Páginas

jueves, 3 de junio de 2010

IRITZIA: Gorputz Heziketa irakasgaiaren ospea, akatsak eta hobetze bideak (4)

4. “Gimnasian” ez dela ikasi behar, ariketa fisikoa egitea besterik ez dela eta zaila dela suspenditzearen ideologia. Teoriarik ez. Hainbeste urtetako lana ondoren nire inpresioa da jendeak gure irakasgaiaren mamiaz oso uste ustela errotuta daukala. Ikasle gehienek eta beste irakasgaietako irakasle askok uste dute Gorputz Heziketako orduetan helburua ikasleek ariketa fisikoa egitea, izerditzea dela eta kito. Ez omen dute ezer ikasi behar. Gure saioetan ez da ezer ikasten. Praktika hutsa da. Beraz, alde batetik, oso traketsak direnak izan ezik egin behar dena beste guztiek egin dezaketenez, gure irakasgaian ez du ia suspentsorik egon behar. Zenbat aldiz entzun dugu “es ke gimnasian ezin da suspenditu”. Gorputz Heziketako irakasleari ez dakiola otu talde bateko ikasle dezente edo gehienak suspenditzea. Gazten eta maten ahal da baina gurean inolaz ere ez. Beste irakasgaietako irakasleen ulertezintasuna jasoko baitu.

Baina oso oker daude guztiak. Gorputz Heziketako programazioa arautzen duten legeek argi eta garbi uzten dute. LOGSEtik hasita egungo LOE barne lege, dekretu guztiek Gorputz Heziketa irakasgairi ezartzen dizkioten helburu, eduki eta ebaluazio irizpideek gure saioetan ariketa fisikoa egiteaz gain gauza asko ikasi behar direla, eduki kontzeptualak landu behar direla, ikasi behar direla agintzen dute. (LOGSEk erabat agerian ipintzen zuen). Adibidez, 175/2007 DEKRETUAn (Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzekoa) 3.DBHn gure irakasgaiari jarduera fisikoa eta osasuna eduki multzoan ezartzen zaizkion edukietan errepera dezagun:

1. eduki multzoa. Jarduera fisikoa eta osasuna.
– Beroketa. Ondorioak. Beroketa lesioak prebenitzeko baliabidetzat.
– Egin behar den jarduera fisikoa aztertu ondoren, beroketak prestatzea eta egitea.
– Osasunarekin lotutako ezaugarri fisikoak hobe-tzeareneta giza gorputzaren aparatuak eta sistemak egokitzearen arteko lotura.
– Entretenimendu-sistemak eta –metodoak baliatuz, osasunarekin lotutako ezaugarriak egokitzea: erresistentzia
aerobikoa, malgutasuna eta erresistentzia-indar orokorra.
– Erlaxazio-metodoak erabiltzea, tentsioak askatzeko.
– Jarduera fisikoa egiteak giza gorputzeko aparatuetan eta sistemetan sortzen duen ondorio positiboa aitortzea.
– Egindako jarduera fisikoetan eta kirol-jardueretan, jarrera egokia hartzea.
– Elikadura eta jarduera fisikoa: jan-edanaren eta kaloria-gastuaren arteko oreka.
– Elikadura pertsonaren osasunerako faktore garrantzitsutzat balioestea. Substantzia toxikoek organismoan
eragiten dituzten ondorio negatiboak.

Curriculum ofizialeko eduki guzti hauek prozedurazko tratamendua izateaz gain badute alderdi teoriko-kontzeptuala lantzeko. Bestela ezin dira osotasunean landu. Eduki hauek lantzea kontzeptuak, teoria ikastea eta barneratzea eskatzen du ere. Beraz, ikasleek Gorputz Heziketan beste irakasgaietan bezalaxe ikasi egin behar dute. Eta ikasten ez badute ez dute Gorputz heziketa gainditu behar, beste irakasgaietan bezalaxe. Baina azken hau ez dute ikasle eta irakasle askok eta askok ulertu nahi. “Soinketan teoria?” Noiz ikusi da teoria gimnasian? “Ba bakarra zara teoria ematen” “gimnasian teoriagatik suspendituta?”eta antzeko esaldiak hamaika aldiz, nazka-nazka egin arte esan dizkidate.

Eta legeaz gain logikak ere gauza bera dio. Teoria beharrezkoa da baita Gorputz Heziketan ere. Ez da nahikoa ariketa fisikoa egitea. Ikasi behar da, besteak beste, ariketa fisikoa modu egokiz egiten. Jakin behar da ariketak nola egin behar diren, noiz egin behar diren eta zertarako egiten diren. Edozein moduz egindako ariketak onurak baino kalteak ekar ditzake. Astakeriek lesioak, zaintiratuak, bihotzekoak, gihar hausturak, eta abar sor ditzakete. Baina ez hori bakarrik. Beroketak, entrenamenduak, indar ariketak, teinkadak nola egin behar diren ikasteaz gain, kirola eta osasuna arteko erlazioa, ariketa fisikorako elikadura egokiena, anatomia eta fisiologia ezagutza zenbait, gorputzeko atal desberdin bakoitza lantzeko egokiak diren ariketak, lesioen aurrean zer egin, kirol bakoitzaren arauak, teknikak, taktikak eta beste gauza asko ikasi behar ditugu. Gure jarduera fisikoaren "arrazoiak" (hots, teoria) ezagutu eta ikasi behar ditugu; zer, noiz, zergatik eta nola egin.

Eta hau ez da beste munduko gauza, gauzarik logikoena baizik. Kotxeak gidatzea, esate baterako, eginkizun praktikoa da guztiz baina gidatzeko agiria lortzeko teoriako azterketa ere badago. Ez da nahikoa gidatzen ikastea, jakin behar dira ere beste zenbait gauza; nola gidatu behar den, zirkulazio kodea, mekanika apurtxo bat eta abar. Perretxikoak biltzeko ere beharrezkoa da ezagutzea zeintzuk diren jangarriak, zeintzuk ez eta zeintzuk pozoitsuak.

Are gehiago. Beste irakasgaietan berdin gertatzen da. Tailerreko eta laborategiko lanak erabat praktikoak dira baina aldez aurretik, praktika horiek gidatzen dituzten teoriak ikasi behar dira Fisika-Kimika, Biologia, Natur Zientziak eta Teknologia irakasgaietan. Arte eta Historia irakasgaietan irteera praktikoak burutu aurretik irakasleak zer ikusiko duten, kokapen historikoa, ezaugarriak eta abar ikasi araziko dizkie ikasleei.

Eta hau da nire ustez gure Gorputz Heziketak beste irakasgaien pareko ospea hartzeko bete beharko duen beste urrats garrantzitsu bat. Ikasleek eta beste irakasgaietako irakasleek Gorputz Heziketan arlo garrantzitsuak lantzen direla eta ikasi behar direla ulertu eta onartu behar dute. Orduan beste begirune eta onarpenarekin tratatuko lukete gure irakasgaia. Eta hori lantzea neurri oso handian Gorputz Heziketako irakasleen esku dago. Zoritxarrez, ordea, gure Gorputz Heziketa irakasleen artean askotxo dago legeek agintzen duten alde hori (teoria ematea, eskatzea eta ebaluatzea) betetzen ez dutenak eta horrela zaila da ikasleak eta beste irakasgaietako irakasleak kontzientzia hartzea. Beste kontua da nola landu (apunteak, testu liburua ...), nola ebaluatu (azterketak, lanak, ...) baina nolabait egin beharra dago.

Ezer egin al liteke egoera hau zuzentzeko? Nola ohartarazi Gorputz Heziketako irakasle horiek beren okerraz? SOHATek kontzientzi hartze kanpaina egin dezake? Egin beharko luke?

Egia da argitaletxeek ez dutela askorik laguntzen. Euskaraz ia ez dago Gorputz Heziketako testu libururik. Eta argitaletxetatik kanpo argitaratutakoa gutxi da. Irakasle asko norbere materiala prestatzeko beharretan aurkitu da. Interesgarria deritzot material hauek beste Gorputz Heziketako irakasleen jakinaren gainean ipintzea denen artean elkar aberastuko dugulakoan. Hona hemen nire blogaren zergati nagusia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario