Páginas

martes, 1 de junio de 2010

IRITZIA: Gorputz Heziketa irakasgaiaren ospea, akatsak eta hobetze bideak (6)

6. Gorputz Heziketako eta selektibitatea. Hezkuntza sistemako irakasgai garrantzitsuenak selektibitatean sartzen dira. Zergatik ez eskatu Gorputz Heziketako ere bertan izatea? Oso ondo pentsatu beharreko erabaki estrategikoa izan daiteke. Nik argi ikusten dut irabaziak galerak baino askotaz handiagoak direla. Alde batetik 2. Batxilergoan Gorputz Heziketarako orduak ikasle guztientzat derrigorrezkoak izatea ekarriko luke eta, ondorioz, guretzat lan ordu gehiago. Bestetik, maila horretan astean bi ordu baino gehiago esleitzea erraza ikusten da. Hirugarrenik, aurreko mailetan asteko ordu kopurua handitzea ekar dezake. Laugarren, Gorputz Heziketako beste irakasgai garrantzitsuen parean jarriko litzateke. Guzti honek Hezkuntzako eragileengandik gure irakasgaiak merezi duen garrantzia, begirunea eta onarpena hartzen lagunduko luke.

Eta Gorputz Heziketa sartu beharra justifika daiteke. Selektibitatean, esate baterako, ikasleek baldintza zehatzak (adina, sasoia, sexua, ...) emanik osasuna eta sasoia sendotzeko prestakuntza fisiko zehatzen bat diseinatzen, plangintzatzen jakitea eska liteke. Ariketa motak, beroketa, entrenamendu sistemak, lan fisikoaren intentsitatea, bolumena, susperraldia, aldizkakotasuna, elikadura plangintza eta abar. Gainera ikasleek azterketa praktikoa ere igaro behar izatea eska daiteke zeinetan sasoi-osasun egoera gutxiengoa erakutsi beharko dute zenbait proba fisikoetan aprobatzeko, aurreko puntuan komentatzen genuen ildotik. Eta zenbat eta emaitza hobeak probetan orduan eta nota hobea.

Proba fisikoetan maila egokia eman beharrak ikasleak sasoitsu egotera eta obesitatea, sedentarismoa eta beste zenbait osasun gaitzen aurka neurriak hartzera bultzatuko lituzke, selektibitateko test fisiko hauek osasun prebentziorako neurri sozialak bihurtuz. Beste hitzetan esanda, selektibitatean Gorputz Heziketako azterketan eskatuko litzakeena gazteen sasoi eta osasuna sendotzea eragingo duten proba fisiko eta azterketa teorikoak izango lirateke. Guzti hau oso ongi “sal” daiteke gizartean. Gauzak ongi eginez gero gizartearen txaloa eta onespena jasoko genuke. Eta are gehiago Osakidetzarena.
Baina gure aldetik Gorputz Heziketako irakasleei erantzukizuna asko handituko litzaiguke, erronka berriari eusteko. Agur curriculuma edo programazioa ez betetzeari eta ez dakit gure lankide kidegoa noraino izango litzatekeen prest. Baina ziur nago eskatu, lortu eta erantzungo bagenu guztien mesedetan izango litzatekeela eta batik bat Gorputz Heziketako irakasgaiarentzat eta irakasleentzat. Oso zaila, utopikoa eman dezake baina epe luzera, helburu estrategiko bezala har genezake eta pixkanaka gizartea eta Hezkuntza Sistema mentalizatzen joan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario