Páginas

sábado, 22 de mayo de 2010

4 DBH : B zatia

ARIKETA FISIKOAREN ANALISI BIOMEKANIKOA

Ariketa fisikoa alderdi askotatik azter daiteke. Horren arabera, irizpide, ikuspuntu edo alderdi bakoitzeko ariketa fisikoen sailkapen desberdinak sortzen dira. Esate baterako, garai batetan ariketa fisikoak sailkatzerakoan honelako sailkapen soilak erabiltzen ziren:
- bururako ariketak
- besoetarako ariketak
- hanketarako ariketak
- enborrerako ariketak eta abar
Edo beste hau,
- jaurtiketak
- borrokak
- jauziak
- oreka ariketak eta besteak

Guk ariketa fisikoaren analisia eta sailkapena egiteko, gaur egun erabilienetakoa den analisi hirukoitza jarraituko dugu (Muska Mosston aditu ospetsuari, batik bat, zor zaiona). Ikuspegi honek ariketa fisikoak honako hiru alderditatik aztertzen ditu:

a) ANALISI ANATOMIKOA: Gorputz mugimendu zehatz bakoitzean gorputzeko zein zatik parte hartzen duen aztertzen du. Horretarako gorputza atal edo zati hauetan banatzen da: burua eta lepoa, gorputzenborra (bularraldea eta sabelaldea), besoak (sorbalda, besoak, ukondoa, besaurrea eta eskua) eta hankak (aldaka, izterra, belauna, zangoa eta oina).

b) ANALISI FUNTZIONALA: Ariketa fisikoak zein kualitate fisiko (abiadura, erresistentzia, indarra, malgutasuna) edo motriz (koordinazioa, oreka) lantzen duen aztertzen du. Adibidez, beso-flexioek indarra landuko lukete eta korrika egiteak abiadura, erresistentzia.

c) ANALISI (BIO)MEKANIKOA: Ikuspegi mekanikoak zein mugimendu mota egiten den aztertzen du. Biomekanikak izaki bizidunen gorputzen mugimendua du aztergai eta horretarako giza-gorputza nerbio-sistemak kontrolatutako eta motorrek (hots, giharrek) mugitutako zuzenki (hau da, hezurrak) multzoa bezala ulertzen du, azken hauek artikulazioetatik mugitzen direlarik. Erreferentzi gisa giza gorputzean oinarrizko hiru plano eta hiru ardatz (planoekiko elkarzutak direnak) definitzen ditu eta mugimenduak plano eta ardatz horiekiko definitzen dira. Hiru ardatz horietatik bat ardatz bertikala deiturikoa da eta gorputzak definitzen duen norabidean kokatzen da, hau da, burutik oinetara definitzen den norabidean. Behin planoak eta ardatzak definitu ondoren, eta artikulazioen mugimendua oinarritzat hartuz, buru daitezken gorputz mugimendu posible nagusienak hauek dira:

FLEXIOA: Flexioan artikulazioa osatzen duten hezurrek elkarren artean hurbildu egiten dira eta osatzen duten angelua txikitu. Adibideak: enbor flexioa, gorputzenborra aurreraka makurtzean; aldaka flexioa, izterra sabelaldera igotzerakoan; beso flexioa, eskua sorbalda aldera igotzea ukondotik tolestuz.

LUZAPENA: Flexioaren aurkako mugimendua da. Hortaz, artikulazioa osatzen duten hezurrek elkarrengandik urrutiratu egiten dira eta elkarren artean osatzen duten angelua handitu. Adibideak, aurrekoen aurkakoak.

ABDUKZIOA edo URRUNKETA: Goraxeago gorputzean definitu dugun ardatz bertikalarekiko urruntzea adierazten du. Abdukzioa gorputzeko zati bat bere artikulazioa mugitzerakoan ardatz bertikaletik urrutiratzean gertatzen da.

ADUKZIOA edo HURBILKETA: Abdukzioaren aurkakoa da, hots gorputzeko zatia gorputzerantz hurbiltzerakoan ematen da.

ERROTAZIOA: Gorputzeko zati batek bere ardatzearekiko bira egiten duenean gertatzen da. Birak bi norantza izan ditzakenez bi errotazio mota definitzen dira: kanpo-errotazioa (bira kanporaka denean) eta barne-errotazioa (barruraka denean).

Jakin badakigu, gorputz mugimenduak artikulazioen mugimenduaren bitartez egiten direla eta azken hauek gihar eragileek mugitzen dituztela. Hurrengo orrietan mugimendua ahalbideratzen duten artikulazio nagusienak banan-bana aztertuko ditugu, bakoitzak zein mugimendu posible egin ditzaken eta zeintzu diren mugimendu bakoitzaren gihar eragile garrantzitsuenak aipatuz.

1) ARTIKULAZIOA: Sorbalda
MUGIMENDU POSIBLEAK: GIHAR ERAGILEAK
Flexioa: deltoideak eta bular-gihar handia
Luzapena: dorsal zabala eta bular-gihar handia
Abdukzioa edo urrunketa: deltoidea
Adukzioa edo hurbilketa: bular-gihar handia eta dorsal zabala

2) ARTIKULAZIOA: Ukondoa
MUGIMENDU POSIBLEAK: GIHAR ERAGILEAK
Flexioa: bizepsa
Luzapena: trizepsa
Errotazioak: besaurreko zenbait gihar

3) ARTIKULAZIOA: Eskumuturra
MUGIMENDU POSIBLEAK: GIHAR ERAGILEAK
Flexioa, luzapena, abdukzioa, adukzioa eta errotazioa: besaurrean dauden eskuko flexiogile eta luzagile giharrak.

4) ARTIKULAZIOA: Aldaka
MUGIMENDU POSIBLEAK: GIHAR ERAGILEAK
Flexioa: iliopsoasa eta kuadrizepseko "recto anterior" delakoa
Luzapena: ipurmasaileko gihar handia eta iskiotibialak (izterraren atzekaldeko giharrak dira, "semimenbranoso", "semitendinoso" eta "biceps femoral" deiturikoak)
Abdukzioa: ipurmasaileko giharrak (erdiparekoa eta txikia)
Adukzioa: aduktorea

5) ARTIKULAZIOA: Belauna
MUGIMENDU POSIBLEAK: GIHAR ERAGILEAK
Flexioa: iskiotibialak
Luzapena: kuadrizepsa

6) ARTIKULAZIOA: Orkatila
MUGIMENDU POSIBLEAK: GIHAR ERAGILEAK
Flexioa: bernazaki aurrekoa ("tibial anterior") eta peroneo aurrekoa
Luzapena: bikiak

7) ARTIKULAZIOA: Bizkarrezurra
MUGIMENDU POSIBLEAK: GIHAR ERAGILEAK
Flexioa: zehiarkariak ("oblicuos" deiturikoa) eta abdominalak
Luzapena: nagusiki bizkarreko dorsalak eta gerriko lunbarrak

ARIKETA FISIKOAREN DESKRIBAPENA

Ariketa fisiko orok bere gauzatzean, hiru une igaro behar izaten ditu bata bestearen jarraian: hasierako posizioa, gauzatzea (=ejecución) (hau da, ariketa fisikoaren mugimendua) eta bukaerako posizioa. Aldi bakoitzeko posizioa edo mugimendua deskribatzeko ohiko terminoak erabiltzen dira. Adibidez,
posizioa: zutik, belauniko, eserita, etzanda (ahozgora, ahozpezka, alboraka), zintzilik, zerbaiten gainean jarriz, kukubilko jarri (=en cuclillas), hanka puntetan, aurrez-aurre, besoak gurutzean, albora begira eta abar.
mugimendua: korrika, ibili, birak, jauziak, jaurtiketak, kulunka (=balanceo), flexioa, luzapena, abdukzioa, adukzioa, errotazioa, ...)

Ariketa fisikoaren analisi biomekanikorako erabiltzen diren elementu batzuk ikusi ondoren, orain praktikari lekua utzi behar diogu. Ondoren aurreko elementuak kontutan hartuz ariketa fisikoaren analisia nola egin behar den azaltzen duten zenbait adibide ikusiko ditugu. Horretarako laburdura hauek erabiliko ditugu: HP=Hasierako posizioa, G=Gauzatzea, I=ariketaren izena, ART=Mugimendua ahalbideratzen du(t)en artikulazioa(k) eta GIH=Mugimendua ahalbideratzen du(t)en gihar eragilea(k)

1) I: Hanka abdukzioa etzanda
HP: Albo batera etzanda
G: gaineko hanka altxa (abdukzioa) eta jaitsi, beti luzatuta dagoela
ART: aldaka
GIH: ipurmasaileko giharrak

2) I: Hanka “flexioak”
HP: Zutik
G: makurtu, belaunak flexionatuz eta bizkarra zuzen mantentzen dugularik ipurdiarekin ia orkatilak ikutzeraino. Ondoren belaunak luzatuz, zutitu, hasierako posiziora heldu arte. Oinazpiek lurrean jarraitu behar dute mugitu edo altxa gabe.
ART: belauna
GIH: kudrizepsak

3) I: Abdominalak
HP: Ahozgora etzanda, eskuak lepo atzean ipini eta hankak (belaunak) flexionatuta.
G: bizkarrezurra flexionatuko du, hots, bizkarra eta burua altxa behar dira.
ART: bizkarrezurra
GIH: abdominalak eta zehiarkariak

4) I: Dominadak
HP: Haga (=barra) batetik zintzilikatuta
G: beso flexioak egin
ART: ukondoa
GIH: bizepsak eta dorsalak

No hay comentarios:

Publicar un comentario