Páginas

viernes, 21 de mayo de 2010

1 BATXILERGOA : A zatia

GORPUTZ MUGIMENDUAREN ANATOMIA ETA FISIOLOGIA

Giza gorputza oso "makina" konplexu baina zehatza da. Natur ingurunean bizi ahal izateko eta beste gizaki eta izakiekin harremanetan jartzeko ongi prestatuta dagoen makina. Giza gorputza, bizitzeko funtzio garrantzitsuak (arnasketa, liseriketa, ugalketa, esate baterako) betetzen dituzten eta elkarren artean ongi koordinatuta eta eraginkortasunez lan egiten duten organo, sistema eta aparatuz osatutako multzoa da. Funtzio nagusi horietako bat MUGITZEA da, gorputza bere baitan mugitzea edo leku batetik bestera egitea.

Mugimendua, Gorputz Heziketa irakasgaiaren ikasketa eta lan eremuan kokatzen da. Bistan da, giza gorputzaren mugimendua nolakoa den ikasteak gure irakasgaiaren helburu garantzitsuenen artean egon behar duela. Hortaz, gai honetan gorputz mugimenduarekin zerikusia duten organo, sistema eta aparatuak ikusi eta landuko ditugu. Beste hitzetan esanda, giza anatomian eta fisiologian murgilduko gara, beno, hauen zati zehatz batzutan. Mugimenduarekin lotuta ez dauden gainontzeko sistema eta aparatuak (ugalketa aparatua, hormon sistema, eskrezio sistema eta abar) Natur Zientzia irakasgaiaren zeregina denez ez gara horietan sartuko.

Berrikuspen gisa, komenigarria izango zaigu zenbait kontzeptu gogora ekartzera. Anatomia, gorputzeko zati desberdinak nolakoak diren, beren egitura aztertzen du eta Fisiologiak zati horiek nola funtzionatzen duten. Giza gorputzean zelula hartzen da egitura eta funtzio unitatetzat. Mota eta itxura askotako zeluletaz osatuta gaude, funtzio desberdinak egiten dituztelarik. Funtzio berbera duten eta elkartuta dauden zelula multzoei ehunak deritzaie. Organuak, berriz, ehun mota desberdinez osatuta daude. Funtzio bat burutzeko antolamendu komuna duten organoek sistema osatzen dute. Bihotza organoa, adibidez. Besteak beste, gihar eta nerbio ehunak dauzka bere baitan eta, era berean, zirkulazio sistemako partaidea da. Askotan sistema beharrean aparatu hitza erabiltzen da (nahiz eta erabat baliokideak ez diren).

GORPUTZAREN SISTEMAK

Giza gorputza elkarri eraginez eta helburu desberdinekin lan egiten duten 8 sistema oinarrizkoetaz osatuta dago. Sistema bakoitzak eginkizun berezia betetzen du. NERBIO SISTEMA, gorputzaren ekintzarik gehienak kontrolatzen dituena da. HEZUR SISTEMA, hezur eta artikulazioetaz osatuta dago. GIHAR SISTEMAren bitartez lortzen da gorputzaren milioika zelulak elikatzea eta gorputza mugitzea. Elikagai horiek ZIRKULAZIO SISTEMAren bitartez zabaltzen dira gorputzan zehar. Sistema horrek berak garraiatzen du zeluletaraino ARNASKETA SISTEMAK lortzen duen eta zelulentzat derrigorrezkoa den oxigenoa. UGALTZE SISTEMA, bestalde, gizaki berri bat sortzeko dago. IRAIZLE SITEMAK (ESKREZIO SISTEMA ere deitua) gorputz osoa bere hondakinez pozointzea galerazten du. Sistema bakoitzak ezin du funtzionatu berak bakarrik. Koordinatuta egon behar du besteekin, horretarako zentzumen organo eta HORMON SISTEMAz baliatzen direlarik.

Gure helburura itzuliz (giza mugimendua aztertzea) eta aurreko terminologia erabiliz, mugimenduaren ardura nagusia hezur sistemak eta gihar sistemak osatzen duten aparato lokomotoreari zor zaiola esan behar da, nahiz eta nerbio sistemak zuzentzen dituen. Are gehiago, aitortu behar da ere ezinbesteko laguntza jasotzen dutela arnasketa, zirkulazio eta liseri sistemengandik.
Gorputza mugitzeko (osorik edo zatiren bat) giharrek uzkurtu egin behar dute. Uzkurketa horretarako, batetik, giharretara nerbio sistemak bidalitako uzkurtzeko agindua heldu behar da. Eta bestetik, zirkulazio sistemak arnasketa sistemak airetik hartutako oxigenoa eta liseri sistemak lortutako elikagaiak, giharretara eramaten ditu (odolean garraiatuz) azken hauek lan egin ahal izateko gaiak baitira. Giharrak uzkurtzerakoan hezurretara zurdetatik lotuta daudenez, aldi berean, hezurrak ere mugiaraziko dituzte (artikulazioetatik) gorputz mugimendua sortuz.

Ondorengo orrietan, banan-bana, mugimenduan parte hartzen duten sistema nagusienak sakonkiago aztertuko ditugu.

Gorputz mugimendua nagusiki aparato lokomotoreari zor zaiola esan dugu. Aparato lokomotorea bi sistemaz osatuta dago: hezur sistemaz eta gihar sistemaz.

1- HEZUR SISTEMA

Bi motatako elementuak agertzen dira: hezurrak eta artikulazioak.

HEZURRAK

Gorputzeko zati gogorrak dira. Bere funtzio nagusienak hauek dira: gorputza eustea, organo garrantzitsu eta biguinak babestea eta gorputzaren mugimendua ahalbideratzea. Mota desberdinetako hezurrak daude eta guztiek osatutako multzoari hezurdura deitzen zaio. Gizakiaren hezurdurak 206 hezur ditu. Jaiotzen garenean hezurrak nahiko biguinak izaten dira baina piskanaka-piskanaka, denboraren poderioz, handitzen eta gogortzen joango dira.

ARTIKULAZIOAK

Artikulazioak bi hezur desberdinek elkarrekin topo egiten duten lekua da. Nolabait, hezurrak artikulazioetan elkartzen edo batzen direla esan daiteke. Artikulazioek gorputz mugimenduan duten garrantzia handia da puntu horietatik mugitzen baitugu gorputza. Artikulazioetatik tolesten gara, okertzen gara, makurtzen gara, biratzen dugu eta ibiltzen gara.

Artikulazioak hiru motatakoak izaten dira:
- artikulazio finkoak, "sinartrosis" deritzanak,
- artikulazio erdimugikorrak, "anfiartrosis" deiturikoak eta
- artikulazio mugikorrak, "diartrosis" izenekoak.

Gorputzaren mugimenduaren ikuspegitik, noski, azkenak dira interesgarrienak. Sinartrosi artikulazio adibidea argiena burezurra edo garezurreko hezurrek osatzen dutena da, elkarren artean ongi lotuta baitaude eta ezin dira mugitu. Anfiartrosi motako adibide aipagarriena bizkarrezurra da eta diartrosikoen artean ukondoa, orkatila edo belauna aipa daitezke.

Artikulazioen zatiak: Hiru nabarmen ditzakegu:

Kartilagoak: Kartilagoek artikulazioa osatzen duten hezur muturrak estaltzen dituzte edo-eta bi muturren artean kokatzen dira. Beren funtzioa artikulazioaren mugimenduetan elkarri urratzen ari diren hezur muturrak ez gastatzea da. Adibide ezagunenetakoa belauneko meniskoa litzateke.
Kapsula artikularrak: Artikulazioa kanpotik biltzen duen eta barruan likidoa duten poltsak dira. Mugimenduari laguntzen diote eta hezur muturrak elkar ukitzea oztopatzen.
Lotailuak: Hezurrak lotuta mantentzen dituzten "lokarri" elastiko baina “hauskaitzak “dira.

Giza gorputzeko artikulazioak: Nagusienak aipatuko ditugu, beti ere, giza gorputzaren mugimenduatik begira.

-- Buruko hezurrak finko lotuta daude, masailezurra ezik. Giza enborrean bizkarrezurra azpimarra daiteke. Artikulazio bakarra baino, ornoek elkarren artean binaka osatzen duten artikulazio multzoa da. Bi edozein orno arteko artikulazioak mugikortasun eskasa du, baina guztiak elkartuz bizkarrezurrak nahiko malgutasuna azaltzen du. Bizkarrrezurrean hiru zati bereizten dira: goiko aldeko, lepoko ornoei zerbikalak deritzaie eta burua enborretik mugitzeko eginak daude. Erdi aldekoei, orno dorsalak deitzen zaie eta gorputz enborra tolesteko (makurtu, atzera egin edo alboetara okertu) eta biratzeko eginak daude. Beheko ornoak, lunbarrak deiturikoak, mugikortasun txikiena dutenak dira baina pelbisaren eta enborraren mugimenduetan parte hartzen dute.
-- Besoetan lau artikulazio nabarmentzen dira: sorbalda, (lepauztaia, omoplatoak eta humeroak osatua), ukondoa (besahezurrak, ulnak eta erradioak osatua), eskumuturra eta eskutako behatzetakoak.
-- Hanketan, berriz, hauek ditugu: aldaka (izterrezurra eta pelbisak osatua), belauna (barnezurra, peronea eta femurrak osatua), orkatila eta oinetako behatzetakoak.

2- GIHAR SISTEMA

Jadanik, behin baino gehiagotan esan dugu aparato lokomotorea hezurrek, artikulazioek eta giharrek osatzen dutela eta goputz mugimenduaren arduradun zuzenak direla. Nerbioek giharrei uzkurtzeko agindua bidaltzen dietenean hauek uzkurtu egiten dira. Giharrak hezurretara zurden bidez lotuta daudenez, aldi berean, hezurrak ere mugitzen dira gorputz mugimendua gertatuz. Bestetik, giharrak dira ere, beraiek uzkurtzerakoan indarra sortzen dutenak.

GIHAR MOTAK

Giharrak zelulez osatuta daude. Bi gihar mota edo bi gihar-ehun mota dagoela esan daiteke: gihar lauak eta gihar zerrendatuak. (Azken hauei estriadoak, eskeletikoak edo borondatezkoak ere deitu ohi zaie). Gihar lauak, nahigabe, gure borondateak parte hartu izan gabe uzkurtzen dira eta beste motatako giharrak baino zelula handiagotaz osatuta daude. Mota honetako adibideak bihotza eta liseri sistemako giharrak dira. Bigarrenak, gihar zerrendatuak, gure borondatez uzkurtzen dira, agindua bidaltzen diegunean. Beraz hauek dira gorputz mugimenduaren eragileak eta, ondorioz, guri interesatzen zaizkigunak. Gatozen ba, beraien azterketa sakonagoa egitera.

Gihar zerrendatuaren anatomia eta fisiologia: Giza gorputzak seirehunen bat gihar zerrendatu ditu nahiz guztiak ez diren mugitzen. Gihar zerrendatua milaka zelulez osatuta egoten da. Zelula hauetako bakoitza oso luzea eta zilindrikoa da eta ENDOMISIO izeneko mintz edo ehun konjuntibo batez bildurik dago. Honelako forma dutelako gihar zelula hauei zuntzak deitzen zaie. Gihar zuntzak faszikulu edo balatan elkartzen dira eta PERIMISIO izeneko ehun konjuntiboak biltzen ditu. Azkenik, bala guztiak elkartuta azaltzen dira EPIMISIO ehun konjuntiboak biltzen dituelarik eta honela giharra osatuz. Beraz, gihar zelula edo zuntzak kable elektriko lodien antzera egituratzen dira, hau da, taldeka bilduta batzuk besteen barrenean.

Azter dezagun, orain, gihar-zelula edo zuntz baten barne egitura. Hiru osagai dauzka: bata, SARKOLEMA; barrukoa biltzen duen mintza da; bigarrena, nukleoa eta hirugarrena SARKOPLASMA; zelula barneko likidoa da non, batetik, metabolismoarekin erlazionatuta dauden egiturak (mitokondriak, ATP, glukogenoa, PC fosfokreatina, lipidoak,...) aurkitzen diren eta, bestetik, egitura uzkurgarriak dauden ehundaka miozuntzatxo deiturikoak. (Gogora dezagun gihar zelulek mitokondrietan lortzen dutela uzkurtzeko behar duten energia, oxigenoa eta elikagaien erreakzio kimikoetatik). Gihar zuntz edo zelula ehundaka miozuntzatxoz osaturik dago eta hauetako bakoitzak bi motatako bandak agertzen ditu, dauzkan bi motatako proteinek eraginda. Proteina hauek AKTINA eta MIOSINA izena dute. Nerbioengatik kimikoki aktina eta miosina estimulatuak izaten direnean, miozuntzatxoak uzkurtu egiten dira eta, ondorioz, giharraren uzkurketa dator. Estimulua desagertzean hasierako luzerara itzultzen dira. Beraz, eta bi hitzetan esanda, miozuntzatxoak beren luzera laburtzerakoan gihar zuntzak ere laburtzen dira, era beran gihar osoa laburtuz. Honelaxe egiten dugu indar eta mugitzen gara.

3- ARNASKETA SISTEMA

Anatomia: Bi zati bereizten dira. Birikak eta arnasketa hodiak (ahoa, sudurra, faringea, laringea, trakea eta bronkioak). Aireak arnasketa sistema, kanpotik gorputza barrura sartzeko eta ondoren kanpora itzultzeko erabiltzen du. Ahotik ala sudurretik sartzen da, ondoren faringea, laringea eta trakea (orden horretan), hiru organoek osatzen duten hoditik barrena igaroaz. Trakea bronkioak izeneko bi tutuetan banatzen da eta bakoitzak birika batean bukatzen du. Itzultzeko, noski, aireak alderantzizko bidea egiten du. Birika bakoitzean bronkioak adar ugaritan eta gero eta txikiagoetan bihurtzen dira azkenean "birika-albeolo" izeneko zakutxo batzuetan bukatzen dutelarik.

Fisiologia: Airea arnasketa sistematik barrena joan-etorrian dabil etengabe. Sistema honen funtzio nagusia arnasgora egiten dugunean irensten dugun aireko oxigenoa (O2) odolera igarotzea eta odoletik etortzen zaion eta hondakina den karbono dioxidoa (CO2) arnasbehera eginez kanporatzea da. Ariketa fisikoa egiterakoan giharrek beren lana egiteko atseden egoeran baino oxigeno kantitate handiagoa behar izaten dute. Horregatik maizago arnas hartu behar izaten dugu.

4- ZIRKULAZIO SISTEMA (Aparatu kardiobaskularra ere deitzen zaio).

Anatomia: Bi zati bereizten dira: bihotza eta zirkulazio hodiak.
BIHOTZA: Bonba baten funtzioa egiten duen giharra da, honela odola etengabe mugitzen duelarik zirkulazio hodietan zehar.
ZIRKULAZIO HODIAK Tamainu eta loditasun desberdinetako hodiak dira. Hauetatik barrena odola ibiltzen da gorputzeko zelulek behar dituzten gaiak eta sortzen dituen hondakinak eramaten harat-honat. Hodi handienetatik txikienetara arteriak, zainak eta kapilarrak ditugu.

Fisiologia: Zirkulazio sistema kanpotik gorputzera sartzen diren gai guztiak gorputzean zehar banatzeaz arduratzen da. Besteak beste, arnasketa sistematik sartzen den oxigenoa, liseri sistematik datozen elikagaiak, hormon sistemak jariotzen dituen hormonak eta abar. Eta gorputzeko zelula guztietara banatzen ditu. Garraioaren arduraduna da, beraz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario