Páginas

domingo, 6 de junio de 2010

IRITZIA: Gorputz Heziketa irakasgaiaren ospea, akatsak eta hobetze bideak (1)

Bistan da ikastetxeetan, batzuetan gehixeago bestetan gutxixeago, gure irakasgaiak duen garrantzia beste irakasgaiak (baten bat salbu) baino txikiagoa dela. Bai ikasleentzat bai beste irakasgaietako irakasleentzat baita gurasoentzat ere, kasu gehienetan, beste irakasgaiak (mate, euskara, ingelesa, gazte, historia eta abar) askotaz garrantzitsuagoak izaten dira gurea baino. Beste irakasgaietan ikasi eta ahalegindu egin behar den eta norberaren ezagutza zabaltzeko balio duten bitartean gurea, berriz, ikasle eta irakasle askok ez al dute hartzen “ikasteko, ezagutza handitzeko balio ez duen izerditzeko edo sasi-jolasteko denbora pasa” moduan? Eta honen ondorioz tratuan nabaritzen da. Gure irakasgaian ez da ikasi behar, “ezin da suspenditu”, batzuentzat erdijolasgaraia da eta ikastetxeko edozein gora-beheretan irakasgaiaren batek kaltetuta suertatu behar badu Gorputz Heziketa izango da lehenengotarikoa.

Seguru aski arrazoi asko izango dira egoera honen erantzule eta oso aspaldikoak batzuk. Arrazoi asko eta asko ez dago Gorputz Heziketako irakasleen esku, ez gara horien arduradunak baina “gure” arduragabekeriarengatik baten bat bada, nire iritzi apalean.

Gure irakasgaiaren egoera hobetzeko asmoz komenigarria litzateke arrazoi horiek ezagutzea ondoren zuzentzeko bide egokiak, ahal dugun neurrian, ezarri nahi baditugu. Niri hauek etortzen zaizkit burura. Eta gainditzeko neurri hauek otu zaizkit. Ziur izango direla gehiago. Eztabaida zabalik dago nahi duen orok parte har dezan.

1. Ordu gutxi gure irakasgairako. Hau da, nire iritziz, gure irakasgaiaren ospe eskasaren arrazoi nagusienetakoa. Astean saio bakarra edo bi izaten ditugu gure irakasgaiarentzat eta horietan denbora erreala (desplazamendua, arropa jantzi-erantzi, eta dutxa kenduta) askotaz gutxiago. Beste irakasgai gehienek, ordea, asteko 3-4 saio izaten dituzte. Zergatik gureak ez? Ez dago inolako arrazoirik. Astean 0’5-1 orduko denbora erreala izanik ez dago ez Gorputz Heziketan ez beste irakasgaietan lan sakona egiterik. Eta lan serioa egin ahal izan gabe gure irakasgaiak garrantzia galtzen du beste irakasgai, ikasle, irakasle eta gurasoen aurrean. Guzti honen harira ezin ahaztuko dugu azken ikasturteetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak egin duen lan tamalgarria, lotsagarria. Eskerrak, nagusiki, SOHATen lanari bestela gureak ia-ia egin zuen, gure egoera are okerragoa bihurtuko zuketen.

Gorputz Heziketako irakasleok tinko eta irmoki, beste edozein irakasgaiari ematen zaion tratu berbera aldarrikatu beharko genuke. Hau da, astean 3 edo 4 ordu. Ez dago inolako arrazoirik gureari aukera txikiagoa emateko. Eta denbora erreala izan beharko luke, hots, desplazamendu eta garbiketarako denboraz gain. Honela bai, dekretuetan ipintzen diren curriculumak, helburuak, konpetentziak, hezkuntza-gaitasunak, edukiak eta abar garatzeko aukera izango genukeela. Gainera ez da beste munduko eskaera. Eurokamarak ere, astean hiru ordu emateko aholkua luzatu die estatu guztiei. Eta beste zenbait europar estatuetan betetzen dira.

Nire iritziz, hau da defendatu behar dugun helburu nagusienetakoa. Badakigu epe motzera oso zaila dugula baina epe luzera begira helburu horren bila etengabe lan egin beharko genukeela uste dut. Eurokamararen aldarrikapena ez da laguntza makala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario