Páginas

miércoles, 2 de junio de 2010

IRITZIA: Gorputz Heziketa irakasgaiaren ospea, akatsak eta hobetze bideak (5)

5. Proba fisikoen garrantzia. Gure jardunean noizbehinka proba, test edo kontrol fisiko batzuk ipintzen dizkiegu ikasleei beren sasoi egoera aztertzeko. Batzuek emaitza hobeagoak eta besteek kaskarragoak ematen dituzte. Salbuespenak salbu, uste dut, oso oker ez banago, Gorputz Heziketako irakasle gehienek ikasle gehien-gehienak aprobatzen ditugula nahiko gaizki ikusita baitago beste irakasleengatik proba fisikoren batean emaitza txarra emateagatik ikasleren bat suspenditzea. “- Gizajoa! - Gaixoa! - Ezin du-eta!”. Baina beste irakasgaietan ez da horrelakorik gertatzen. Irakasgai guztietan badira helburu minimo batzuek gainditu beharrekoak eta ikasleek ez badituzte menperatzen suspenditu egiten zaie inolako zalantzarik eta arazorik gabe. Batxilergoan ez badaki zatitzen “suspentso”; gaztelaniako idazlan batean hainbat oker ortografiko baino gehiago “suspentso”, adibidez. Zergatik ez egin Gorputz Heziketan gauza bera? Zergatik ez eskatu ikasleei sasoia, egoera fisikoa neurtuko duten zenbait probetan maila minimoak ematea eta eman ezean suspentso eta egoera zuzentzera bidali? Zein proba fisiko eta maila aukeratu?

Egia da aspalditik badirela eta irakasle askoren artean erabiltzen direla test talde batzuk sasoia, egoera fisikoa neurtzeko. Baina nire uste apalean gehiago daude errendimendu fisikoari begira osasunari baino. Gorputz Heziketan, ordea, egungo curriculumean berebiziko garrantzia du osasuna lantzeak, osasuna sendotzeko lana egitea. Eta osasuna sasoiarekin oso harreman estuan dago. Hortaz, zergatik ez ipini gure azterketetan osasun maila egoki minimoa adierazten duten proba fisikoetan ikasleek maila minimo horiek bete behar izatea? Test fisiko egokiak eta neurri egokiak aukeratuz gero ikasleen osasuna, neurri batean, “kontrolatuko” genuke eta neurri minimo horiek ematen ez dituztenak osasun arriskua dutela ulertuko litzakenez, ikasleei eska liteke aprobatzea, neurri minimo horiek derrigorrez gainditzea edo bestela “suspentso”, ikasle horrek “osasun osasuntsua”, osasun egoera minimoa erakusten ez duelako. Adibidez, badakigu erresistentzia aerobikoa osasunaren adierazle onenetako bat dela. Zergatik ez hartu erresistentzia aerobikoa neurtzen duen testen bat (Cooper, Course Navette edo besteren bat) eta maila minimo bat ematen ez dutenek, “suspentso” eta “errekuperatzera”, entrenatzera bidali (beste edozein irakasgaietan bezala) berreskuratu arte, maila minimoa eman arte?

Honela neurri batean ikasleen osasuna, neurri apalean behintzat, “kontrolatuko” genuke. Helburu garrantzitsua izanik gizartean, ikastetxeetan gure lanak garrantzi eta onarpen handiagoa hartuko luke. Ildo honetatik gogora dezagun, berriz ere, Eurokamarak Gorputz Heziketarako astean 3 ordu gomendatu dituela, hain zuzen, haurren gizenkeria gutxitzearren. Asmo horren haritik, zergatik ez ipini test bat zeinetan adin, sexu eta alturarekiko pisu egokia zein tartetan egon behar duen (beti osasunetik ikusita ez estetikatik) adierazten duena eta hortik behera “suspentsotzat” jo eta pisua zuzentzera bidali?

Noski, zein test fisiko bateria aukeratu eta zein mailak ondo aztertu eta adostasun zabalarekin egin beharko litzateke. Behar bada irakasle guztien eta medikuen parte hartzea beharko litzateke. Eta ondoren irakasle guztiok onartu eta aplikatu. Nire iritziz, ikasleen osasuna kontrolatzeko proba fisikoak (zientziaren aldetik egokiak eta guztiengatik onartuak eta aplikatuak) ezartzea oso garrantzitsua izango litzateke eta gure irakasgaiaren ospea asko handituko luke gizartean eta ikastetxeetan heziketa helburu oso garrantzitsua gure ardurapean izango litzatekeelako. Eta honetarako ez dugu Hezkuntza sailaren edo beste norbaiten baimena beharrik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario