Páginas

jueves, 11 de febrero de 2010

GAIA: 3 DBH / Garbitasun ohiturak


Garrantzitsua da osasunerako jarduera fisikoa egiterakoan, eta egin ondoren, gutxienezko garbitasun neurri batzuk betetzea. Eta pixkanaka edozein kirol edo ariketa fisikoan jardun ondoren, neurri horiek ohitura bihurtu beharko ditugu.

               DUTXA

Edonolako jarduera fisikoan jardun ondoren, oso komenigarria da, beti, dutxatzea. Arrazoi asko dago horretarako. Dutxatzea, batetik, oso osasungarria da: gorputzak izerditzean kanporatzen dituen toxinak eta hondakinak garbitzeko, gainera erori zaizkigun hautsa eta zikinkeria kentzeko, izerditu ondoren gorputzaren tenperatura jaisten denez negu hotz hauetan gu ez hozteko, eta ariketak egin ondoren giharrak, zurdak eta organo guztiak (uraren berotasuna dela-eta) lasaitzeko, lesioak uxatuz.

Bestetik, heziketa arrazoiak daude: Gorputz Heziketa saietako ariketa fisikoa burutu ondoren ez dutxatuz gero, ondorengo klaseetara izerdi usaia eramaten da, eta irakasleak, batzuetan, kexatzen dira. Dutxak kirats hori kentzen du.

Orain arte aipaturiko arrazoiak nahikoak ez balira, bada bat erabakigarria, eztabaidaezina dena. Dutxatu beharra dago LEGEAK honela agintzen duelako. Oinarrizko Hezkuntzaren (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza barne) curriculuma ezartzen duen 175/2007 Dekretuak, urriaren 16koak, bere 8. artikuluan, 1.- a) atalean, (26044-26045 orritan), Oinarrizko Hezkuntzaren helburutzat jotzen du “...desarrollar, afianzar y valorar los beneficios que suponen los hábitos de cuidado y salud corporales, del ejercicio fisico, de la práctica del deporte, de la higiene y de la alimentación equilibrada para llevar una vida sana...” (Ikus 2007ko azaroaren 13ko EHAA edo buletina). Eta zehazkiago Dekretu beraren gehigarrian, Gorputz Heziketako curriculuma garatzean landu beharreko honako edukia agertzen da: “Garbitasunari, higieneari, ordenari, instalazioei eta materialei buruzko araudiak onartzea, errespetatzea eta erabiltzea. Jarduera fisikoak egin ondoren, gorputzeko higieneari arreta jartzea.” (458 orrialdean)

Dutxatu ondoren garrantzitsua izaten da ongi lehortzea eta barrengo arropa garbia janztea. Beste neurri on bat txankleten erabilerarena da. Norberaren etxean izan ezik beste inon dutxatu behar badugu (kiroldegian, ikastetxean, igerilekuan,...) gomazko zola duten oinetako, txankleta edo sandaliak erabiliko ditugu lurrean eta hormetan izan daitezken onddo eta bakterioen infekzioez babesteko. Arropa eta toallak ez dira elkar trukatu behar. Norberak bereak bakarrik erabili behar ditu eta ez beste inori utzi, kutsatzea ekiditearren. Beraz, dutxatzeko behar dituzuen gauzak ekarri; toalla, xaboia, orrazea, aldagarriak, txankletak, koloniak eta abar. Ile-lehorgailuak ez dituzue ekarri beharrik, ikastetxean badaude-eta.

ARROPA

Gorputz ariketak eta kirolak egiteko, argi dago, arropa egokia behar dela; alde batetik, arina, erosoa, elastikoa eta lasai samarra izan behar du gorputzeko zatien mugimenduak oztopa ez ditzan. Estuegia bada gorputzaren mugimenduekin urradurak eta zauriak sor daitezke. Hortaz, txandala, galtza motzak, kamiseta... egokiak dira eta horregatik onartuko dira, baina inola ere ez, galtza  bakeroak, soinekoak eta antzekoak.
           
Beste aldetik, kirolerako arropak izerdia lurrintzen utzi behar du, izerdiarekiko iragazkorra izan behar du eta aldi berean larruazala oxigenatzen utzi. Ohar hauek guztiek barrengo arroparentzat ere balio dute. Kirol arropa beti garbia eta lehorra mantendu behar da. Bustita egonez gero, hotzetik isolatzeko gaitasuna galtzen du.

Ariketa fisikoa egitera goazenean, ingurunearen tenperatura kontuan hartu beharko dugu. Ez da arropa gehiegi jantzi behar gehiegi ez izerditzeko, baina ezta hotzik sentitu behar ere. Tamaina hartu behar zaio. Tenperatura arruntak direnean, ariketa fisikoa hasi baino lehen, sobran dugun arropa erantziko dugu (behar baino gehiago izerdiaraziko ligukeelako), eta ariketa fisikoa bukatu bezain laster jantzi (gorputza ez hozteko). Gogora ezazue eta ekarri aldatzeko arropa garbia, egunen batean kanpoan ari garela, izerdiaz gain, euriak harrapa baikaitzake eta busti.
           
OINETAKOEI buruz beste hainbeste esan liteke. Gorputz ariketak egiteko oinetako egokiek irrista-gaitzak (zola azpian marrazki egokia dutenak), malguak, izerdiarekiko iragazkorrak eta oina ongi eusten dutenak izan behar dute. Horretaz gain, oso garrantzitsua da kirol-oinetakoek zola egokia izatea. Ez du oso fina ezta oso lodia izan behar ere. Eta era berean, ez du oso gogorra baina ezta oso biguna ere izan behar. Erdipareko loditasun eta gogortasuneko zola da egokiena. Arrazoia hauxe da: korrika egiterakoan oina lurrean ipintzen dugun bakoitzean gure gorputz osoak lurraren kontra talka egiten du (kolpea gorputz osoan zehar hedatzen delarik) eta kolpea ahalik eta txikiena izan dadin zolak elastiko samarra izan behar du. Zenbat eta lur eta lurzoru gogorragoak orduan eta talka latzagoa gertatzen da eta luzarora lesioak (gihar, zurda eta artikulazioetan; hanketan eta bizkarrezurrean kokatutakoetan, batik bat) azal daitezke. Gu ere lur gogorretan (asfaltoan, porlanean) ibiliko garenez korrika, saltoka eta abar, zola egokiduneko kirol-oinetakoak erabili beharko ditugu. Gaur egungo kirol-oinetako askok betetzen ditu aipatutako baldintzak, baina, erne, ez denek. Kontutan eduki hori. Beraz, gure klaseetan kirol-oinetako egokiak bai, baina zapatarik, mendiko botarik ez. (Hala eta guztiz ere, esan beharra dago ordu guztietan, egunero-egunero, kirol oinetakoak janztea ez dela komenigarria, beren material sintetikoek zauriak sor litzakeelako).

Beraz, eta komentatutako arrazoi guztien ondorioz, arropa eta oinetako egokiak ekartzen ez dituenak ez du Gorputz Hezkuntzako klasea egiterik izango eta justifikaezinezko ez-etortze bezala ulertuko da.

Bukatzeko esan, ariketa fisikoa egiterakoan eraztunak, erlojuak, belarritakoa, eskumuturrekoak, giltzak, dirua, sakelako telefonoak eta antzekoak sobran daudela, oztopo besterik ez dutela egiten, eta, gainera, hautsi, galdu edo zerbaitekin trabatuz gero min egin daitekeela beraiekin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario