera txar hauek luzaroan mantenduz gero, akats hauek handituz joaten dira, maiz atzeraezinak bihurtzeraino eta orduan etortzen dira damuak eta negarrak. Eta lastima da! Osasun galtze hauek, ia beti, ohitura txar batzuen ondorio besterik ez dira izaten, gehienetan ohartu gabe egiten diren ohiturak eta ekidin litezkeenak. Ohitura txar horiek garaiz zuzenduz gero osasun akats horiek ez lirateke sortuko.

Erregela nagusi bezala zera esan dezakegu. Gorputzeko artikulazio, gihar, organo, sistema eta aparatuen funtzionamendu egokian lagunduko duten jarrerak bete behar dira eta alderantziz. Esate baterako, bizkarrezurra gure gorputzeko euskarri nagusienetarikoa izan arren, askotan oso desegoki tratatzen dugu. Zutik gaudenean edo oinez gabiltzanean edo eta zutik zereginen batetan jarduterakoan (plantxatzen, ontziak garbitzen eta abar) bizkarrak, beti, zuzen egon behar luke. Gainera, sorbaldek ez dute aurrera zergatik erori behar. Eserita, berriz, oso garrantzitsua da gerri aldea aulkiaren atzeko euskarrian erabat itsatsita ezartzea eta bizkarra zuzen izatea, ez aurreraka eroria, eta are gutxiago, alboetara okertuta. Pisu astunak lurretik altxatzerakoan indar handiena besoekin eta hankekin (horretarako flexionatuz) egin behar da eta ez gerriekin. Altxaketan bizkarrak zuzen egon beharko du une guztietan.

Oinetakoak. Aspalditik frogatuta dago, maiz erabiltzen diren takoi altuek (2 cmtik gorakoek) luzarora lesioak sortzen dituztela bizkarrezurrean. Takoi altuek aurrerakako desoreka sortzen dute eta artikulazioak eta bizkarrezurra joera horren aurka lan egitera behartuta aurkitzen dira, luzaroan deformazioak sortuz. Bestetik oinetakoek aurrealdean zabal samarrak izan behar dute (naiz, agian, modaren aurka egon), "juaneteak" eta bestelakoak ez sortzeko.

BEGIEN OSASUNA 

Zuei, ikasle zaretenez, begiak zaizkizue zuen “lanerako” (hots, ikasteko) gorputz tresna erabilienetakoa. Hortaz oso garrantzitsua izango zaizue begien osasuna egoera onean edukitzeko informazio oro. Horri erantzuteko pentsatuta daude hurrengo orriak. Atal honetan, begien oinarrizko funtzionamendua ikasiko dugu, era berean, bere osasuna zaintzen ikastearren.

Oftalmologia da begiez eta bere funtzionamenduaz arduratzen den Medikuntza Ofizialaren adarra. Labur-labur esanda Oftalmologia Ofizialaren ustez ikusmen gaixotasun asko -miopia, hipermetropia, astigmatismoa, esaterako- sendaezinak dira. Ezin da galdutako ikusmena berreskuratu. Akats hauek “konpontzeko” ematen dituzten irtenbideak betaurrekoak eta lentillak janztearena da eta zenbait kasutan ebakuntza egitearen aukera. Azken urteetan laser izpizko kirurgiaz zuzentzen dituzte zenbait kasu. Baina sendatu, sendatu Oftalmologiak ez ditu egiten. Beste zenbait begi-gaixotasunei buruz –glaukoma, konjuntibitisa,... adibidez- ere, ez daki zehatz-mehatz nola sortzen diren eta hortaz ez daki nola aurreikusi. Gainera bere tratamenduak (kolirioak, kirurgia,...) garestiak eta gogorrak izaten dira.

Beste batetik, nahiz eta ikusmen arazorik eduki Oftalmologia Ofizialak begiak osasuntsu eta sendo mantentzeko zein neurri hartu behar direnez ezer gutxi daki eta irakurketa luzaroan kaltegarria dela baieztatzen du. Beraz, ikasleok eta irakurleok begiak gaixo edukitzera kondenatuta omen gaude etorkizun batean beraren ustetan.

Bada, ordea, Teoria Ofizialarekin bat ez datorrenik. W. H. Bates oftalmologoa izan zen alternatiba sendo baten sortzailea eta geroago Harry Benjamin-ek osatu zuen ikuspegi naturista bat erantsiz (elikaduraren eta lepoko giharren egoeraren garrantzia jaso zuen). Teoria Alternatibo honetaz gehiago sakondu nahi izanez gero ondorengo liburu erraz, atsegin eta labur hau irakur dezakezue:

Benjamin, Harry: Recupere la Visión Sin Gafas , EDAF argitaletxea, 1981.

Hurrengo orritan eta aipatutako liburuan oinarrituz, Teoria Alternatiboak Teoria Ofizialari egiten dion kritika jasoko dugu eta, era berean, bere ikuspuntutik ikusmen osasuntsua eta sendoa edukitzeko bete behar diren baldintzak eta aholkuak zeintzuk diren aipatuko ditugu. Are gehiago, hain ugariak diren ikusmen okerrak (miopia, hipermetropia, astigmatismoa, presbizia deritzana, konjuntibitisa...) sendatzeko bete beharreko tratamenduak eta urratsak ere aipatuko ditugu.

Ikusiko dugun bezala Bates-ek sortutako Teoria oso erraza da ulertzeko. Bere tratamenduak ez du inolako arriskurik eta ez du gastu ekonomikorik eskatzen. Sinesgaitza badirudi bere terapiak ez du ez botikarik, ez betaurreko edo lentillarik eta ez eta kirurgiarik eskatzen. Okerrenean ezertarako balio ez izatea gerta daiteke baina nire esperientziak dio neurri batean, gutxienez, bere funtzionatzen duela (ikas denbora luze eta neketsuaren ondoren begiak lasaitzeko eta hobeto ikusteko balio dute bere ariketek). Guzti honengatik, oso interesgarria iruditzen zait ikasleok jakinaren gainean egotea.

Gogoetatxo bat. Ez al da azken arrazoi hau izango (ezin dela ikuspuntu honetatik negoziaziorik egin, betaurrekoak, lentillak, botikak salduz edo eta kirurgia eginez) Batesen oinarritutako alternatibak Teoria Ofizialetik jasotzen duen bazterketaren zergatia?

BEGIAREN FUNTZIONAMENDUA

Zehaztasun anatomiko eta fisiologiko sakonetan murgildu gabe honela ikusten dugu. Begian sartzen diren argi-izpiek kristalinoa igarotzen dute eta honek betsarean elkartzen, fokatzen ditu. Honetarako kristalinoa uzkurtu eta hedatu egiten da ikusitako objektua urruti ala gertu dagoenaren arabera. Betsareko irudia nerbio optikoaren bitartez garunera joaten da eta ikusi egiten dugu.

GAIXOTASUNEN KAUSAK ETA TERAPIAK

Teoria ofiziala eta Batesengan oinarritutako Teoria Alternatiboaren arteko desberdintasun nagusiena AKOMODAZIOA deritzonean datza. Akomodazioa, begiak gertu dagoen puntu batetik urrutira dagoen beste batetara egiten duen mugimendua eta alderantzizkoa da. Beste hitzetan esanda, objektuak ongi ikusteko, beren irudiak betsarean ongi fokatzeko begiak egiten duen mugimendua da.

Teoria Ofizialaren arabera akomodazioa kristalinoaren hedapen eta uzkurketarengatik gertatzen da, soilik. Begiaren forma ez da aldatzen, kristalinoarena bakarrik. Batesen esperientzien arabera, berriz, akomodazio prozesuan begiaren forma, izpien fokazioan laguntzearren, aldatu egiten da ere, ez bakarrik kristalinoaren forma. Zehatzago esanez, begien itxura, inguruko giharrek mugatzen eta gauzatzen omen dute begia norabide guztietan mugitzen dutelarik. Batesen esanetan begiaren forma aldatuz kristalinoa eta betsarearen arteko tartea aldatzen eta egokitzen da objektuaren distantziaren arabera, honengandik datozen izpien fokazioa eman dadin.

Hipotesi desberdin hauetatik abiatuta teoria bakoitzak bere ondorioak ateratzen ditu. Teoria Ofizialak ikusmen gaixotasunak diren miopia, hipermetropia, “presbizia” eta astigmatismoa begien forma orokorraren aldaketa egonkorrak dira. Forma aldaketa hauek sortzen dituzte gaixotasun horiek. Beraz, gaixotasun horiek ezin dira sendatu, begien forma ez baitago aldatzerik eta betirako dira. Soluzio bakarra, desfokazio horiek orekatuko dituzten betaurreko eta lentillak janztea da. Begien formaren aldaketaren arrazoiak aipatzerakoan ikuspegi ofizialak zera ematen du; begiak baldintza txarretan erabiltzeagatik sortzen dela; besteak beste, argi desegokia, argia artifiziala, telebista, gehiegizko irakurketa eta abar.

Batesen teoriaren arabera, ordea, begiaren forma orokorra ez da egonkorra, ez da aldaezina, begien kanpoko giharrek forman eragiten baitute. Hortaz, begiaren forma aldagarria bada gorago aipaturiko gaixotasun guztiak senda daitezke. Kanpoko giharren eragina aldatuz, zuzenduz fokazio desegokia zuzentzerik balegoke. Eta zeintzuk izan daitezke Batesen iritziz begiaren formaren aldaketa desegoki horien arrazoiak? Batesek gaixotasun askoren arrazoia begiaren inguruko giharretan metatzen den tentsioarengatik zela ikusi zuen eta hauek sortzen zutela begiaren formaren aldaketa desegokia. Hau horrela izanik begien inguruko giharren tentsioa desagerraraziko zituzten metodoak garatu zituen. (aurrerago aipatuko ditugu)

Ildo beretik jarraituz betaurrekoak erabiltzeak begi gaixotasunak sendatzeko oztopo bihurtzen dira, Batesen iritziz, ez dutelako giharretako tentsio hori desagertzen uzten. Are gehiago, Batesek ikusi zuen buruko tentsioa begi inguruko giharretan sortutako tentsioaren errudun zela maiz. Ikasleok, ez al dizue honek ezer esaten? Luzaroan ikasten jarduteak ez al ditu begiak gogortzen, nekatzen? Ez al ditu ikasteko buru tentsioak begi tentsioak sortuko? Beraz, Batesen teoriaren arabera burua eta begiak lasaitu behar dira begi inguruko giharretako tentsioa uxatzeko. Eta horretarako zenbait ariketa asmatu zituen. Horien artean zenbait begi-ariketa aipa daitezke, hain zuzen, begi inguruko giharren tenkadak direnak.

Harry Benjamin izan zen Batesen teoria eta metodoak geroago osatu zituena. Bi ideia berri nagusi erantsi zituen.

Lehenengoa, begi inguruko giharren tentsioa ere elikadura desegoki batengatik sor daitekeela. Begiak gorputzeko zatia ere badirenez, gorputzaren egoera orokorrak eragina izango du beraiengan eta elikadura desegoki batek ekar dezaken egoera toxikoak begien giharretan eragin lezake hauek gogortuz eta uzkurtuz, hau da, tentsioa sortuz. Beraz, kasu honetarako dieta garbia edo baraua (konjuntibitisa eta glaukoma bezalako gaixotasunentzako adibideak ematen ditu) terapiak aholkatzen ditu.

Bigarren, tentsioa eta elikadura desegokiaz gain ikusmen okerraren beste faktore bat aipatu zuen: begietako nerbio eta odol hornidura desegokia. Lepoaren atzeko aldetik igarotzen diren nerbio eta odol hodiak ongi lan egin dezaten lepo atzeko giharrak lasaituak eta aske egon behar dute. Honela begietarako odol eta nerbio jario egokia izango da.. Bestela begiak kaltetuta suertatuko dira. Eta arazo hau zuzentzeko lepo-ariketak proposatu zituen.

Azkenik azpimarratu beharra dago Teoria Alternatiboarentzat irakurketa ez dela zergatik ikusmena galtzeko bidea izan behar. Argi eta garbi baieztatzen du irakurketa baldintza egokietan egiten bada (hots, buruko tentsiorik gabe eta begietako giharretako tentsiorik gabe) mesedegarria dela ikusmenerako, berarentzako soinketa baita. Askok, ordea, modu desegokiz irakurtzen dute. Zehazkiago esanda, gertuegi irakurtzen dute. Fisiologia zientziak dio gure begiak, batez ere, urrutira begiratzeko eginak daudela. Horregatik denbora luzean urrutira begira egon gaitezke begiak batere nekatu gabe baina luzaroan libururen bat edo beste irakurtzen aritu ondoren begiak nekatu egiten zaizkigu. Nekea ahalik eta txikiena izan dadin irakurtzerakoan GUTXIENEZ 30 cmko tartea egin behar dugu begien eta liburuaren aurrean. Ez gutxiagorik. Bestela begiak gehiegi behartuko ditugu, gehiegi nekatuko dira, tentsioa metatzen joango dira eta ohitura hau luzaroan mantenduz gero, poliki-poliki akomodazio ahalmena  galtzen  joango dira, ikusmena galtzen joango dira betaurrekoen beharra izateraino.

BEGI ARIKETAK
                                                                                                                
Ondorengo ariketak begien osasuna zaintzeko pentsatuta daude. Begien inguruan dauden giharrak lasaitzeko, hain zuzen. Ariketa hauek begiak asko lasaitzen dituzte eta edonoiz egin daitezke. Beraz, beldur gabe egin itzazu begiak nekatuta sentitzen dituzunean. Hona nola burutu behar dituzun.

Jar zaitez gorputz postura eroso batetan (eserita, esate baterako) eta egin ondorengo ariketak. Oso garrantzitsua da ariketa guztietan, mugimendu guztietan, mentalki begiak lasaitzeko borondatea azaltzea, begiak lasaitzen saiatzea. Begietako tentsioak uxatzen ahalegindu beharko dugu. Behartu baino lehentxeago utzi behar zaio begi mugimenduari. Bestetik, ariketa hauetan ez dira betaurrekoak edo lentillak erabili behar.
            1) Begientzako atsedena
Itxi itzazu begiak eta zeure eskuez estali presiorik egin gabe (esku bakoitzak bere aldeko begia). Ondoren ukondoak belaunen gainean ipini eta mentalki saiatu begiei lasaitzeko aginduak bidaltzen.
            2) Infinitura begiratu
Pasa itzazu minutu batzuk oso urrutiko objekturen bati so.
            3) Begiak kliskatu
Ondoren kliska itzazu bi begiak, etengabe eta arin-arin, minutu batez.
            4) Begiak zabaldu
Puntu finko bati etengabe begira zaudela begiak zabaldu (betazalak zabalduz) ahalik eta gehien eta eutsi postura horri begiek negarrari ekin arte. Jarraian begiak kliskatu eta urrutira begiratu.
            5) Begiak busti
Iturri batetik ura bi eskuetan hartu eta begi itxietara jaurti. Komeni da ura ahalik eta hotzen egotea. Egizu hori 25 bat aldiz. Berehala lehortu begiak toalla batez. Berotu eskuetako hatz erakusleak elkarri azkar-azkar igurtziz eta jarraian begietan ipini, mugimendu leunez etengabe masajeatzen dituzularik, minutu pare batean zehar hatzetako beroa begietara igaro arte. Ez duzu begietan inoiz presiorik egin behar. Errepika ezazu zenbait bider hatzen elkarri igurketa eta begi masajea. Masaje bera egin daiteke esku osoa berotuz edo eskuaren beheko aldea erabiliz.
            6) Begiak gora eta behera
Burua batere mugitu gabe, mugi itzazu begiak poliki-poliki goraino, ahal duzuneraino, baina ezertxo ere behartu gabe, tentsiorik sumatu gabe. Ondoren eraman itzazu beheraino. 6 aldiz gora eta beste 6 behera.
            7) Begiak ezker-eskuin
Aurreko ariketa berbera baino begiak ezker-eskuin mugituz. 6 bider alde bakoitzera.
            8) Begi fokatzea
Jar ezazu hatz erakuslea begien aurrean hauengandik 20 bat cmra. Begira ezazu hatza une batez. Ondoren eta begiak, burua eta hatza ezer ere mugitu gabe, begira ezazu hatzaren atzean dagoen beste objekturen bat ongi fokatu arte (zenbat eta hatzarengandik urrutirago orduan eta hobe). Jarraian begiratu hatza, gero objektua eta jarrai honela 20 bat aldiz ikusi eta fokatu arte. Fokatzen ahalik eta azkarren egin behar da baina ongi fokatu ere bai.
            9) Begi zirkuluak
Buru-lepoa erabat geldirik daukazula, mugi itzazu begiak bakarrik eta marraz itzazu beraiekin zirkuluak ahalik eta handienak (begiak behartu gabe, betiko moduan). Txandaka lehenengo norabide batean eta ondoren bestean marraztuko dituzu zirkuluak. 3 bira alde bakoitzeko. Komenigarria izaten da oso, azken lau begi ariketa artean "begi atsedena" ariketa tartekatzea minutu batez, bederen. Bestetik, begi ariketa saio bakoitzean oraintxe azaldutako lau ariketetatik bakoitza bi edo hiru bider errepikatzea komeniko litzateke, beti ere aipaturiko ordena errespetatuz.

LEPO ARIKETAK

Ariketa hauek lepoko gihar tentsiodunak askatzeko pentsatuta daude. Honela bururantz doan odol zirkulazioari laguntzen zaio eta, bide batez, begien osasunean laguntzen dute.
            1) Sorbalda zirkuluak
Lepoa, gorputz-enborra eta besoak mugitu gabe (azken hauek beti zintzilik) daudelarik, sorbaldekin zirkuluak egingo dituzu. Lehendabizi 25 aldiz aurreraka eta ondoren beste 25 bider atzeraka.
            2) Burua gora eta behera
Lepoa ahalik eta lasaien dugularik kokotsa bular aldera erortzen utzi ahal duguneraino baino behartu gabe. Ondoren burua altxa eta atzeraka erortzen utzi ahal duguneraino, beti ere behartu gabe. 4 bider gora eta beste 4 behera.
            3) Buru zirkuluak
Deskriba ezazu buruarekin ahal duzun zirkulurik handiena ezkerretik igoaz eta eskuinetik jaitsiaz. Ondoren, egizu beste zirkulu bat aurkako norabidean. Txandaka eginez egin itzazu 6 zirkulu alde bakoitzera. Ez behartu inoiz ere ez.
            4) Burua ezker-eskuin
Bira ezazu burua ahalik eta gehien ezkerretara. Gero eskuinetara. 10 aldiz alde bakoitzera.


BAKARKAKO LANA. GAIA: NIRE BIZIMODUAREN OSASUN MAILA

(1) Lehenago, gure osasunari kalte egiten dioten faktore nagusienetakoak irakurri ditugu. Hori aprobetxatuz gure bizimoduez gogoeta aldi bat egitea komeniko litzaiguke eta norberak daraman eguneroko bizimoduan, osasunaren ikuspuntutik, zein faktore diren kaltegarri eta zenbateraino diren kaltegarri aztertzea. Agian gogoeta honek eragile negatibo hauen aurkako neurriak hartzera eta gure bizimodua osasungarriagoa egitera bultzatuko gaitu. Hau da lan honen helburua eta itxaropena.

Beraz egizu gogoeta hori eta idatz ezazu zure bizimodutik zein jarduera kenduko, aldatuko, ordezkatuko... zenituzkeen zeure osasuna, zeure bizimodua hobetzearren. (Adibidez, erretzeari utzi, larunbatetan 35 garagardo edatetik 34 edatera jaitsi, telebista astegunetan ez ikusi, pastel gutxiago jan eta abar...)

            (2) Demagun astelehenetik ostirala bitartean egunero 2 ordu libre dauzkazula arratsaldean (zuk nahi duzun orduetan) eta baita larunbat eta igande goiz osoak ere. Pentsa eta idatz ezazu, denbora tarte guzti horiek nola antolatuko, zertarako erabili, zein jarduera egingo zenituzkeen zeure osasuna hobetzearren eta, era berean, bizitzaz disfrutatzearren. Gida zaitez apunteetan aipaturiko osasunaren aldeko alderdiez eta alderdi bakoitzari lekua egiozu zure plangintza pertsonalean. Zehatz ezazu ahalik eta gehien egun bakoitzean zer egingo zenukeen, jardueraren izena eta erabilitako denbora, bakarrik ala lagunekin eta abar. Ea gero betetzen duzun, ea praktikara eramaten duzun!

Adibidez, larunbatero goizeko 9tatik 10etara soinketa eta korri; 10etatik 12tara talasoterapia 12tatik eguerdiko ordu bitara masaje eta ondoren alde zaharrera joan eta tabernaren batean entsalada ogitartekoa laranja zukuz lagundurik.




4 comentarios:

  1. muy buena explicación le doy un 10 a este trabajo ;)

    ResponderEliminar
  2. oso interesgarria da, gauza azkorena ohartarzten zara

    ResponderEliminar